« Libra zaitez beti azal zurien eraginetik | Nork bere fantasia »
Puntobobo / Itxaso Martin Zapirain / Erein, 2024
Hariak Jon Jimenez / Gara, 2025-06-15
Edozein garaitan gerta daitezkeen egoerak islatzen ditu “Puntobobo” lanak, barne mundura baita bidaia, ezinegonerainokoa.
Ikusgaitz eta finak baina sendo eta iraunkorrak dira ehungintzako puntu oinarrizkoaren harien loturak. “Puntoboboa” deritzo eta Itxaso Martin Zapirain (Donostia, 1981) kazetari eta Antropologian doktorearen azken eleberriari izenburu ematen dion termino sinbolikoa ere bada. Atzekoz aurrerako eta ondokoen artekoak harilkatzen ditu eleberriak. Ama-alaba harreman ezberdin biren istorioak kontatzen dizkigu. Ama, Ixi eta Malenen artekoa, lehena, eta Ama eta Joaneren artekoa, bigarrena. Orobat, biak ari zaizkigu familia bereko emakume ezberdinen minez, maitasunez eta komunikazioaz. Ama eta Joaneren arteko pasarteak elkarrizketa hutsetan oinarritzen dira eta bien erlazio gatazkatsuan diren haustura, sekretu eta gaizki-ulertuen konponbideen atzetik jarriko gaituzte.
Gai hauei gehitzen ahal dizkiegu alarguntasuna, sinesmenak edota erlijioa, indarkeria, aihergatasuna, zaintzaren elkarrekikotasuna, gosea, isolamendua, sufrimendua eta, oroz gain, Itxaso Martinen literatura- eta ikerketa-gai kuttuna den eromena, “Ni, Vera” nobelan eta “Eromena, azpimemoria eta isiltasunak idazten” saiakeran argi utzi bezala. Hala, oinarri horien gainean eraikiko da estreinako istorioa, eleberrian pisu gehien hartuz, gainera; neurriagatik eta, batik bat, kontaketaren gordintasuna emeki-emeki puzten joango delako, bukaera aldera barrenak erabat astinduko dizkigularik.
“Jaio aurretik jakin zuen Amak barruan zeraman haurra [Ixi] ez zela besteak bezalakoa izango. Sentsazio bat zen, ez intuizioa. “Ez da normala izango”. Horrela definitu zuen medikuak haurra, urte bete berritan. Zuk ulertzeko, dena berandu egiten duen haurra da”. Edozein garaitan gerta daitezkeen egoerak islatzen ditu “Puntobobo”-k (Erein, 2024), barne mundura baita bidaia, ezinegonerainokoa. Kanpoko mundu maskulinoak —senarra, apaiza, irakaslea eta dendaria horren isla— ezberdinarekiko azaltzen duen gorrotoaren eta zurrumurruaren kulturaren eraginez, gordeleku seguru batera ihes egin beharko dute Ixik eta Amak eta geroago Malenek. Hala, kalea, auzoa, eskola edota eliza bera min-gune bihurturik, etxean isolatu eta gotortuko dira. Hezetasuna eta isiltasuna nagusituko da bertan, errealismo magikotik gertu batzuetan eta orokorrean apaingarririk gabeko estilo zuzen batean eraikitako esaldi eta paragrafo motzek areagotuko dutelarik bakardade eta hertsitasun sentsazioa. Ehungintza izanen da Amaren eta hitz egiten ez duen Ixiren arteko lotura eta azken honen askapen bide ere bai. Etxea eta trikotatzea, historikoki emakumeak baztertuak izan diren esparruak, kartzela eta liberazioa bihurtuko dira, salbamendurako lotune, samurtasunez jositako bide batean.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro