kritiken hemeroteka

8.519 kritika

« |

Borrero txiki bat / Xabier Mendiguren / Elkar, 2025

Nork bere fantasia Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-06-16

Literatura kanpotik

Idatzi dut berriki —literaturaz ari den orrialde hauetan—, irakurtzeari ekin aurretik, “liburuaren gainean erranikoek eragin itzela dute” berau irakurtzeko orduan. Eta, zer esanik ez, are eragin nabarmenagoa haren gaineko iruzkin-interpretazio-kritika bat eginez gero. Horixe gertatu zait Xabier Mendigurenen Borrero txiki bat nobela laburra irakurrita. Eta hori bera igarriko da testu honetan.

Hauxe nobela labur honen sinopsi laburra: “Protagonistak Ivan izena du. Guardia zibil andaluziar baten semea da. Donostiako Intxaurrondo kuartelean hazia eta hezia; baita hirian bertan hazitakoa eta hezitakoa ere. Euskal gatazkari buruzko istorioa da, eta zehazkiago torturari buruzkoa”.

Egileari eginiko elkarrizketa baten izenburua duzu honako hau: “Baketze garai honek oinarri ustel samarra du”. Hori eta elkarrizketako zenbait pasartek, ezbairik gabe, niregan eragina izan dute nobelari ekitean. Hona esaldi horien gaineko aburu zenbait:

— Baketze oinarri ustel samarra? Non? Bakea egiteko “gerra” bat behar du izan, ezta? Gaztaka delako honetan ordea, alde batek ez du “gerra” izan denik onartzen. Garailea, alegia. Beraz, zer bakeaz ari da Xabier Mendiguren idazlea?

— Ideologiak munta handi du literaturan. Literaturak eragin behar du ideologietan. Ordea, idazlearen ideologiaren ildoan eraikitako nobela honek huts egiten du bere oinarritik beretik hasita.

— Literaturak ez ditu egia ez gezurra adierazten, baina nobelagile honen liburu hau existitzen ez den “errealitate” batean funtsatuta dago. Errealitatetatik at dago erabat. Niretzat hala duzu. Ez da aburu kontua.

Oharra: gaiak, euskal gatazkak, hainbat lerro eta paragrafo gehiagorako ematen du. Beude hor. Ekin diezaiogun liburuari; ekin diezaiodan Borrero txiki bat nobelari.

Kokatu aldera

Eleberria lau zatitan gauzatua da. Lehenbizikoan Ivanen haurtzaroaz ari da. 1973an Zamoran jaiotakoa. Donostiako Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuarteleko haurraren bizitza kontatzen da. Bigarrenean, Ivanen nerabezaroa. Hirugarrenen, gaztaroa. Laugarren zatia, Ivanen bizitzaren sintesi moduko bat duzu. Lau ataletan hiru narratzailek osatutako istorioa duzu.

Kuartela, familia —aita eta ama— hiria, eskola, maitasuna, adiskidetasuna, afektibitatea… Kontu korrienteak. Arruntak. Atx, Ivan homosexuala da. Euskal gatazka delakoaren aro hau hasi zenean, 1958 urtean —ETAren sorrerarekin hasi ere—, nobela bateko protagonista homosexuala izanez gero, “bonba” bat ziratekeen. Gaur egun, keinu hori kitsch bat da. Niretzat, bistan da.

Gorka da nobelako pertsonaietako bat —Ivanen aita eta amarekin batera, printzipalena—. Ezker abertzaleko militante-gazte torturatua. Tortura fenomenoa latz erreala ezagutu dugu, baita fikzioan ere. Idazleak berak Oso latza izan da liburuan kontatua. Ivanen nortasunaren gainean ez dut deus errateko, nobelak ez dit horretarako eman eta. Gorkari buruz, berdin antzean. Beno, “bustiko” naiz. Morroi patetikoa da.

Nobelan kokatuta

Nobelan kokatuta? Honen aurrean eserita, alegia. Baiki, eseraldi batean —ordu bat luzean— irakurtzeko modukoa da. Ona al da ezaugarri hori? Txarra? Nobelari adjektibo bat paratu beharrean, hauxe: iniziatikoa. Borrero txiki bat nobela iniziatikoa duzu. Norentzat? Ikusi batez, euskal literaturara hurbiltzen ari diren balizko irakurle gazteentzat. Alegia, Memoria historikoa delakoa egin beharra dagoela eta, Oroimena euskal gatazka dela eta, oroimenerako pieza bat.

Ez da hutsala idazle honek bere buruari jarri dion dema. Omen eta ei. Horrelakoak aditu ditut literatura-solas-gunetan. Alegia, idazlea Intxaurrondoko —kuarteleko— torturatzaile baten semearen larruan paratu da, haren baitan sartu da. Areago, Ivanek berak —nerabe zela— torturan parte hartu zuen. Bai, ote? Bai, noski. Fikzioak dena “onartu” dezake. Errealitateak zer esanik ez. Alabaina —errealitateak errealitate— idazleak “errealitatea” amiñi bat gehiago “arakatu” beharko du, ezta? Xabier Mendigurenek Ivanen taxukoren bat ezagutu al du? Bai ote? Ez dut erran nahi, nobelako Ivanen erabateko antza duen inor. Ez, ez… Protagonistaren soslaiko antzekoren bat, diot. Bego.

Nork bere ikuspuntua. Nork bere arrazoinamendua. Nork bere taxua. Honatx nireak. Borrero txiki bat klixez osatutako istorio eta nobela duzu: Donostia/Ñoñostia. Urgull eta Igeldo. Kontxa hondartza. Pasealekuak eta paseoak. Su-artifizialak. Izozkiak. Nobelaren garaiko Reala futbol taldearen gaineko klixeak. Donostiaz harago: Madril. Beste hainbeste. Klixeak klixe, hara, Ivan protagonista homosexuala da: “Raphael bezala” (ph-z nobelan, une batean). Gazte irakur zale berri balizko horrentzat datu bat: “Miguel Rafael Martos Sánchez: Rafael. Espainiar kantari ospetsua frankismo garaian, eta geroko “demokrazia”n ere bai. Natalia Figueroa Gamboa kazetaria eta idazlearekin ezkondua. Baina, baina, homosexuala izaki? Ironikoa gero!

Ohar pare bat: Rafael Linaresen (Jaén) jaio zen —kontu erreala—; Ivanen aita ere bai —fikziozko kontua—. Natalia Figueroa Gamboa aristokrata Donostian jaio zen. Erreala. Hara, nobela hau irakurtzean ikasi dut hori.

Literaturan kokatu nahian

“Benetako erreferentziak baditu liburuak, baina fikzioa da goitik behera”, irakurri dut hor nonbait. Bai horixe: Lasa eta Zabalaren hilketa. Intxaurrondoko kuartela, Enrique Rodriguez Galindo jenerala dela; Morlans auzoan akabatutako etakideak direla. Ion Arretxe arte-zuzendariaren Intxaurrondo La sombra del nogal… testigantza liburua. Literatura ote? Bai, noski. Oinarria fikzioa denez gero. Beno, ez naiz teman tematuko. Halarik ere, gatazkak gatazka, torturak tortura, aburuak aburu, azken oldar batez ekinen diot demari.

Liburu-nobela honek ez dio gatazka delakoaren demari round bakar bat eusten. Nire uste zuloan, jakina. Nire usteak ustel, gatazka dela eta “erori zenarekin”, artean “erortzen ari denarekin”, “etorri daitekeenarekin”, areago, “erori dakidanarekin”… “bustiko” naiz: nobela hau literaturarik ote? Jakina. Bai. Eta kazetaritza kronika ere bai. Egunkarieraz idatzita. Hemeroteka tarteko lagun.

Xantza duzu irakurle gazte horrek. Nobela hau, nobela konplexuaren klixe guztietatik salbu duzu. Beraz, aitzina.

Pot eman. Pot egin. Pot eginda nago. Azken pot! Poetikaz? Estetikaz? Horien harian eta ariora hitzen bat? Ez dut deus erranen. Ez naiz “bustiko”, hara. Nire kontzientziak ez du zertan euskal literaturaren zaleen kontzientzia inarrosi eta nardatu behar.

Azken hitzak: anglosaxoiek badute Harry Potter. Euskaldunok Euskal gatazka. Nork bere fantasia.

Azken kritikak

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Asier Urkiza

Paziente isila
Alex Michaelides

Nagore Fernandez

Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa

Aritz Galarraga

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Mikel Asurmendi

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Aitor Francos

Urrats galduen hotsa
Luis Garde

Jose Luis Padron

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak