« Kontatzeko moduak | Elvis hil zen urtean »
Tom hil da / Marie Darrieussecq (Karlos Zabala) / Alberdania, 2008
Semea hil zait Karlos Del Olmo / eizie.org, 2008-07-10
Marie Darrieussecq baionar idazlearen lanek beti atera ohi dute zarata handia, darabiltzan gaiengatik ez ezik, kopia edo plagio salaketak inoiz edo behin hurbil samar izan dituelako ere. Lehenengo motako eskandaluen artean, Alberdaniak euskaraz plazaratu zuen Ahardikeriak, bigarrenen artean, besteak beste, honako hau, Tom hil da. Camille Laurens eta Marie Darrieussecq POL frantziar argitaletxeko idazleak dira. Laurensi argitaletxeak duela urte batzuk Philippe deritzon ipuina argitaratu zion. Gaia: jaio eta handik egun batzuetara idazleari berari hil zitzaion semearen inguruko eraikuntza literarioa. Marieri, 2007an, urte batzuk beranduago, Tom est mort plazaratu zioten. Gaia: lau urteko semea hil eta handik hamar urtera egoerari gaina hartu ezinik dagoen amaren hausnarketa. Camilleren salaketek literatur kritikan oso labainkor bihurtu den kontzeptu bat jarri dute indarrean edo bolandan: “plagio psikikoa”, alegia, hitzez hitzeko plagioz harantzago, Camillek adierazi zuen Darrieussecq psikera sartu eta lapurretan egin ziola, emozioak eta sentipenak ostu zizkiola, Marieri ez baitzaio —inork dakiela— seme-alabarik hil. Egia izan ala ez, horrelako salaketei jaramon eginez gero, sormenaren mugak eta arauak legez definitu beharko dituzte legeginek, demandak ugal ez daitezen. Dena dela, argitaletxekoak baionarraren alde agertu ziren —irabazpidea zaindu beharra?—. Bestalde, Naissance des fantômes 1998an idatzi zuenean, Marie NDiaye idazleak bere obrarekiko antzekotasun handiegiak eta literatur zurgatze sasiko halako bat denuntziatu zituen. Salakizunak bide luzerik egin ez arren, beste zalantzazko atetxo bat geratu zen zabalik; zelan edo halan, fikzioaren mugak zehaztearen gaineko eztabaida abian da, hanka joko ikaragarrian, izan ere.
Ezbaiak gorabehera, liburuak tragedia klasikoetako gai bat lantzen du, baina idazleak oso gutxitan darabiltza klasikoen aipuak: oso testuartekotasun eta aipu sistema gaur-gaurkoak darabiltza, irakurle belaunaldi modernoek hurbilago senti ditzaketenak; guztia esaldi luzeegiak usatu gabe, puntillismotik eta inpresionismotik hurbil, izan ere, kontakizun modu ezinago errealista batek abstrakziorako, subjektibismorako atea zabaltzen duelako. Alderdi formaletik, oso bakarrizketa teatralaren aurrean geundeke, alegia, luzera gorabehera, eszenatokira erraz aldatzeko moduko testua da, dramatikoa, barnerakoia, jakina, baina ez melodramatikoa.
Eleberri horrekin Goncourt sarian finalista izan zen Darrieussecq, nahiz eta, aditu batean, lehen irakurraldian, halako idazlan handia iruditu ez. Baina, betiko lez, esaldiz esaldi, sentipenak eta gogoetak metatuz doaz irakurlearen barruan? Idazleak berak elkarrizketa batean adierazia du psikologiaren aurka doazen liburu psikologikoak idazten dituela. Joyceren osteko, mendi berrirako barne idazketa egin nahi du. Idazleak larrimina, zoriontasuna, itsasoa, sein jaioberria, gauzen barnealdea zer diren jakin gura du lehenengo aldiz dastatuko balitu legetxe, eta irakurleei horixe helarazten ahalegintzen da. Irakurleari zera esan gura dio: “Begira, senti, entzun ezazu: hau olatua da; hori, galtzen ari den emakumea; beste hau, pentsaketan dagoen garun bat”. Inpresionistek jendeari erakutsi zioten mundua puntuz eta argi islez eginda dagoela; kubistek, ordea, mundua angeluz eta erpinez ere eratuta dagoela. Gaurko zientziak eta filosofiak dioskutenez, mundua elektroiz, mikrobioz, bakterioz, plasmaz, planetez, klonez eta jolas, seme-alaba, usain berriz eraikia da. Horixe eman nahi dio Mariek irakurleari semea hildako amaren gaiaren bitartez. “Zelan izan daiteke liburu bat ona mundua aurreneko aldiz ikusiko banu legetxe aurkeztuko ez balit?”.
Lehen adierazi bezala, liburuak pelikula edo antzezlan bat daroa barruan, eta garapen dramatiko edo zinematografiko horretan, irakurleak ikusten du zelan jaten dion erru sentimenduaren arrak amari arima apurka-apurka, eta amaian argi egingo du umetxoa hil osteko eretietan jazotakoen gainean.
Itzulpeneko Euskadi Saria irabazitako Karlos Zabala itzultzaile trebearen esku utzi du argitaletxeak lan hau euskarara ekartzeko lana; Marieren aurreko lan euskaratua ere argitaletxe berak plazaratu zuen, baina beste itzultzaile batek emana. Euskal itzulpengintzan gauzak noizbait normaltzen hasten badira, horrelako kontuak ere zaintzen hasi beharrean egongo gara: ahal dela, egile beraren ahotsari eta estiloari itzultzaile bakarraren ahotsa izendatzea komeni da. Itzulpen lantegiaren bikaintasuna ezin ukatuzkoa den arren, edizio honetan zenbait osagaik bazuten, izan, beste orrazketatxo baten beharra, nahiz eta irakurle arruntari pitzaduratxook eragozpen handirik sortuko ez dioten, sentipenak eta edukiak estropezurik barik helduko zaizkiolako.
Guraso batentzat, ez dago gauza tragikoagorik seme-alabak hildakoan, berberak bizirik irautea baino. Itzultzailearentzat, idazlearentzat ere, kontu ezin pozgarriago da seme-alabatzat dituen idazlanak onik hazten ikustea baino, pentsatzea bera hildakoan ere haiek bizirik iraungo dutela. Dena dela, herioa ere, azken buruan, eleberri hutsa da.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres