« Gaua begietara | Beharrezko izatearen beharra »
Festa aldameneko gelan / Mariasun Landa (Jesus Mari Lasa) / Erein, 2007
Bizi lehendabizi Aritz Galarraga / Gara, 2007-12-22
Bat nator Beñat Sarasolak “Berria” egunkarian Festa aldameneko gelan liburuari egindako kritikan aipatu zuen ideiarekin: ez dira ohikoak kontakizun autobiografikoak euskal literaturan, nekez aurkitzen da gisa horretako lanik gurean. Inpresio bera izan nuen neronek ere Mariasun Landaren autobiografiak eragindako kitzikapenaz hausnartzean. Badirudi azkenaldion politikarien propaganda-aparatu bilakatu dela biografien azpigeneroa. Eta autobiografia literarioaren falta egiaztatzeaz gainera, autobiografia literarioaren falta nabaritu ere egin nuen nik, nahiz eta sarri politikarien biografien atzean (azal iluneko) idazleak daudela jakin. Memorien falta, esaterako. Edota egunerokoena. Baina ematen du gure idazleak ez daudela langintza horretarako, beste latitude batzuetakoak bezainbat bederen. Gauza bat da fikzio autobiografikoa idaztea eta beste bat, diferentea ustez, autobiografia literarioa idaztea, autobiografia beste hamaika fikzio posibleren artean idatzitako fikzioa dela jakin arren.
Liburuak eragindako kitzikapena ulertu ondoren (Mariasun Landaren lanei diedan estimuak ere eragingo zuen, jakina), liburuaren irakurketa bera etorri zen. 68ko urrian egin zuen Landak Parisera, eta bertan iragandako lehenengo urtean bizi izandakoen kontakizuna atondu du Festa aldameneko gelan lanean. Maiatzeko gertakizunak iragan berriak, horien olatuak bete-betean harrapatuko du 19 urteko neska gaztea, askatasun (besteren gainetik pertsonalaren) bila eta bizipen gosez abiatu dena. Eta horrela, kontu ugari azaleratuko dira irakurketan zehar, besteren gainetik atentzio gehien eman didatenak idazlearen barne bideetan gertatutakoak izan badira ere: identitateren kontzientzia hartze prozesu mingotsa (espainiarren artean arrotz, euskaldunen artean beste hainbeste) edota mojen altzoan hazia izan den neskaren benetako sexu heziketa (“Jaunaren ministroak ez zuen garaiz atera”).
Ezin ahaztu hirugarren kontu garrantzitsu bat, Mariasun Landa idazlearen hastapenak bete-betean harrapatzen baititu autobiografia honek: “sekretu bat neukan: idazle izan nahi nuen”. Lehenengo ipuinaren idazketa eta ondorengo lotsak, egunerokoan eta eskutitz mordo batean idatzitakoak, gaueko irakurketak? ederra da horrelakoak irakurtzea, gure idazle garrantzitsuenetako baten lumatik. Eta akaso liburuaren meriturik handiena da kontakizunak 19 urteko neska gaztearen ahotsa hartu duela, haren beldur eta zalantzak sinesgarriki erreproduzitu dituela, nahiz eta horrek halako lañotasun bat ezarri dion narrazioari pasarte batzuetan.
Neu ere harritu nau Festa aldameneko gelan honen orijinala gazteleraz idatzi izanak eta, orokorragoak izanagatik ere, konpartitu egiten ditut Koldo Izagirrek “Bazka” aldizkari elektronikoan plazaratu dituen zalantzak (“zergatik argitaratu ote da euskaraz —itzulita— euskal idazleak gaztelaniaz idatzi duen liburua, erdarazkoarekin batera?”) eta hausnarketak (“tamalez edo beharrik, literaturaren mugak ez ditu hizkuntzak ezartzen”). Baina hemen ere bat egin beharra dut Sarasolarekin, ahantzi egiten baita itzulpena irakurtzen ari zarela, zuzenean euskaraz idatzia izan dela uste izateraino.
Simone de Beauvoir-en kontsigna presente izan zuen Mariasun Landak Parisen egindako egonaldian: “bizitza, bizi ahala, nork bere buruari kontatu beharreko istorioa da”. Baita Ernest Hemingway-ren “bizi lehendabizi, gero idatzi” delako hori ere, seguru aski. Autobiografiaren jarraipena irakurtzeko irrikaz amaitu dut liburua. Ateak behintzat zabal-zabalik utzi ditu.
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Maddi Galdos Areta
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Aiora Sampedro
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Mikel Asurmendi
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez