kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan / Stefan Zweig (Edorta Matauko) / Igela, 2007

Beharrezko izatearen beharra Mikel Ayerbe / Berria, 2007-12-23

Stefan Zweig-en Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan (1929) kontakizunaren hasieran, Henriette emakume ezkonduak senarra eta bi alabak uzten ditu ezagutu berri duen gazte batekin ihes egiteko. Ihes hori dela eta, “lagunarte zeharo burgesa” osatzen duten ostatuko bezeroen artean eztabaida sutsu bat pizten da. Tartean da kontakizuneko narratzailea. Eta tartean da Mrs. C. pertsonaia ere. Egun batzuk beranduago, Mrs. C.k aitormen bat egingo dio narratzaileari. Bere buruari ere nekez konta diezaiokeen aitormen bat. Hogeita lau ordu irauten duen gertakizun baten aitormena.

Jada “ile zuriko dama zahar ingeles dotorea” den Mrs. C. berrogeita bi urte zituen egun gatazkatsu hartara itzultzen da. Egun horretan, hilda dagoen bere senarra gogora ekartzen dion Kasino batean sartzen da emakumea eta jokoan ari den gizon gazte baten eskuei begira gelditzen da. Izoztuta. Esku horiek erakarmen saihestezina sortuko dute emakumearengan. Bat-batean, gizon gaztea jokoan dena galtzearekin batera burua galtzekotan dagoela ikusirik, bera salbatzeko behar adierazkaitza sentitzen du. Hogeita lau ordu iraungo dituen behar aseezina.

Edorta Mataukok itzultzen duen Zweig idazle oparoaren bigarren liburua da, duela bi urte argitaraturiko Emakume ezezagun baten gutuna (1927) itzulpenaren ondotik. Gainera, askok idazle austriarraren nobela biribilentzat hartzen duten Xake nobela (1941) ere irakur daiteke euskaraz, Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailearen eskutik. Edozeinetan, bizitza baldintzatzen duten egunen kontaketari sustraietatik heltzen badakiela erakusten du Zweig-ek, pertsonaien azterketa psikologiko zehatzetik abiatuta irakurlea gogoeta egitera behartuz. Sarritan, erabat muturrera eramandako eta itxuraz mundutik aparteko diruditen pertsonaiak izpiritu librearen aldarri bilakatzen dira, garai hartako arau zurrunak garaituz. Bere idazki gehienetan bezala, Hogeita lau ordu emakume baten bizitza honetan ere Zweig-i parte izatea tokatu zitzaion burgesiaren ohitura hertsiak ezbaian jartzen dira. Mr. C.ren hitzak dira: “Hamar ordutan errealitatetik jasotako esperientzia askozaz handiagoa izan zen berrogei urteko bizimodu burgesak emandakoa baino”.

Liburuko pasarte batzuk ilea lazten dutela esango nuke, kontatzen den gertaera ezdeusena ere halako misterio eta erru kutsuz narratzen baita. Kontaketako beste hainbat elementuk giro barnerakoia sortzen laguntzen diote irakurleareari: txikikeriei erreparatzeko ahalmena (eskuen deskribapen psikologiko bikaina kasu); gertaerak hitzez nekez azaldu, baina aitormena behar bezala egiteko beharraren emakumearen erretorika hanpatua (kontatu arte ez baitu onartuko gertaturikoa); jokoak eta apustuek eragiten duten ezinegona (eta galbidea); maitasun grinak eta bulkadak…

Edonola ere, orri gutxitan garatzen den kontaketa honek irakurlea hasieratik harrapatzen du. Liburuko lehenengo paragrafoak disimuluz biltzen du etorriko den guztiaren berri, bizitza mugatzen duten neurriz gaineko grinak gutxien espero direnean iristen baitira. Irakurtzea ere aukeratzea delako. Eta nahiz eta liburu honek ez dion inori bizitza baldintzatuko (edo batek daki), Igela argitaletxeko kalitatearen bermeari erraz eusten diola jabetuko da irakurlea.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak