« Groucho liburua | Basamortuan gal ez dadin »
Eta ez zen alerik ere geratu / Agatha Christie (Koro Navarro) / Igela, 2005
Harrapazank Ander Irizar / Diario de Noticias, 2005-10-30
Hiltzaile bat, leku batean bakartutako pertsona batzuk, korapiloa azkenera arte askatu ia ezina, misterioa…: Agatha Christieren lanen ezaugarri gehientsuenak biltzen ditu Eta ez zen alerik ere geratu honek. Dozenaka hilketa-nobela idatzi zituen autore ingelesak, eta honako hau, Igela argitaletxearen Enigma sailean argitaratu berria, ezagunenetakoa eta hoberenetakoa dugu. Agatha Christiek 1939an idatzi zuen Eta ez zen alerik ere geratu, eta Roger Ackroyden hilketa liburuarekin 1926an gertatu bezala (esan dezagun, bide batez, iaz sail berean argitaratu zuela liburu hori Igelak), nobela honek ere ordura arte misteriozko nobeletan arau ziren batzuk hautsi eta mugarri bihurtu zen. Horrela, esate baterako, ez da agertzen kasua argitzen duen detektiberik, eta justiziak ere ez du hiltzailea harrapatzen.
“Locked room mystery” erako nobelatzat jo dezakegu Eta ez zen alerik ere geratu: pertsonaiak leku batean irten ezinik daude —uharte batean, kasu honetan—, hiltzailea horietako bat da, nahiz eta ezinezkoa dirudien, eta irakurleari datu guztiak ematen zaizkio misterioa argitzen saia dadin —ez du lan erraza izango, hala ere—. Kontakizuna Ingalaterrako kostaldeko uharte txiki batean gertatzen da. Han biltzen dira elkar ezagutzen ez duten hamar lagun, eta banan-banan hilda agertzen hasten dira. Uhartean ekaitza dela-eta isolaturik, beraietako batek behar du, halabeharrez, hiltzailea. Hori jakiteak, eta hilketak iragarrita egoteak, nolabaiteko estutasun sentipena sorrarazten du, eta liburu honek badu, beharbada, Agatha Christieren beste liburu batzuek ez duten thriller ukitu bat.
Esan behar da liburu hau euskaraz argitaratzen den bigarren aldia dela. Aurreko itzulpena Txertoa argitaletxeak argitaratu zuen orain dela hamalau urte, 1991n; orduko hartan, Hamar beltx izenburupean argitaratu zen. Oraingoan, aldiz, mingarria ez gertatze aldera ingelesez nagusitu den izenburuari jarraikiz, Eta ez zen alerik ere geratu izenburuarekin heldu zaigu. Orduan bezala, orain ere, Koro Navarrok sinatu du itzulpena. Hori horrela, pentsa lezake norbaitek ez dela aldaketa handirik egongo, testua berdintsua izango dela. Ez, ba: alde handia dago; askoz ere hobea da oraingoa. Eta hori euskara idatziak azken urteotan egin duen aurrerabide izugarriaren erakusgarri dugu; izan ere, askoz ere finkatuagoa dago euskara idatziaren eredua gaur egun, eta hori, noski, itzulpenetan ere islatzen da. Irakurleak, beraz, ez du aitzakiarik misterio-nobela ezagun honi heldu eta hiltzailea nor den asmatzen ez saiatzeko, baina, betiere, azken orria begiratu gabe…
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria
Simulakro bat
Leire Ugadi
Ibon Egaña
Bigarren sexua
Simone de Beauvoir
Mikel Asurmendi
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Maddi Galdos Areta
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Aiora Sampedro
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Mikel Asurmendi
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena