kritiken hemeroteka

8.784 kritika

« | »

Ametz / Iker Iurrebaso / Zertu eta Harriketarrak, 2005

Basamortuan gal ez dadin Gotzon Hermosilla / Berria, 2005-11-01

Orain dela pare bat urte, “soto azpiko sotoaz” idatzi nuen txoko honetan bertan, Gari Zuluetaren Riga liburua hizpide nuela. Euskal literatura underground dei dezakegunaz ari nintzen, euskal literatura estandarraren mugetatik kanpo ibiltzearen posibilitateaz, sotoaren azpian beste soto bat eraiki beharraz (“hezeagoa eta ilunagoa beharbada, baina lehiakorkeriatik, editoreen oniritzietatik eta merkatuak ezartzen dituen morrontzatik askea”, neure testuaren aipamena egitea zilegi bazait).

Iker Iurrebasoren Ametz izeneko liburuxka hau kategoria horretan sartzen da bete-betean. Ohiko zirkuitu komertzialetik landa argitaratu dute lana. Ez du atzean inongo argitaletxeren babesik. Arratiako Zertu kultur elkartea (Begitu herri aldizkaria argitaratzen duena, eta duela hiru bat urte Gaizka Amondarainen Ortozik poesia liburua kaleratzen lagundu zuena) eta Lemoako gaztetxea izan ditu bidaide Iurrebasok abentura honetan. Beste aldetik, Igorreko idazle honen estreinako lana dugu Ametz, Arratiako Zantzoa literatur taldeak kaleratzen zuen izen bereko aldizkarian olerki batzuk argitaratu ostean.

Abaroaren epeltasunari uko egitea oso erromantikoa izan daiteke, baina ondorioak ere baditu. Esaterako, liburuxka hau ez da erraz topatzen; liburu-denda batean ez dute horren berririk, bestean badaukate baina ez dakite non jarri duten, eta horrelakoxe komeriak izan ditzake Ametz-en bila abiatzen denak. Hedabideetan, berriz, liburuak ez du oihartzun handirik lortu, pentsatzekoa zenez.

Eta tamalgarria litzateke Ametz oharkabean igarotzea, benetan merezi baitu. Liburuxka xumea da, neurri txikikoa, eta 34 orrialde baino ez ditu, baina, lehen esan bezala, badu mamia. Hasteko eta behin, Iurrebasok bere istorioa kokatzeko sortzen duen giro oniriko eta haluzinatua, non basamortuko biztanleek polo partidak jokatzen dituzten, astoen gainean eta baloi gisa ahari-burua erabilita, eta samuraiek gameluen karabanei eraso egiten dieten. Komikien eta zinema fantastikoaren zordun den giro ero samar eta sinbolismoz beteriko hori da, ene ustez, narrazio honen lorpenik handiena.

Istorioari dagokionez, Ametsen ibilbidea kontatzen digu Iurrebasok. Nola Amets Ametz bilakatzen zaigun; eta nola bilakaera hori gertatu ahal izateko basamortua zeharkatu behar duen Ametsek eta lurrazpiko atea igaro, literaturan hainbeste aldiz agertzen zaigun iniziazio-bidaiaren ideia berriro sortuz eta moldatuz.

Bidaia horretan, mota askotako pertsonaiak eta gertaerak kausituko ditu Ametsek. Egoera eta pertsonaia batzuen jite absurduak istorioa desitxuratu eta itotzeko arriskua bazegoen, baina Iurrebasok ederto saihestu du arrisku hori, narrazioa umorez zipriztinduz eta irakurlea harritu eta ezustean harrapatzea lortzen duten zenbait osagai han-hemenka barreiatuz. Idazkera jostariak eta onomatopeien erabilera neurtuak ere laguntzen dute bururik gabeko saiakera zapuztua izan zitekeena irakurlearentzako gozamen iturri bilakatzen.

Uste dut dagoeneko argi geratu dela liburua gustatu egin zaidala. Eta ez soilik ekimen txalogarria iruditzen zaidalako, edo Iurrebasok soto azpiko soto horretako beste adreilu bat jarri duelako lantxo honekin. Hemen literatura dago, oraindik ere irakurlea txunditzeko gaitasuna galdu ez duen literatura. Apala, xumea nahi baldin baduzue, baina literatura, bizia, gordina, ausarta. Merezi du, laster egitekoa den Durangoko azokan, itzal eta ospe handiagoko beste lan batzuen artean, liburuxka honen xerka ibiltzea edo begitu@topagunea.com helbidera idaztea informazio eske. Ametz basamortuan gal ez dadin.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak