kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Bekatuak / Ana Urkiza / Elkar, 2005

Love, love, love Iñigo Roque / Gara, 2005-11-05

Bekatuak. Ana Urkizak berak aitortu duenez, bekatuen zerrenda eguneratu nahi izan du kontakizun laburrotan. Horrenbestez, liburua sail handitan antolatuta dator, bekatuen inguruan. Zer dira bekatuak, baina? Arau-hausteak, ezin onartuzko egintzak, kontzientziaren lorrak…?

Liburuan, ia hirurogeita hamar kontakizun labur biltzen dira. Batzuk istorio laburrak dira; beste batzuk, lau lerroko aforismo antzekoak edo pasadizoak.

(“Nuria eta Rikardoren arteko zoriona perfektua zen: hitzik gabea”); beste istorio batzuk liburu osoan zehar agertzen dira, kukuka. Joseba-Itziar-Almuhud hirukotearen gorabeherak, esate baterako, liburuko sail guztietan ageri dira. Itziar eta Almuhuden arteko harreman grinatsua izan zen gaztetan, baina Itziar, azkenik, betiko mutil-lagunarekin esposatu zen, Josebarekin. Joseba sorgortuta ageri da kontakizun guztietan, soraio, ezerk benetan eragingo ez balio legez. Itziar, horrenbestez, ezin izan da zoriontsu izan senarrarekin, eta Almuhuden oroitzapena betiko atxikiko du, izan zitekeena, ezin izan zena.

Gainerako kontaeren artean, badira ateraldi eta pasadizo umoretsuak, topiko oso zabalduez baliaturik barre goibela eragin nahi digutenak: gizonezkoen galtzerdi zuriak, lasterregi korritzen den lasterkaria, ezkutatzen den ezkontza-eraztuna. Beste batzuek, berriz, zer pentsatua eman nahi dute, batik bat emakumezkoen halabeharraz diharduenean (amamaren mantalaz, amaren bakardadeaz…).

Bistan denez, bikoteen arteko harremanak gailentzen dira ia liburu osoan. Izan ere, narrazio gehienetan senar-emazteen arteko arazoez, ezin ulertuez eta makurraldiez jarduten du idazleak. Alde horretatik, badirudi liburua hanka-motz dagoela, jendarteko harremanen aniztasunak ez duelako ia islarik narrazioetan. Eta antzeko eskema berritzen da orririk orri: ezkonberritan bozkario betean ziren andrazkoen desilusioak azaltzen dira, hasierako itxurakeriaren ordain tristea.

Liburuak ideia eta ikuspegi interesgarriak ekarri arren, arnasa falta dute kontakizunek (bortxaketaz aritzean, are nabariagoa da premia hori). Luzeago jardun beharra agerikoa da, pertsonaia lauegiei bolumena emateko, eta, horrenbestez, anekdotan barik, pentsamendu konplexuagoetan irakurlearen enpatia bilatzeko. Izan ere, topikoetarako jaidurak trakestu egiten du emaitza. Hainbeste kontakizunen artean, horratik, ezinbestekoa da pasarte batzuk beste batzuk baino motelagoak izatea, baina, ororen gainean, nahitaezkoa da tonu egokia aurkitzea, eta nago egileak ez duela erabat lortu. Izan daiteke ments izatea egoera berriak eta harremanen gai unibertsala aurkezteko beste molde batzuk, harrigarriak, gogoeta eragiteko. Arazoa izan daiteke irudi maiztuegiak darabiltzala idazleak: mutil-lagun italiarra; lohi sentitzen delako gorputza narritatzeraino garbitzen duen neska…

Zergatik Bekatuak izenburua? Segurutik, idazleak ahalegin handia egin duelako bere iritzi moralak agertzeko, gaizki eginen adibideak aurkezteko, garantzeko, “Begira zer gertatzen den” esanez bezala, denok dakigun hori begietara emateko, eta batzuetan ez zaigu atsegina.

Eta liburua gazi-gozo joaten da, esaldi dramatikoak eta eztiak gainazpikatuz, halako efektu berezia sortzeko. Horra hor liburuaren koska, tonu egokia al da horretarako? Edo nola aztertu maitasuna edo bizikidetza berba bitan? Irudi du batzuetan maitasunaren absolutuak ez digula harago begiratzen uzten. Irudi du maitasuna kezkagai bakarra dela. Eta ingurukoak? Denek al dituzte lana, etxebizitza eta osterantzeko beharrizanak asebeterik?

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak