kritiken hemeroteka

8.508 kritika

« | »

Analfabetoa idazle / Agota Kristof (Eskarne Mujika Gallastegi) / Alberdania, 2020

Literaturan ardaztutako autobiografia Irati Majuelo / Berria, 2021-01-17

Ezaguna da Agota Kristofen lana Euskal Herrian, nazioartean punta-puntako idazlea izan gabe ere, gurean behin baino gehiagotan euskaratu baitira haren liburuak. Arrakastatsuena, zalantzarik gabe, Koaderno handia. Eskarne Mujikaren eta Alberdaniaren arteko elkarlanetik iritsi zaigu, berriz ere, hungariarraren idazki hau, hil aurretik idatzi zuen azken aurrekoa, hain zuzen ere.

Kristofen argitalpenik intimoena, autobiografia txiki bat ontzen dute testua osatzen duten 50 orriek. Hamaika kapitulu laburretan egituratua, bere bizitzaren zertzeladak islatzen ditu, eguneroko eszena txikien sinpletasun eta bortizkeriaz, argazki mugikorrak balira bezala. Bizi-ibilbide pertsonalarekin batera, ordea, XX. mendeko Europaren zatitxo bat irudikatzen du. Bigarren planoan, baina etengabeko eragin ukaezinaz irauten duten historiako gertakizun esanguratsuak aurkituko ditu irakurleak Kristofen anekdota eta hausnarketetan: II. Mundu Gerra, Hungaria sobietikoa, Stalinen heriotza, Europa ekialdeko atzerriratze-prozesuak.

Alabaina, batez ere, literaturari lotutako biografia da. Lau urteko neskatila baten irakurzaletasunarekin (“gaixotasun sendaezinarekin”) hasten den hari bat, deserrian frantsesez idaztera beharturik dagoen emakumearenganaino eramaten gaituena. Tartean, amonari kontatutako istorioak, barnetegiko malkoek idazten dituzten poemak, zapatak ordaintzeko antzerki-obrak idazten hasten den nerabea, fabrikako makinen erritmora idatzitako bertsoak, argitaletxeen ukoak. Finean, bizitza oso bat letra artean. Kristofek berak dioen gisan, idazle izateko “idatzi egin behar baita, jakina. Gero, idazten jarraitu behar da. Baita inori interesatzen ez zaionean ere. Inoiz inori interesatuko ez zaiola uste dugunean ere”. Suitzara erbesteratua, frantsesez mintzo bai, baina irakurri eta idazteko gai ez dela ohartzean, idazle analfabetotzat jotzen du bere burua. Ondorioz, bereziki kezkatzen dute ama-hizkuntzaren galerak eta atzerriko hizkuntza berri batean idatzi beharrak.

Estilo lehor eta artifiziorik gabean, gogortasuna darie Kristofen hitzei. Esaldi motz eta lauak erabiltzen ditu; testuingurua lau xehetasunekin baino ez du kokatzen, eta muinera jotzen du zuzenean, agertu nahi duena itzulingururik gabe adieraztera. Konplexutasun handiko gaiak lantzen ditu, hala ere. Kasu honetan, identitatearen garapena ohikoa ez den argitasun batez erakusten du, testu autobiografikoan barna, gertaerez gain, ni baten eraikuntza nola gertatzen den ikus baitaiteke gutxinaka-gutxinaka, hitz urri eta aukeratuekin. Bizitako garai eta paisaiek moldatutako nia da, baina batez ere bestetasunetik eraikia, Hungariatik ihesi Suitzan lurreratuz geroztik. Hori dela eta, erbesteratzeak eragindako isolamendu eta galerek pisu handia hartzen dute: jaioterriari egindako ukoak, familia atzean utzi izanak, baita egin beharreko hautu linguistikoek ere. Baina, bereziki, literaturan ardaztutako bizitza da Agota Kristofen liburuak islatzen duena.

Azken kritikak

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak