kritiken hemeroteka

8.508 kritika

« | »

Intemperies (babes bila) / Lourdes Oñederra / Erein, 2013

Izateko arrazoi bila Mikel Asurmendi / Berria, 2013-06-02

Bizitzak ez du egitura finkorik, ez egonkorrik. Horregatik edo, preziatzen ditugu nobelak. Formatua dutelako, istorioan barrena garamatzaten egitura —eta arrazoia— eskaintzen digutelako. Horregatik edo, fikzioa eramangarriago egiten zaigu errealitatea baino.

“Intemperies (babes bila)” nobelak formatua badu izan, ez konplexua. Sinplea. Euskarri nahikoa, Lourdes Oñederrak barnean daramana bere buruari adierazteko. Bere buruari eta irakurleoi aldi berean. Idatz molde laua du, xumea. Idatzitakoa ez-idatzia bezain iradokigarria duzu.

Luzia da nobela errealista honen protagonista. Topikoa da esatea nobela errealistak autobiografikoak direla. Haatik, hala begitandu zait. Ez dut egilea ezagutzen, baina Lourdes suma dut Luziaren baitan. Luziaren larruan.

Ezbaiak ezaugarritzen du iraganeko Luziaren izaera. Bai. Ez. Ezjakintasuna. Ez nahikotasuna. Errua egozten dio usu bere buruari. Emakumeak, gizonaren aldean, bestelakoak dira Eva eta Adamez geroztik. Bestela hezi dituzte. Luziak berrogeita hamar urte bete ditu, eta emakume “besterik” ez denean —ez bikoteduna, ez ama— beste bide bat urratzen hasi da. Errealistatzat jo dut, eta erromantikotzat ere jo daiteke nobela.

Victor pertsonaia da egituraren bigarren euskarria. Eva hirugarrena. Victorren eta Luziaren arteko maitasun istorioak gorpuzten du nobela. Eva, berriz, nobelaren euskarria ez ezik, berau uztartzen duen pertsonaia da. Maitasuna da istorioa mamitzen duena. Hiru pertsonen artean egituratuz doan maitasuna. Intemperies-etan baitabiltza. Hirurak.

Luziak iragana badu, Martin senarra ohiarekin gauzatua. Ama ere badu. Iragana eta presentea da ama. Ama(k) iragana, oraina eta geroa d(ir)a. Luzia, baina, ez da ama. Julia da Victorren iragana. Alarguna da Victor. Alaba badu, baina ez du izenik.

Evak izena badu. Iragan ezezaguna du, baina, afasia baitauka eduki. Atentatu batek eragin zion garun paralisiaren ondorioz, ez du hitz egiten. Ama eta aita galdu zituen orduan. Eva hitz egiten entzun nahi du Luziak, baita haren iragana ezagutu ere. Denborak berebiziko garrantzia dauka pertsonaion bizitzan. Espazioak ere bai. Espazioa eraldatua izan arren, beti itzul gaitezke, nolabait, ibilitako espaziora. Iragan aldira ez gara inoiz itzuliko, ordea.

Luziak eta Victorrek bizitzaren mingostasuna dastatu dute. Modu ezberdinez, haatik. Luziak Martinekin piztu zuen maitasuna itzali izanaren mina darama. Victorrek, berriz, Juliarekin partekatutako maitasuna minbiziak eraman izana. Harrezkero, denbora ez da berdin iragan bientzat. Evarentzat, berriz, denbora eta espazioa bestelakoak bilakatu dira.

Istorioa ez da geureganatzen zaila, gertatzen dena ulertzea ere ez. Egunerokoa du transmititzen. Eguneroko bizitza, ordea, besterik gabe, ez da samurra. Denborari neurria hartzea zaila baitzaigu. Gertaera arruntek, pertsonaien nortasunek eta horien inguruaren deskribapen orekatuek egiten dute nobela hau erakargarri. Oñederraren pertsonaiei gertatzen zaienak eta eurek pentsatzen dutenak balio dute bereziki. Norbanakoak axola du. Kasuon, bereziki, emakumeak. Izan ahal izateko emakumeak beharrezko daukan burujabetasunak axola du, askatasuna lortzeko, ezinbestean, beharrezko daukan lanak beharrak balio du.

Alabaina, euskaldunok ere deskribatzen gaitu idazleak, xumeki. Labur. Donostiaren gaineko iritzia eskaintzen digu, eta, batez ere, “euskal gatazkaz” espresuki idatzi gabe, iragan berrian jasotako mina helarazi ere. Evak daraman mina. Luziak daraman mina. Lourdesek daraman mina barruraino sarrarazten digu. Nobelaren arrazoia Luzia izaki.

Azken kritikak

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak