kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ezezaguna helbide honetan / Kathrine Kressmann Taylor (Ramon Etxezarreta) / Erein, 2003

Genero epistolarra aldarri Patxi Zubizarreta / 111 aldizkaria, 2022-10-21

Beharbada ez da oso ezaguna Katherine Kressmann idazlea. Portlanden —Oregon— jaio zen, 1903. urtean. Publizitate arloan lan egiten ari zela, Elliot Taylor-ekin ezkondu zen eta New Yorken “Story” aldizkarian argitaratu zuen “Ezezaguna helbide honetan” kontakizun laburra. Beharbada Kressmann Taylor idazlea ezagunagoa da, hain zuzen ere gaitzizen horrekin argitaratu behar izan zuelako bere narrazioa: argumentua gogorregia izan, nonbait, emakume baten izenean agertzeko.

Beharbada “Address Unknown” edo “Ezezaguna helbide honetan” esakunea ere ez da oso ezaguna. Gutunak idaztea —eta jasotzea— usadio zaharkitua den honetan, beharbada argitu beharra dago ohar horrekin adierazten dela hartzaileak ez duela eskutitza jaso, muzin egin diola, edo helbidea aldatu duela, eta posta zerbitzuak igorleari itzuliko diola gutuna.

Ipuina 1938. urtean argitaratu zen eta harrezkero hainbat bertsio ezagutu ditu, guztiak ere arrakastatsuak: aldizkariak, liburuak, antzerkia… Genero epistolarraren adibide gorena da eta San Frantziskon arte galeria bat zuten bi bazkide lagunen ibilbidea du ardatz, batez ere haietako bat Alemaniara itzuli, eta nazismoak eragingo dion aldaketaren ondorioz. Elipsia baldin bada literaturaren baliabiderik funtsezkoenetako bat, nekez aurki daiteke adibide hoberik: zenbat, zein sakon eta, batez ere, zeinen asaldagarri adierazten duen hain elementu gutxirekin.

“Ezezaguna helbide honetan” 2003an plazaratu zuen Erein argitaletxeak. Katherine Kressmannek dio pasadizo bat izan zuela narrazioaren abiapuntu: antza, bi adiskide zintzo Estatu Batuetatik Alemaniara itzuli ziren eta, luze gabe, nazismoa berenganaturik, Kaliforniara bueltatu ziren batean, lagun judu ohi bat ikusi, hura gaitzetsi, eta bizkarra eman zioten. 2003. urtean Euskal Herrian ez zen giro. Ez zen kasualitatea izango liburua Ramon Etxezarretak euskaratu izana. 2022. urtean munduan ere ez da giro. Eta ez da kasualitatea liburu hau izatea gomendio.

Esan beharra daukat bi hamarkadotan denbora arin igaro dela, baina liburua inondik ere ez dela zahartu, eta edizio berritu baten beharrean dagoela; itzulpenak ez duela laguntzen testuaren zirrara etiko-estetikoak sentitzen. Esan beharra daukat izenburu eredugarri eta kuttunenetakoa zaidala, eta goitik behera irakurri, aztertu eta barneratu dudala. Eta, zentzu horretan, aitortu beharra daukat kontakizun hau “Hiru gutun Iruñetik” nobelarako baliatu nuela, bereziki lehen atala egituratzeko —testua jatorrizkoaren zordun da eta aipua, halaber, haren erakusgarri—. Irakurleari biziki gomendatzen diot irakurketa ustez arin hau eta literaturazale amorratuari edo idazketa lantegietan dabilkeenari itzulpenak erkatzea aholkatzen diot, eta aipatu nobelako atala gainbegiratzea, dramak drama, literatura dibertimendu moduan ere nola eraiki daitekeen ikusteko.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak