« Jaiki eta hartu mikroa! | Genero epistolarra aldarri »
Sed quia sua / Iñaki Segurola / Erein, 2020
Ona bere gaitzekin Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2022-10-21
Aurreneko partea
1/ SED QUIA SUA. SEGUROLA. Maiuskulaz. Iñakirik gabe. Baizik-eta berea delakoz. Alegia deus ez! Behinola elkarren ondoan eseri ginen mundu honetan, Donostiako banku publiko batean. Viktoria Eugenia antzokiaren alboan. Azpeititik landa. Hiriburuan. Hura eszenografia! Panpoxoa gero! Bego. Behin mundu honetatik —bizitza honetatik?— joan ostean, areago hurbildu naiz zure liburuetara, Iñaki. Tentuz eta zuhur. Baizik eta euren hizkuntza zurezkoa delakoz. Zurezko, harrizko, burdinazko. Euskal estiloak ordea, bitxi-arina behar luke izan. Halaxe izan dadin komentario honetan.
2/ SED QUIA SUA. SEGUROLA. Saio hau ezin da komentatu, QUOUSQUE TANDEM…! OTEIZA saioa hizpide hartu barik. Behin eta hasteko: bi liburuen azalean dago analogia. Ez Jorgerik ez Iñakirik. Bietan bertsolariak daude. Liburu desberdinak dira ordea. Erdal profetak (Oteiza) Ensayo de interpretación estetica del alma vasca eskaini zigun. Euskal hizkuntzalariak Hizkuntza honek zer dioen antzemateko saioa eman digu, adiskide.
3/ Honatx SEGUROLAri OTEIZAren aldean nik adituak: Oteizak hutsean gauzatu zuen bere ustea. Segurolak ere hustean gauzatu du berea. Alta bada, badago zerik, badago alderik. Oteizak uste potoloetan poto egin baitzuen, Segurolaren ustez. Bertsolaria endelegatu ez, eta euskal hizkuntzaren hutsetik hizkuntza osatu nahi izatea ere! Arranopola. Arraroa da euskalduna. Harraroa erdal profeta. Behialako bertsolaria BECtsolaria dateke gaur egun. Harraroa hau ere. Izan ere, harra izan emea izan, extintc-aroan geratu bide zen euren jakituria. Hor nonbait!
4/ Hizkuntzatik ari zaigu Segurola, liburu honetan. Mundutik baino gehiago, hizkuntzatik. Liburua anarko-abertzalea da, berak dioenez. Eta bada esatea. Gure Ipar-ekialdeko abertzaletasuna hobetsi du definizio horretan. Lurra funtsezko gaia izaki. Hala berean, hasmentatik gaztigatu gaitu: letra-kuntza nagusitu da gure munduon. Ez hitz-kuntza. Besterik erranik, jakintza gailendu zaio jakituriari.
5/ Iñakik hizkuntzarekin jolasten du. Olgetan-benetan aritzen da jolastean. Besterik da jokatzea. Olgetaren etimologiaren arrastoan, Holgazanear hitzean kausitu dut jatorria. Alabaina Vaguear sinonimoaren bigarren adieran erreparatu dut: alderrai ibili. Halaxe ari gara, gabiltza hobeto erran, euskaldunok gure hizkuntzan, noraezean. Tira, ez da euskaldunon ezaugarri soila. Halaxe ibili da ere Segurola. Aritu dela esatea hobe, nik huste. Oteizak paratu/eskaini zigun artefaktu adinakoa begitandu zait honako hau, Segurolarena. Nahasmendua itzela da euskal hizkuntzan, eta, beraz, halatsu saio honetan.
6/ Bidean bide, hainbat hizkuntzalarien arrastoan ari zaigu Segurola: Koldo Mitxelena garaikidearekin, baita euskal jakintsuen azturetan harramazka ere: hala nola Axular, Oihenart, Barandiaran, Azkue… Lekuko batzuk baino ez dituzu horiek, izenetan luzetsi ezinik orain eta hemen. Haatik, hori dialektika baino ez duzu. Izan ere, gu orain eta hemen ari gara. Saiogilea euskal hizkuntzatik ari zaigu eta gu haren bidean. Nahasmenduan, baiki, baina euskal usadioen aztarrenetan betiere.
7/ Errana dut, baina berriz ere erran behar: Extinct-aroan sartutako hizkuntza batez ari zaigu, ari gara. Saiogileak dioena berresten dut, besterik ez. Segurola euskal gogotik hizkuntzaren ideia desmaskaratzen ari zaigu. Ohar bat: gauza bat da hizkuntza eta bertze bat hizkuntzaren ideia. Guk eraikitako ideia, hots. Konparaziora: on iritzia eta gaitz iritzia (oniritzia/gaitziritzia). Horra bi hitz osatuen bilakabidea. Euskal izen zaharrean gorroto hitza beharrean gaitz-irizte erabiltzen zuten. Egilearen aitorpen bat:
Hizkuntza munduan dago eta ez dago.
Mundua hizkuntzan dago eta ez dago.
8/ Nahasmendua aitatu dut, aipatu dut. Hobetsi(a) bigarren hau (sic). Hizkuntzaren nahasmendua hiztunen harremanen andeatze edo nahaspilatzearen ondorioz dateke. Nahaspilatze hori hizkuntza munduan ezartzean gauzatzen bide da. Baina, hizkuntza munduan ez badago, ezta mundua hizkuntzan (euskal profeta honen hustean) bitasuna ezinezkoa da. Barandiaran ataundarra “desautorizatzen du” Segurolak. “Ez du izenak egiten izana”, diosku azpeitiarrak. Labur zurrean berriz ere, euskal hizkuntza ipuinek ERE osatu dute. Mitologiak badu bere zera. Euskal mitologiak zera badu, argizagirik baina gutxi edo eskas izan ere. Erdal gogotik kontatua izan baita sarritan.
9/ Izan ere, “gogoa zer edo nondik norakoa den”. Gogoa eta argia biak baltzuan paratu dizkigu: “Gogoa argi? Argi gogo?”. Saiogilea fisikan barrena sartu da, bada. Atseden hartu dezagun. Hats etena behar dugu eta Segurolari segitzekotan. Neke on bat behar ere, hizkuntzaren errana aditzekotan. Segurolaren gaztigua berriz ere. Liburu hau ez da euskal gogoeta, baizik eta euskal gogoa eta hizkuntza. Oteizak euskal gogoeta nahi zuen. Euskal hizkuntza baina eskas zuen erdal profetak.
10/ Hizkuntzari aditzea ez da gauza samurra. Gaia ez da gauza. Horregatik, besteak beste, ezbai-kari ari zaigu hizkuntzalari hau, ezbaikariki! Adibiderako honako hau ere: inork uste al du euskal egia bat dagoela, jaunak eta andreak? Egia huts potzoloa da gero, ikara du berekin. Egia ez baita ezkontzen bizitzarekin, bizi-praktikarekin. Ondorioa hauxe, nirea: hizkuntzan ari garenean ez gara egiarekin ari. Hizkuntzaz ari garenean, hots, hizkuntzaz hizketan, munduaz jarduteko aukera bat sortzen dugu. Baina ez gara egiatik ari, hots, ez gara errealetik ari.
11/ Errealetik aritzeko, denbora eta espaziotik aritu behar da. Eta gu, andreok eta gizonok, espazio-denboratik at gaude, erreala iritsi ezina da-eta. Otoi eta arren, jainkozaleei lehenbizi eta mesedez eta faborez zientziaren egia dutenei: hau ez da hizkuntza zaharra eta ez berria izatearen onura ez gaitza. Gaitza onuragarria ere baita. Hizkuntza aditzeak egunero ogia behar luke izan. Kontua ez da inora joatea, etortzea baizik, ogia egunero datorkigun legez.
12/ Hamabigarren paragrafoa aurreneko parte honetan. Hamalau izan litezke, Arantzazuko Oteizaren apostoluak bezala. Denok gara apur bat hamalau. Hitzen etimologiarekin topo egiten dugu, oztopo, tupust eta talka ere egunero. Segurolarekin goaz bidean, baina joatea ez da aski, ez nahikoa, hizkuntzan aritu behar da. Denbora eta espazioa, unea eta gunea deskribasmatzen ari gara. Dakiguna eta ez dakiguna osatzen, guztia gauzatu aldera. Horixe gaia. Harria gaia nola, halaxe da hizkuntza hau: harrigarria. Harrigarria nola ez izan, Oteiza tartean izanda. Ezer ez. Hutsa. Hutsa dena da. Eta gu, Segurolaren bidaide, ezin beti gogaide, “denaren eta ez denaren” aditzaile gara. Odolaren mintzoa gogaide, mintzoaren odolak gogaituta? Liburu hau, ezein liburu gisara, hasi eta buka, harrespilaren hasiera eta bukaera nola, autolaguntza liburua da hizkuntzan. Gure buruari laguntzeko betiere. Horren ustetan eta hustetan ari gara.
Bigarren partea
1/ The Great Transformations sasoiaz ari zaigu saiogilea, Karl Polanyren The Great Transformation liburu kari. Iragan mendeko hasieran eraldaketa sano handia eman zen politikan eta ekonomian, “kontinente zaharra” deitzen dugun honetan (Oharra: eufemismoa izan ezean, Europa izendatzeko disfemismoa ote den nago). Ikaspena: (giza)gauzak diru(gai) bihurtu ziren. Ordurarte baino areago pentsu dut. Segurola hizkuntzan zaigu eta hauxe ondorioa: aldaketa diogunean aldatzen ulertu behar dugu. Ez da samurra haren azalpena, baina aintzat hartu dio/t/gu. Gure izatena eta gertatzena alderatu ditu. Solasak jolasa dakar. Zera lar erabili/erabiltzen dugu euskaldunok gauzak izendatzean, LARREGI, alabaina euskal hizkuntzan eta gogoan munduko zerak ez dira gauzak beti izan. Munduan gauzak daude, alta bada, Segurolaren hustetan, extinct-aroaren aitzin, gauzak gei/gai ziren. Azalpena, berriz diot, ez da samurra. Ondorioa hartu dugu aintzat: Great transformation euskaran hauxe izan zen: munduko zerak (gauzak) jakinak eta eginak dira, itxita. Aldiz, tzekoak (gaiak) zabalik daude. Eraldatzen betiere. Transformatzen.
2/ Hitzetan ekonomizatu beharra dugu. Horixe Segurolaren proposamena: “Hizkuntza izan/esan nahi-behar-ahal batzuk” da “ez itxi-gatzatu-jakin-eginak”. Gauza(k) ordezkatzen ari du gai delakoa aspaldi. Euskal gogo zahar eta betikoan mundua ez da a-gauzaz baizik eta tzeko-gaiz osatuta. Asmoa eta gauzatzea, biak dira tzekoak/gaiak. “Gauzatzea=ezgaitzea”. “Zer gaitik?”. Azterlan baitezpadakoa berea. Zaila nik adieraztea. Ondorio bat: gure gai hitzak asmo ere adierazten du. Maitasuna, iraultza, ezina… hitzak ditu aztergai. Horixe bere asmoa. Ikaspena: euskal gogo zaharretik iraultzaren desgauzatze bat proposatu zaio munduari. Izan ere, ia beti, iraultzaren gauzatzea desgaitzea izan da giza historian. Polit(ik)a hauxe: “Ezina ekinez egina” delakoaren ordez “ahal denean nahi dena, eta ezin denean ahal dena”. Ezbairik gabe, hizkuntza politikaz mintzo zaigu Segurola. Dena da politika, oinarrian, politika ekonomia da. Hitzetan ekonomizatu behar dugu, naski!
3/ Aurrerago —Segurolareneant aurrera eta atzeraren tempoa aldatzen da— gaztigatu bezala, euskal eromen batean erortzeko arrisku koxkorra daukagu. Hizkuntzari leku gehiegitxo eta munduari leku gutxiago opa baitiogu. Segurola anarko-abertzaleak saio anarko-abertzalea nahi du egin. Euskal gogoaren berrasmatze lanetan ari zaigu. Norabide horretan ondorio batera iritsi da: gogoak gogo, materialismo gogorra idealismo gogorra da ezinbestean. Galdera franko pausatzen dio bere buruari, larregi onerako. Bere galdera existentzialak izateaz beste, insistentzialak dira. Hizkuntzan ariz erotzeko arriskua areagotzen zaio munduarekiko tematzen denean. Areago justiziaren eremuan sartzen denean. Gomendioa: patxada ona bezalako gairik ez dago. Gauza baino gaia lehenesten du, eta zer gatik azaldu ere bai.
4/ Normaltasuna eta zoramenaren arteko zati-banaketa ofizialaren arabera, “fikzioa” eta “ez-fikzioa” ez bereiztea litzateke nahasmenduaren agergarria. Segurolaren ustez, euskal kulturkuntzak ere fikzioa eta ez-fikzioa bereizten ditu, ez behar bezala ordea. Fikzioa deitzen duguna “asmatu deskribatzea” da eta ez-fikzioa berriz, “deskribatu eta asmatu”. Aldea dago. Aldea dagoenez, osoa, guztia eta dena adierazteko unean. Great transformation eman da euskal hizkuntzan. Guztia dena da gaur egun. Dena guztia da. Alta bada, ez da beti hala izan. Euskal hizkuntzan eta gogoan guztia ez da dena izan eta dena ez da guztia. Guztia da dena eta ez dena. Metafisikan sartu gara, hutsa da gaia. Labur zurrean: guztia/osoa igaro da dena eta ez dena izatetik dena izatera.
5/ Dena eta ez dena, ez da saio honen funtsa guztia. Baina dena eta ez dena dira saio honen guztia. Saiogilea ezbaikaria duzu beti. Dena huxkeria da, baina berak dena eta ez dena arakatu du, erotzeraino arraskatu ere. Dena ez dago inon, denetik ere ez dago inon. Eta denerako ere ez. Orduan? Hauxe. “Dena eta ez dena” ez da logikoa (ezta txukuna ere), baina egia da, nonbait. Aldiz, “dena” oso da logikoa eta txukuna, baina gezurra da nonbait. Ikaspena: euskal meditazio edo gogo-biltze bat deskribasmatzen ari gara Segurolarekin. Munduaren ekialdetik ari gara elikatzen egun, izan ere, mendebaleko “arrazoi harrotua” nagusitu baita: harrazoia. Ekialdeko filosofia aintzat hartu du azpeitiarrak: Yang eta Yin delakoetan, dena eta ez dena kausitu daitezke, edo alderantziz, ekialdetarrek dena eta ez dena-z osatu zuten beren filosofia. Yin: dena, harra. Yang: ez dena, emea. Hizkuntzaren bidez filosofatzen omen da. Halaxe gu ere, Segurola bidaide.
6/ Bidaide bai, gogaide izatea besterik da alabaina. Musikan izan ezik matematikan bat egin behar baita inoren gogaide izateko. Hizkuntza ez da aski pertsonon arteko sintonia erdiesteko. Logikan bat etorri behar da. Eta hori erdiesteko euskal gogo zaharra berreskuratu —bergogoratu— beharko genuke. Kasu/kontu baina: gogo garaitua eta irendua da egungo euskaldunona eta haren azpian gaizki errotu izan ezik, erotu gaitezke. Harrespiletara itzultzea litzateke kontua. Bai ote? Horren sinplea al da? Segurolak ez garamatza Akademiaren ildoan, bere jarduna ezjakintasun argitzailea da, ez jakintza nahastailea. Natura bazter laga genuen nonbait. Antzinako euskal gogoak natura behatzen zuen.
7/ Dena eta ez dena, naizena eta ez naizena. Segurolaren bidean hauxe argitu dugu. Norberak badaki zein den, zer den jakitea ordea, ez dakigu, ez horixe. Besteek dakite zer garen, eta gure etsaiek dakite hobekien. Euskal gogo zaharra ekarri digu adibide: “Aunitz maite ez duenak aunitz definitzen du”. Oharra. Bere jarduera ez da gure erlijio baten barrunbeak argitzea. Kristau teologia kontra-ispilu bat da bere jardunean. Dena ona/zuzena dela dioen edonori behar bezala ihardukitzeko.
8/ Gizaki ar eta emeekiko asuntoa potoloegitzat jotzen du Segurolak. Asuntoa gaia da. Afera hots. Yin eta Yang berriz auzi da. Ezbaikariki. “Hartze arra” ei da eta “emate emea”. Jolasean ari zaigu. Euskal jator sinesberak zernahi (etimologia) sinesten baitu. Ikaspen (h)onekin geratzen naiz neroni: gizona “dena” lortzeko dago, emakumea “dena eta ez denera” zabalduta dago. Gizona den-a besarkatzeko egina dago, den-az jabetzeko. Baina, den-a edo den hutsa, huskeria da: dakeria. Segurolak, Iñaki umea zenaren pasadizoa ekarri digu gogora. Konpotarik ez: dakeria bai gogotik. Amarekiko sesioa. Semearen desioa. Irakurri adiskide hori. Liburuaren azalean dagoen Lazkao Txiki, Lao Tse gisara har genezake. Eskolak hondatu gabeko euskal estiloren bitxi-arina. Herria ere hartzen du hizpide Segurolak. Luze joko behar nuke, segi zuk zeuk, balizko irakurle. “Dena zara niretzat”. “Dena ematen baitut herriaren alde!”. Zertarako segi? Bi hitz, segitzearen aurka izanik ere. Errealitatea bilatzen genuen —erreala egia ote?— eta orain irrealtasunez enpo gaude. Nazka-nazka eginda, izan ere. Oharra: Segurolaren ariora, desbokatu naiz. Euskal gogoa ez da nirea ageri denez. Euskal gogoaren jabe banintz desbokatu ordez, “zoratze” bidean nindoake. Saio gaitza da berea, baina artean ez naiz erotu alafede.
9/ Jakinduria eta jakintza. Horratx saio honen paradigma nagusietako bat. “Dena eta ez denarena” dugu beste bat, lehenago adierazi legez. Jende sanoak ez du zientzia maite, beraz, jakintza ere ez. Jakintza legearen menpe gauzatzen da. jakintzak uste izan du XX. mendera arte, munduko gauzak, objektuak, “hor” zeudela, “bere horretan” ikasiak izateko. Jakituriak berriz, euskal gogo zaharrekoa, oharkabean, “hor” zeudenak ez ziren gauzak, gaiak baizik. Antzina, gaiei aditu zieten. Zientziak zientzia, natura da gaia, (g)izakia naturala baita. Gizakia natura da. Jakina izateari uko egiten dio. Ihes egiten dio izateari. Edo behiala halaxe zen. Segurolarentzat jakinduria —liburu honetan egon daitekeen jakinduria apurra, gehitzen dut nik—, liburuak “berak esaten diguna” aditzen antzematea da.
10/ Bi definizio, argiak direlakoan: jakintzak jantzi bat ematen dio dakienari eta munduari berari, hots, norberari eta zerberari. Jakinduriak erantzi egiten ditu bai norbera bai zerbera. Baserritarraren eta pasieran dabilen txakur-jabearen pasadizoa itzela da. Irakurri bidaide hori (174. orria). Jakintza arra da. Jakinduria ez zen ezer, eta jakinduria harritua emakumeentzat gelditu zen. Hala diosku Segurolak. Belarrak ditu aztergai. Belarrak gurean emakumeen gai izan dira. Harrapazak/n. Antza, jakintzak azpiratu zuen jakinduria. Antzemateari nagusitu zitzaion atzematea. Atzematea=Harrapatzea. Hurrengo hau aiseago entelegatzen dugu. Jakinduria “probatu eta jakin” zen. Jakintzak berriz “jakin eta frogatu”.
11/ Hamaikatan hartuko dugu atseden. Hats etena. Hamalau izan barik, hamabitan errenditu gara aurreneko partean. Jakituriak “mirariak” zekartzan, jakintzak “ezina”. Euskal gogo zaharretik ari gara elikatzen. Gaiak dira direnak eta ez direnak: sendatzekoak, jakitekoak, esatekoak… Gaia da dena eta ez dena. Errana dago, baina berriz errana enkax. En kax kax kax! Kasurako, adibideak, liburuan. Harrespilari aditzera jarri gaitu Segurolak. Gizaki harrituak gara (zera) eta (Zera) harrigarriaren erdian gaude, gaudelako egotez. Harrespilaren erdian gaude. Wittgenstein du gogaide Segurolak, alegia deus ez. Eta dio: jakintzaren lana da harrimen eta harrigarritasun hori bihotzetik erauztea. Baina, gu ez gaude jakintzan, bertatik irtenak gara arras. Harritu izan ezik, zurtu eta urtu. Zera: harri-zur-ur, haize-su-lur gaude/gara. Basatza batera iritsi gara. Amiltzeko arriskua dago hor. Gelditzea komeni da/zaigu. Euskarak dioskunari antzemateko saio batean ari gara. Bego!
Oharra: bigarren parte honetako oharrek —andana/sorta berebizikoa— osatzen dute “dena eta ez dena”.
Hirugarren partea
1/ Euskarak dioskuna antzematen saiatzen ari gara. Noraino garamatzate hitzek? Edo eraman gaitzakete? Segurolarenean ez da noraino irits daitekeen. Bere lema: “Probatu eta jakinen dugu” da. Ez da heldu mundu-ikuskera deskriba-asmatzeko. Bere hitzetan, hizkuntza batek ez du mundua ikusten, gehienez “mundutxoak” ikusten ditu: puntu eta hari eta eremu batzuk ikusten ditu eta horiek anabasan. Alta bada, esperantzak garamatza munduko ideien eta gauzen gailenera edo eraman gaitzaketelakoan ari gara. Deman eta teman segitzen du horregatik berak. Etsi hitza bidelagun, hauxe: Etsi gaur egun ez da extinct-aro aurrean zena, besterik zen, gaiagoa. Hitzak osatuz joan dira, baita akatsez osatu ere. Osoa den-a da. Eta ez dena akats. Osotik datoz: osasuna eta osagarria. Gure mendebaldeko eta ekialdeko hitzak. Kidekoak naski. Sinonimoak ote? Gaur egun, bai. Horrela darabiltzagu. Etimologian ari gara. Osasunak holistikoa behar du izan, baina osotasun harroan erori gabe. Osagarri berriz, ez da oso den-aren tasuna. Aitzitik, osatzen/sendatzen duen zera da. Eta zer zera da hori? Zer gauza? Zer gai? Zer ur, zer argi… zer…? Ez jakin! Dena den, osasun eta osagarri hitzek osoa eta osatzea daramatzate barnean.
2/ Edonola den ere, hauxe antzeman dugu saioan: Ona ez da beti on. Eta gaitza ez da beti gaitza. Oihenarti aditua ekarri dugu: Ona bere gaitzarekin. Gaitza bere onarekin diogu egun. Ona ere bada handia. Adb.: su on bat. Gaitzekoa ere handia da, ipar-ekialdean bereziki. Beraz, on eta gaitza baliokideak dira. Luze eta sakon aritu guraz gero, liburua irakurri ez ezik, liburuari aditu behar zaio. Kasuon, euskarak dioskuna ederto aditu dugu. Larri, estu, artega, zoro, ero… Badugu/duzu non bazkatu. Adb.: ero hitza (Zuberoan oraino halaxe izaki) “hil, bizi kendu” duzu. Ero, eraite, eraile… Eta azkenean, erail ospetsua sortu dugu, okerreko bidetik sortu ere. Nire burutapena, Segurolaren burutazioaren harian: ohil hitza (egotzi berez, sorreran) hil bihurtu genuen kantu kantari, eta Matalaz hiltzaile bihurtu. Gaitzerdi: hiltzaile. Izan ere, erailea etsaia da beti. Egiazko euskaldunak! Bai zera!
3/ Samur, aiher, itsu… Adb.: samurra biguna edota amoltsua da. Samurtu haserretu ere bada, ipar-ekialdean bereziki. Psikologian “anbibalentzia” deitu ei zaio horri. Ez da harrigarria —munduan— zoratzea. Hartara, hizkuntzan sendatzera heldu gara. Osatzera. Samurra ere erraza da. Ez gaitezen itsutu baina. Itsumena, gaitza baden arren, anbiguoa da, emaztetan itsua dagoen (Axular) eta berez gaixoa. Ikaspena: hizkuntza batean hitz batek bi gauza esaten ditu. Hala beharrez gertatu zen, eta halabeharrez da egun. Fatalismoa ere adierazten duena. Azarea edo zoria —aurrerago aipatua— eta beharra batu dira. Denbora eta espazioa. Alde eta aldi. Arte eta bitarte. Horratx bitasun sorta. Guri orain eta hemen une eta gune zaizkigu axola. Une denbora da eta gune lekua. Herriak, jakituriaren eroaleak, ez zituen biak bereizten, espazioa eta denbora alegia. Jakintsuak, jakintzak, bereizi zituen biak. Hitzak ez zuen bereizten leku-denborarik, berez. Une=leku. Zuriuneak, soiluneak edota sakonuneak lekuko.
4/ Segurolak dioenez, extinct-aurreko garaitik dator Eutsi goiari! esamoldea. Gaur egun Animo diogu. Nihaurk hauxe gehitu nioke Eutsi goiari delakoari. Hau da, zientziak ezarritako jakintza soila gaitzeko, jakinduriaz amiñi bat jantzi aldera: “Eutsi goiari, eta aldian-adian, beheari so egizu, tarteka mugitzen baita”. Gar, kar, behar, gogoanbehar… Hizkuntzari aditzea hizkuntza gaitzea da. Erruz kulpa da, erruz asko da. Lor/lortu, neke/nekatu… Mundua adieraztea “zorion” suerte bat da, hizkuntza bidez alegia, baina guri euskal hizkuntzak “zorigaitza” erakusten digu. Oharra berriz ere: extinct-aroaren aurretik gatoz. Munduaren adierazpenak “zoriona” erakusten badigu ere, Segurolaren aburuz, “zirigaitz” moduko bat bizi dugu mintzatzean, jardutean.
5/ Nahi/behar, ahal/lotsa… Labur zurrean beharrean: nahi diogu eta nahiago ere, larregi erran ere. Hor nonbait. Hala diogu sarritan maiz: nahikeria. Nire gogoeta hauxe: nahikeria nagusitu da gure jardunean nahikaria beharrean. Nahikoa da behar duguna. Beharrean dihardugu halabeharrez, alabaina. Agindu hitza nagusitu da. Euskaraz munduan gaude, baina errealki, euskaran mundura ilki/jalgi gabe gaude. Ekialdera lerratu gara. Alta bada, mendebaldea jagi ere diote/zioten. Gure munduan, munduaren muturretan analogiak daude. Ez da adibide bakarra. Saiogileak dioenez, liburu hau haitz-beheiti metafisiko batetik heldu da. Araban Asparrena Lapurdin Hazparne. Behetik/barren/barne batetik heldu zaigu aditzen dugun hizkuntza. Erdal profetarengana itzuli gara, zirkulua hetsi aldera (hertsi, hetsi, etsi… badago zera hor): goiko, jaungoikoa, txori/zori, jainkoilo… tartean gaude, alabaina cromlech/harrespil/barrunbea bazterretsita gelditu zen extinct-aroaz geroztik: behea eta barrua/barnea uztartzen dituena ezeztaturik. Alajainkoa, metafisikan ari gara. Wittgensteinen abarora ostera ere. Hala bide dabil Segurola. Euskal gogo jatorretik arrozturik, “zoriontasuna” (txori/zori) bilatzen dugu geurez, eta “zorionak” ematen dizkiogu elkarri. Jainko ezinean, jainkoilo bilakatu gara: tximeletak pinpilinpauxan. Pin pi lin, pin pi rinak pi-lore-pipilean pausan. Hiztun pinpirinak gara. Aditu hizkuntzari. Zoria, ona eta gaitza, zoria hegalaria da. Txoriari hegoak ebakitzearen ondorioz, zoriona ez da ona ez gaitza, zoria elbarria da. Filosofia munduaren ikuskera da. Hora Segurolarena. Nire sorgin galbahetik iragazia, naski. Izan ere, zer/zein zen jainko? Zer/zein sorgin? Extinct-aroaz ari naiz, extinct-aro-ostean.
6/ Sasi, baso, larretik gatoz, astoaren behar garaitik. Eskola bizitza zen garaitik, eskola bizitzan zegoen orduan. Txirritari aditzen diogu: sorgin-umea sasiko edo sasikumea da. Herrikume ere deitua. Herria gizabanako izendun edo jakinik gabeko gai moduan harturik. Gaur egun sasia, huts-hutsean, euskal klandestinitatea adierazteko modua bilakatu da. Legezkoa ez den bizimodua, “sasi-bizitza”, “basa-bizitza”, “larre-bizitza”, “astabizitza”. Horixe ote gara euskal hiztunok? Ez dut baieztatzen. Galdera pausatu dut. Gizakiok min gara. Liburu (h)onetan ageri. Euskal min batek bultzatzen/pusatzen du liburu hau argira. Bizimina eta euskal hiztuna kidekoak dira. Bizi eta min hitzek badute gehiegizko zera. Zera da gaia. Mirande Aiphasorho bidaide, bizimin deithu minbizia edota minbizi dehitu bizimina. Minbiziak baditu analogoak: mingaizto, minjale… Jakinduria sarkorra ei dago hor. Jakintzatik ari garenok ez gara horrenbesteraino iristen.
7/ Maite, laztan, lagun… “Ni zure ondoan nago, eta ez dakit besterik”. Maitasunaren aitorpen aparta, Segurolarena. Maitatzeak “onetsi-igurtzi” batean baldin badio, sentiera goitiar sublimehe bat adierazten du, kulturaren eta zibilizazioaren goi-erpinetan egokia. Hori baina extinct-aro osteko maitasunaren adierazle omen zen. Maitatu hitza aitzin, amatu zen. Jainkoa edota lagun hurkoa amatu egiten bide ziren doktrina zaharretan. Eta bestelako maitasun ideala ere, amatuarekin adierazten zen. Gero, kultura goitar erpinduak maitatu ukitzeko kutsu behetarrik gabe erabiltzeko asmatu zuen. Eta finean, lortu zuen maitatu izatea amatu intsentsuztatu haren pare. Alegia deus ez, berriz ere.
8/ Laguna, lagunabar, musu muin… Mundu garaikide ofizialaren arabera, “etsaia” da lagunaren aurkakoa. Segurolak besterik dio. Euskal gogoari ongi adituz gero, lagunaren aurkakoa “ez dagoena” da. Gure munduan, orain eta hemen, adiskideez eta lagunez ari gara. Ez naiz ziur Segurolak bereizten ote dituen biak. Nik bai. “Adiskideok elkar aditzen dugu. Lagunak elkar laguntzen dugu”. Nork bere beharrik edota belarririk. Egia da, mundua “desegokien” zalea da. Gu gara mundua. Demagun, “lasai, lagunak besterik ez gara” esan dezakegu, eta agian, “lasai, bikotea besterik ez gara” esatea egokiago litzateke. Lagunak lagun, “dena eta ez dena” entzun beharra dago. Lagunabarrean bizitzea oso da komeni. Ia aditua izan barik. Bereizi gabe. Besteak bezalakoak. Agian, kontuok bestelakoak ziren behiala. Musu muin. Eskuminak ematen ditugu lagunarentzat, antzina baina eskumuinak ematen zizkioten elkarri.
9/ Argi, itzala. Alua, zakil… Bitasunaz ari gara: euskal gogoan argia eta itzala oso ziren bateragarriak. Ez da zaila ulertzen. Zerbaiten eskean bizien artean agertzen zenari —hildako arima. arima herratua— argia deitzen zitzaion. Eta hala berean, arimaren itzala deitu ere bai. Alua eta zakil bitasunaz aritzeak azalpen luze eskatzen du. Segurolaren hustea lagako dugu hemen: zakilkeria eta alukeria lagunartearen galeratik heldu zaigu. Gizarte gaizki gaizkonduaren garaipena izan ondoren.
10/ Euskaldun, hededun… Nire kolkotik hauxe: euskalduna euskara zuena izan da orain arte. Gaur egun, euskara edukitzea ez da aski, hizkuntza izan arren, hizkuntza erabili ezean ez dago euskaldun izatea. Premisa bat: “Hitza ez da gurea”. “Hitza egin egin behar da”. Herri jakituriatik ikasia. Euskaldun fededun asmatu zuten, jakintza zaleek prefosta. Segurolak haren aldean “euskaldun hededun” lehenesten du, nahiago du. Nik ere bai. Azalpena hauxe: Etnikotasuna hede bat da: hedea ariman eta hedea mihian. Chapeau! Hots, txapela kentzekoa. Argi, Adi, Azti, Sor… Laburrean: hitzen berezko esanahia aditzea komeni da/zaigu. Jakinduria, aztitasuna edota argitasunaren ororen gainetik, azpitik edo paretik at dago. Adibiderako horiek ere. Pertsona argiak leku bat egin behar dio argiari. Izanez ere, igerri/igarri eta ikertu senidetasuna dukete; hizkuntzak ERE konkistatuak izan dira. Gaur egun, hizkuntzak jakin beharrean, hizkuntzak egiten dira, hots, menderatu. “Ezagutu” eta “jabetu” aurretik, menperatu. Jakile, jakintsu… Erran nahi baita: jakile, izaile, ukaile, edukile… izan badira, bagara, baina ahaltsu/ahaldun eskas/urri dira/gara. Jakintza misoginoa da, bai erlijioaren bidean bai zientziarenean. Segurolaren berbetan, beharbada, “misoginia” beharrean “atsofobia” esan beharko genuke. Bego. Edo ikertu zuk zeuk, euskal profetak dioena. Argi, adi, azti ibili, hau da, zur. Zur, zurra eta zuhurra. Euskaldunok harri eta zur aditzen dugu, zur eta lur orobat. Baina, hor gelditu gara. Spinozaren determinismoa antzeman dut Segurolaren jardueran. Kontu hauxe baina: euskaldunok ez dakigu zuraren zuhurtzia edo jakinduria harriarenaren eitekoa den, eite hots, edo lurtarragoa den. Badago zer gogoetatua hor, adiskide!
11. Segurolaren bideak, Jaunaren bideak legez, ezin asmatuzkoak, ezin jakinezko dira usu eta sarritan. Alta bada, ulertezin, ulergaitz, adiezin, adigaitz… diren horiek aditzeko eta ulertzeko ezinez eta gaitzez ari zaigu. Hirugarren partearen hamaikagarrenean ari gara gu, zuk eta biok irakurle hori. Askotxo dituzu, baina aditzeko gehiago badituzu/ditugu anartean eta aurrean. Zoria airean dukegu, zaina gure barnean. Hortxe zotza! Hona, akitzeko, hizkuntzan agitzea posible balitz, letrakuntzan bezala, Segurolak agindu bat utzi zigukeen: gose naiz eta goseak hiltzen/hila nago diogun moduan —letrakuntzan hots— esan dezagun diru naiz eta diruak hiltzen/hila nago. Epitafio baterako eman dit/gu Segurolak. Zuk asmatu hitzak, irakurle lagun hori. Lagundu, hots!
Epilogoa
Liburu on batek ez du azkenik, iruzkin batek bai ordea. Arnaud Oihenarti aditu diogu bidean, adiskide hoskide lagun hori. Ona bere gaitzekin aritu/jardun gara/dugu. Liburu honek ez du tesirik, beraz, ez dut nik antitesirik eginen. Alabaina, ezin gaitzeko sintesi bat egin gabe laga. Lagun harrazoitua bainaiz ni ERE, SEGUROLA. Ez nauzu seguru ere. Hola-hola Segurola, Iñaki. Kontuak kontu, hona nire bi ipuin. Irudimenezkoak. Surrealistak irudiz, baina errealistak funtsean. Liburuko eranskinean direnak legetxe. Irudiak eta haien ene esan-ahalak* segidan:
Bat: Gipuzkoako Beterriko adiskide euskaldun peto-peto batek dioenez, zaila zait laguna izendatzen —demagun bera hizkuntzan ari dela eta ni letrakuntzan—, gauzak argi dituenean “noski baietz” erran ohi du, hots: Claro que sí. Nik, berriz, nire jakintzatik haren jakiturian jardun nahi dudala, “bai horixe” diotsot. Horixe tamala, euskaldunona.
Bi: Iñaki Segurola Izarraitz bidean ari zaigu, haren magalean: Olabezetan, Haitzgoitian. Jakituriaren altzotik extinct-aroa aditu daiteke naski, izarrak eta haitz artean. Honela diosku: “Euskal gogoan ‘helburuak betetzea’ edo ‘helmugara iristea’ gauza arrotza da/zen berez. Orobat ‘zorion betea’ edo ‘ihes betea’ eta abar luxe bat”. Hori malura! Hori zorigaitza! Hau da, “eta abar eta abar luze bat” delakoak sentiarazten didana. Erran nahi baita, Segurolari “un largo etc, etc, etc…” irakurtzea, leitzea, erran nahi baita aditzea. Hona pasadizo bat. “Behinola, Segurolaren akademiako adiskide batek (ez nadin kikildu, Ibon Sarasola hizkuntzalariak, letrakuntzan ditugun onenetan onena, hain ziur), “eta abar eta abar luze bat” delakoa gaitzetsi zuen. Baita hauxe gehitu ere: ‘Konparazione, zer da Iparraldeko Itxaro Bordarentzat “eta abar eta abar luze bat”. Bada, Sarasolak hori erran eta biharamunean, ARGIAko bere zutabean —nire harroan erranik, ni izaki editorea— Itxaro adiskideak ‘eta abar eta abar luze bat’ paratu zuen bere izkribuan. Azpeitiarrak ere hala dio, hala berean: eta abar luze bat. Eta bai, nik nire gogorrean —sortzetiko gorrerian— pentsu dut, etc, etc, etc… ez dela eta abar eta abar luzea, aitzitik, abar andana dira, abar sorta, enbor batetik pusatzen diren abarrak.
Kontuak kontu —kontu guztiak ez dira ipuinak— maluruski, Iñaki Segurola joan zait/zaigu. Nik bidean bide, halako batean topo egingo genuelakoan, galdera hauek nagozu/ditut zuri egin barik: “Nolatan dira Azpeitia eta Azkoitia, hau da, haitz beheiti eta haitz goiti zure/gure eskualdean?”. Hala berean, “nolaz Errigoiti udalerria Bizkaiko erdialdean?”.
Ekialdetik ari nauzu, mendebaldeari so, Segurola jauna. Hizkuntzari adi, hizkuntza lagun. Josefateko zelaian elkar ikusi ezean/ezinean, hor nonbait, izarretako haitzetan ikusiko gaituk naski! Agian.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres