kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Herriak ez du barkatuko / Irati Goikoetxea / Erein, 2021

“Zergatik?” Ibon Egaña / Deia, 2021-05-22

Itxaro Bordak esan zuen Susmaezinak nobela aurkeztean “gutarrak” ez diren biktimei nahi izan ziela ahotsa eman, ETAren biktimei, alegia. Baina euskal kulturak eta literaturak bestetzat hartu duen alderdi horri nola jarri hitzak? Badago fikzio-idazlearentzat gainditzen erraza ez den koska bat hor, eta ez da harritzekoa ETArekiko kritiko izan den euskal literaturak ere etakideen inguruko biktimak eraman izana fikziora sarri. Irati Goikoetxearen lehen eleberriak, aitzitik, ETAk hildako gizon baten alaba egin du protagonista, eta indarkeriaren osteko doluaz, memoriaz eta transmisioaz proposatzen digu gogoeta egitea.

Oihana institutuko arte-irakaslea eta bi seme-alabaren ama da, 40 urteren bueltan dabilena, eta 19 urte zituenean hil zioten aita. Nobelaren korapiloa protagonistak aitaren hilketaren ondorioz izandako bizipenek eta sentitutakoek osatzen dute, eta doluaren zailtasunak, hitz egiteko ezinak eta bizipenei hitzak jartzeko trabek garrazten diote bizimodua, orainaldiaren eta iraganaren artean joan-etorrian dabilen narrazioan. Oihana bere aitaren memoriari eustearen arduraduna ere bada, ordea, eta aitonaren memoria seme-alabei nola helarazi ebaztea dagokio. Alaba txikiaren galderak ditu hor, alde batera, akuilu. Haurren inozentzia eta iraganaren gordina jartzen dira aurrez aurre, baina iruditu zait galdera borobil eta poetikoak egiten dituzten haurren ahots horietan badagoela artifiziotik, klixetik. Eta modu berean egin zaizkit hanpatuegi mina goxatzera datozen hitz eta irudi poetikoak.

Seme-alabei ez ezik, gizarteari ere aitaren memoria nola transmititu ebatzi behar du Oihanak. Orduan egiten da nabarmen eta esplizitu nobelaren asmo didaktikoa. Aitaren memoria berreskuratu nahi duen antropologo bat hasiko zaio, izan ere, Oihanari deika, hainbat elkarrizketatarako hitzordu eske eta, halaber, biktimen arteko enkontruetarako gonbita ere jasoko du. Gertaera horien eta nobelako bigarren mailako harien bidez, ETAren biktimaren alaba bestelako indarkerien eragile eta biktima izan direnekin jartzen du aurrez aurre Goikoetxeak, paralelismo batzuetan behartuak bilatuz.

Aitaren memoria berritzeko jardun horretan, maiz pertsonaiek egiten duten galdera da “zergatik?”, zein ote zen Oihanaren aita hil izanaren kausa, alegia. Goikoetxeak biktimaren pertsonaiari buruzko daturik apenas ematen digun; senideen oroitzapen goxoez gain, ez dakigu haren lanbide, jarrera politiko edo bestelakoez ezer. Eta irakurle gisa ere zaila zaigu galdera horri iskin egitea. Izan ere, idazleak geure galderarekin ere jartzen gaitu aurrez aurre (eta hori iruditzen zait nobelaren alderdi indartsuetako bat): zergatik ari naiz ni ere zergatiari buruz galdezka?

Hildakoari buruzko daturik apenas izateak eta testuinguru politiko-sozialaz informaziorik ez izateak dakar hildakoa biktima soil gisa irudikatzea. Irakurleak harekiko enpatia eta hurbiltasuna sentitzea bilatzen du horrela nobelak, etika unibertsal bat proposatzea, biolentziaren makurra bistaratzea, edozein delarik ere haren kausa edo helburua. Baina nago horrek biktimak lauegi bihurtzen dituela, ertzik gabeko. Iruditzen zait fikzioaren eta are etikaren ikuspegitik emankorragoa litzatekeela, baina beharbada zailagoa, erabat inozentea ez den eta hala ere (edo horregatik) enpatia sortzen digun ETAren biktimen inguruko fikzioa. Bitartean, estimatzekoa da Goikoetxearen apustua eta nobelak geure burua geure galderekin aurrez aurre jartzeko duen gaitasuna.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak