kritiken hemeroteka

8.758 kritika

« | »

Poesia kaiera / Idea Vilariño (Garazi Arrula Ruiz) / Susa, 2019

Bular joria Igor Estankona / Deia, 2019-04-13

“Mikaztasuna sumatzen da bere poema askotan” dio Beñat Sarasolak Munduko Poesia Kaieren 30.a den honen hitzaurrean. Eta hala da, baina erantsi du: “Dena den, bere maitasun poemak izan dira ezagunenak, bereziki Poemas de Amor-ekoak (Maitasun poemak), zeina Onettiri —maitale izan zuenekoari— eskaini zion (lehenengo edizioan). Erraietara zuzenean sartzen diren poemak dira, lehen eta bigarren pertsona soilen bidez onduak. Jada ez poema, adibidez, amodio haustura bati egindako poema zirraragarrienetako bat dugu”.

Pendulua bezala dabil Idea Vilariño (Montevideo, 1920-2009). Garazi Arrula Ruizek bere itzulpen bikainean ez dio kendu bat ere indarrik, ez dio kendu bat ere zaurgarritasunik.

Uruguaiko 45eko belaunaldiko idazlea izan zen Onetti, Benedetti, Vitale, Falco… horiekin guztiekin batera, kritiko garratzak eta sortzaile bikainak denak. Literatura kritikan zein saiakeran —Shakespearek ez zeukan misteriorik beretzat— gailendu zenetako bat izan zen gainera Idea Vilariño. Eta bere herriaren gogoan betikoturik, A una paloma, Daniel Vigliettiren musikarekin eta La canción y el poema, Alfredo Zitarrosaren melodiarekin.

“Munstro bi ginen” zioen Idea Vilariñok Juan Carlos Onettirekin zeukan hartu-emanaren inguruan. Gozo hasi omen zen, okertu ere bai arean, eta gero aztarna mingots baten antzera zabaldu zen bizitzan, obran: “Min hau sutsu nire paretak erretzen,/ nire gauak ahitzen haren gar gorian,/ min hau oihu zarrastatu bat nola,/ ilargi suntsitua./ Min hau, nire bizia, agonia hau./ Min hau, gorputz nirea”.

Liburura ekarritako poema hauek motzak eta intentsoak dira gehienak, nahiz arnasa luzeko zenbait ere tartekatu dituen antologistak. Berba bakoitza dute horregatik klabea, eta irakurketa bilakatzen da emozioen gora-behera ia elektriko bat, ia tristea, ia alaia. Batez ere poema berantiarrenetan (antologia honetara ekarritakoen artean Bart, 1990ekoa) igartzen da joera metafisiko bat ere, sinpletasunaren xerka dabilenaren soiltasuna: “Bart nire ametsen artean/ eskutada bat errauts/ zurekin amodioa egin/ nuen bare eta gozo/ zurekin hainbeste dela/ hainbeste hilda zaudela”.

Idea Vilariñoren poesia artifiziorik gabea da, neurtua eta sotila. Berba bat bestea baino altuago esan barik, gai sozialak zein sentimentalak izan, dena daroa poetak egiaren arlora: konfesio antzeko bat bihurtzen da literatura. Eta, era berean, irudimenaren garrantziaz ere badaki, badaki zeinen beharrezko den amestea: “Egunotako batean/ txantxak amaituko dira/ eta hori guztia/ iruzur hori/ jostailu festa hori/ txotxongilo zikinak/ pailazoak/ izanen ziren bizia”.

Liburua irakurriz-irakurriz ohartu naiz zeinen zabalik uzten dituen maiz poemak, zeinen esanahi aberatsak har ditzakeen edozein piezak. Ahotsa du originala, eta edan arren klasikoetatik edo gura izan arren metrika jakin bati jarraitu, azkenean Vilariñok poesiari libre uzten dio bide berriak urratzen,Charles Baudelaireren erretratu bati begira diotso: “Zu ere bai/ sasikume hori/ zu ere hil zinen/ ni bizi naizen bezala/ bakar bakarrik munduan/ deus gabe/ abandonatua/ zure armazoi gaixoan/ zure traza faltsuan”.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak