kritiken hemeroteka

8.196 kritika

« | »

Bihotz handiegia / Eider Rodriguez / Susa, 2017

Bihotz handiegia Txema Arinas / uberan.eus, 2018-09-06

Itzel gustatu zait Eider Rodriguezen gainerako liburuetan ere topatu nuena berriro eskaini didalako, hau da, estilo propio bat, berehalaxe antzeman eta bereizten den estilo bat, hau da, niaren gainerakoekiko gorabehera malkartsuak, garratzak, atsekabetuak, ozpinduak. Halaber, Eiderrek munduan euren tokia bilatu eta topatu nahi duten pertsonaien inguru-minguruak idazpide ditu, hau da, nola edo hala deserrotuak dabiltzanak hainbat arlotan, gurea bezalako gizarte moderno eta agian gizakien arteko harremanei dagokienez zurrunegi batean balentria ia homeriko bat bilakatzen dena balizko heroiek bere inguruko taldearen arau, lege eta susmo txar guztiei aurre egin behar dietelako ezinbestez benetan libre izatearren. Eta hau guztiau oso ikuspegi literario sotil batetik kontatuak, hau da, aparteko fintasun batez pertsonaien kontraesanak azaleratzeko zertzelada zein xehetasun bakanetan eta batik bat esan gabe adierazten duenaz. Eiderrek liburu berri honetan beste behin ere, baliteke aurrekoetan baino zorrotzagorik, ezin hobeto, maisuki, erakusten ditu gurea bezalako gizarte moderno eta ustez behintzat eroso zein aberats bateko egunerokotasunean topa daitezkeen bataila-leku txikiak, batik bat familiaren barruan suertatzen direnak, jende xeheak bere zoriontasun esparrua, baliteke bake esparrua soil-soilik, lortzearren garaitu behar dituenak. Horrexegatik dugu, liburua izendatzeko balio duen ipuinean, Ixabel bezalako emakumezko bat bere alabatxoaren erreguari men egin behar diona aspaldi dibortziatutako senar ohia zaintzeko eskatzen dionean. Hortaz, Ixabelen bakea hankaz gora jartzen duen eskakizun bat, azken buruan maite dituzunokiko harremanei behar bezala eusteko, sendotzeko edo gutxienez ez moteltzeko, sarritan nahitaez onartu behar dituzun kateak edo zamak noiznahi eta ezustean sortzen baitira, aurre egin behar egiterakoan egiazko drama homerikoak bihurtzen direnak, hain zuzen, batez ere zure iraganari erreparatu behar diozunean ezinbestez. Dena dela, Ixabelek men egingo eta bere gain hartuko du alabak luzatutako erantzunkizuna; baina, horra hor errotiko kontraesana Ixabelek bere senar ohiarekikoa egiatan nola daraman ondotxo jakinda, gainerakoen aldean “bihotz handikoa” bilakatuko duena. Zer esanik ez ezer konpartitzen ez duzun lagun edo auzokoekin denbora alperrik eman behar duzunean zure aurreiritziak alde batera lagata, hots, zure nortasuna nolabait ezkutatuz, eta betiere zure burua tolerantetzat hartze aldera, baina aldi berean eta halabeharrez gainontzekoekiko tratuan berebiziko ezerosotasuna pairatuz zure buruari traizio egingo bazenio bezala, “Belar moztu berria” eta “Urtebetetze festa” ipuinetan bezala. “Pasaiak” eta “Nigandik espero zena” ipuinetan gure gorputzarekin mantentzen dugun mendekotasun harreman ezustekoa bezain beldurrezkoa, hau da, nahitaez mugatu eta nola edo hala gailendu beharrekoa. “Ez duzu ezer arrarorik antzematen?” ipuinean familia arteko tirabirak jorra-bide ditugu, Eiderren begiratu sotila bezala zorrotza, beharbada protagonistaren gurasoekiko apurtxo bat errukigabe, edo gutxienez ez behar beste enpatikoa, batez ere protagonistak berak enpatikoa izateko inolako esfortzu edo saiorik egiten ez duelako.

Eta baldin badago Eider Rodriguezen azken ipuin bilduma hau gainerakoetatik bereizten duen zerbait hori da “muga” kontzeptuaren aniztasuna. Izan ere, mugan idatzia dago, Frantzia eta Espainiaren artekoan, hau da, Eiderri nolabait balio diona bere istorioak oso testuinguru zehatz batean kokatzeko eta honekin batera datozen berezitasun guztiekin, hau da, mugaldean bizi diren pertsonai ezberdinei propio zaizkion ezaugarri identitario edo soziologikoez baliatzeko euren nortasunaren nondik norakoak nola edo hala zipriztintzeko. Eiderrek behin gehiagotan esan duen bezala errealitate politiko edo sozialari uko egin nahi ez diolako intimismoa bere literaturaren ikur bat izanagatik, baina beti ere tantaka edo, azalez, soslaiz, pertsonaien bizipenak edo barne kezkak inoiz baldintzatzeke, beharbada eszenatokiaren atrezzoa bailitzan. Izan ere, ipuinotan agertzen edo sumatzen diren mugak oso bestelakoak dira, metaforikoak gehienbat, geografiak akaso apurtxo bat nabarmentzen dituena, baina ia guztiak barne mugak izaten dira, direla pertsonaiek euren buruari jartzen dizkiotenak, direla pertsonaien ingurukoek hauei jartzen dizkietenak. Ageri da ere pertsonai gehienen ustezko edo balizko muga metafisiko batean bizitzearen sentimendua, hau da, ozta-ozta gainerakoekin fisikoki batera baina gogoz edo arimaz beti aparte.

Emaitza, oro har, ezin asebetegarriagoa begitandu zait intimitatearen literatura maite dugunontzat, hau da, errealitatearen xehetasunetan zein borroka txikietan azaltzen diren epopeia tragikomikoak atsegin ditugunontzat, sotila eguneroko gauza txikietan dagoela uste dugunontzat. Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharrekoa da Eider Rodriguezen begiratua zuhurra, zorrotza, batzuetan mingotsa ere eta baliteke noizbait zenbait pertsonaiarekiko gogorregia dela, honako aipu antologiko honetan bezala: “Iñakiren leialtasun muturreko hark zoratu egingo zuen Ixabel. Baina zer espero zitekeen okindegitik etxerako bidean ogiari muturra inoiz kendu gabeko gizon batengandik”.

Azken kritikak

Maskara baten aitortza
Yukio Mishima

Ibai Atutxa Ordeñana

Emakume gaiztoak
Marilar Aleixandre

Jon Jimenez

Baserria (h)uz(s)ten
Oskar Gaztelu Bilbao

Maddi Galdos Areta

Animalia domestikoak
Esti Martinez

Irati Majuelo

Ni ez naiz hamalau
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Ura saltoka
Juan Kruz Igerabide

Jon Martin-Etxebeste

Oso latza izan da
Xabier Mendiguren Elizegi

Mikel Asurmendi

Su festak
Jon Urzelai Urbieta

Jon Jimenez

Azpimarrak
Nerea Balda

Paloma Rodriguez-Miñambres

Su festak
Jon Urzelai Urbieta

Eneko Barberena

Arrain hezur bat eztarrian
Olatz Mitxelena

Ibon Egaña

Lurraz beste
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Cayo Hueso
Oihane Amantegi Uriarte

Jon Jimenez

Cayo Hueso
Oihane Amantegi Uriarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

2023(e)ko apirila

2023(e)ko martxoa

2023(e)ko otsaila

2023(e)ko urtarrila

2022(e)ko abendua

2022(e)ko azaroa

2022(e)ko urria

Hedabideak