« Biktimaren aurpegia | Heroiak eta traidoreak »
Eta harkadian ni / Anjel Erro / Elkar, 2002
Labur eta zorrotz Igor Estankona / Gara, 2003-03-29
Kontraesana dirudi, baina azkenaldiko poema liburu berritzaileena —modernoa behar bada ez da hitzik egokiena— iturri klasikoetara itzuli den hau berau izan daiteke. Zutabe doriko baten gainean egindako graffiti baten antzera, sakrilegioaren eta bikaintasunaren artean baitabil Eta arkadian ni ausarta, gaurkotasunik gordinenean ere unibertsaltasuna gordetzen dela adierazi gura balu bezala. Berak ere onartzen du hori, XLIX. poeman: “Zertan saiatzen zara, Anakronio,/ Kalimako Alexandriarraren gisako/ epigrama helenikoak idatziz?/ apika zeure iturburua izaten?”.
Borges, Rimbaud, Urretabizkaia, Sarrionandia… gladiadoreen garaikoak izan ez arren liburuan aurki ditzakegun beste erreferentzia batzuk dira. Burlatakoak orain idatzitako poema klasikoen iturburu garaikideak izan daiezke. Egia esan poema asko dude, herena behar bada, idaztearen abenturaz ari direnak, edo poema bat idazteak bere ezdeustasunean duen balioari buruz. Lehenengo poema liburuak sorrarazi dizkion duda oro onartu eta poema bihurtzen du.
Etimologikoki, hilarrietan ezartzeko testu laburra da epigrama. Laburtasun eta soiltasun horri jarraituz garatu zuten epigrama klasikotzat ezagutzen duguna. Liburu honetako poema guztiak ez dira laburrak eta badaude, baita, egloga antzera tajututako elkarrizketak ere. Hala eta guztiz ere, epigramaren hiru arauak konstanteak dira: laburtasuna, zorroztasuna eta ideiak adierazteko indarra. Beste hiru osagai gaineratuko nizkioke nik: bapatekotasuna —edo bapatekotasunaren bilaketa propioa—, behaketa zorrotza eta asmatzeko erraztasuna.
Poesiako Joseba Jaka bekaduna izan zen Anjel Erro, azkengo deialdian. Orain emaitzarekin datorkigu nafarra. Gogoan ditut, lehenago esandakoarekin lotuta, bekadun lanak aurkeztu ziren egunean idazleak aipatzen zituen beldurrak, dudak eta errespetuak, poesia klasikoaren formei heltzeko bere hautua ez zelako, ez, edozelako erronka. Bere buruari ezarritako froga ondo baino hobeto gainditu duela dirudi orain, aberastasunean borobil atera baitzio Eta harkadian ni atipiko hau. Joxe Austin Arrieta epaimahaikidearen hitzak ere apustulari batenak ziren, dudaz eta esperantzaz betetakoak. “Epigrama latindar klasikoen re-make euskaldun oso bitxia” iruditu zitzaion Anjel Errok proiektutzat aurkeztutako poema sorta. Bestalde, “erudizioaren arriskuaz” ohartarazi zuen idazlea. Erudizioarena, ordea, aho biko aiztoa da. Horregatik irakurleak argi izan behar du formaren zurruntasunean handinahi bako poemak ere kabitzen diren liburu bat daukala esku artean, eta dibertigarria suertatzen dela kontraste hori.
Greziar zinikoek harro irakurriko lukete liburu honetako harribitxi bat baino gehiago, esaldi lotsabakoak ez baitira falta. Hala ere, Anjel Errorena ez da zinismo filosofikoa, ezpada egunerokotasunetik edaten duen zinismo herrikoiagoa, gozatzeko eta ulertzeko askoz errezagoa. Bizipen zati txiki batekin ondorio nagusiago batera begira jartzen gaituzten poemak egon badauden arren, gehiago dira, nire ustez, deskripzio soila egiten dutenak.
“Hau horrela da” edo “hau horrela suertatu zen” kontazen ari zaigula ematen du, moralak eta filosofiak egitate horren aurrean duten indar falta ikusgarria gogora ekarriz. Errealitatearen estilizaziorik ez du nahi Anjel Errok. Sirakusako Teokrito bezain hotz idazten du, errealiteak berak sortua ez den berotasuna ez baitzen harentzat berotasuna.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro