kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Erreka haizea / Sonia González / Susa, 2018

Haize hego gorri durduzagarria Mikel Asurmendi / argia.eus, 2018-08-24

Erreka haizea ez da aise… Ez da aise definitzea genero literarioa legez, ez da irakurtzeko lan nekeza hala ere. Alta bada, ez da ukaldi batez irensten den “edabea”. Saiakera da, baina ez guztiz, ez saio ohikoa. Nobelaren zantzuak ditu: kontalariak —Sonia Gonzálezek— Andoni bikotea pertsonaia “asmatu” du, bikotea ohia. Asmatu al du? Erreala ote? Labartza herria aipatzen du idazleak, beraz, Erreka haizea-k badu kokapena hainbat pasarte edo ataletan. Kontalaria pertsonaia da hainbat ataletan. 182 atal dira liburuan, ale preziagarriak, den-denak balekoak, “balekoak” baina aise gehiago ere: balio handikoak. Arto-buru baten aleak irakurri legez, halaxe irakurri behar dituzu Sonia Gonzálezen ale puskok.

Erreka haizea durduzagarria da. Saiakera da, baina poesia oso da presente. Poeta ere baita, poesiak abandonatu zuen idazlea. “Zergatik utzia nion idazteari galdetu ohi zidaten. Inork gutxik ulertu ahal zuen ezin niola literaturari barkatu errealitateaz sendatu ez izana”. Hamar urteren ostean ikaspen ederra eta erabatekoa, Erreka haizea erditzea ahalbidetu duena.

Erditu bai. Liburua emakume batek idatzia baita, Sonia emaztekia baita, emakumezkoak idatzia sarritan. Liburuaren generoa definitzerakoan, oso adierazgarria da alderdi hori. Literatur generoak nahasten dituen saio honetan gai ugari dituzu hausnarrean. Literaturarekiko jaidura begi-bistakoa da, andreekiko bereziki: Virginia Woolf, Alfonsina Storni, Anne Sexton, Ingeborg Bachmann, Sylvia Plath, Miyo Vestrini, Alejandra Pizarnik, Marina Tsvetaieva… Filosofiarekiko ez gutxi ere. Liburuan diskurtsoa gailentzen da. Idazlearen baitan poeta eta narratzailea bat izan zen eta egun filosofo bat dago hein batean.

Friedrich Nietzscheren Zientzia alaia saiakeraren Argiak eta itzalak du hizpide Sonia Gonzalezek abiaburuan. Aipu horrexek argitzen du liburuaren taxua (13. orrian). 12. orrialdean, baina, Marian de la Fuenteri gorazarre egin dio idazle lagunak: Marian Gure Marianjaia da. Horra hor Sonia González filosofoaren alde lurtarra, jende xumearen taxukoa. Liburuan agerikoa. Liburuak badu izen azpiko bat: botere, isilpen eta heriotzaz. Gain horiexen hausnarrean, besteak beste, osatua duzu liburu honen funtsa. Idazleak pertsonak eta pertsonaiak identitateaz ere gogoetatu dute, baita euskal identitateaz ere hein batean.

Erreka haizea idazteari utzi zion literatur zale eta egile baten lan “salbatzailea” da. Kakotxen artean hori ere, badaezpada. Liburuak Sonia idazlea —edo bere pertsonaia— salba bailezake, pertsona —Sonia emaztekia— ez baitago salbatzerikan. Beno, horixe liburuak eskainitako ikaspena. Ikasitakoak askotarikoak dira, baina horien artean gailentzen dena, horien gainean kurri dabilena, Barakaldoko Sumendiak isuria: hego haizearekin bizitzeko modua.

Erreka haizeari hego haizea deritzote Labartza herrian. Erreka itsasoratzen den norabiderantz heldu ei da haizea.

Ez nadin luzaz jardun, aspertu zaitzaket eta. Minez zaudela, bada sendatzeko modua kausitu dezakezu liburuan. Nabigatzeko gertu izateaz beste, zoramenera eta heriotzara hurbildu beharko duzu haatik. Zauriak ez dira sendatzen minaren geografia esperimentatu barik: “Nire minbizia izan zaretenok bizimina eman didazue”, diosku idazle saiogile poeta honek. Hori biziko duzu zuk ere. Ikasiko duzu ere, gorrotoa bizitzen (biziz) ikasten dela maitatzen. Eta batez ere ikasi, ez saioak eskaintzen duen edabea edanez soilik, bizitza biziz (bizitzen) baizik.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak