kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Izuen gordelekuetan barrena / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 2014

Ile beltzetik ile zurira, bidaztiaren baitako izuak Mikel Asurmendi / argia.eus, 2017-03-03

Autorearen Hilda dago poesia? irakurri ostean, poetaren genesira jo dut. Hutsaren hurrengoa naiz Euskal Literaturaren Errepublikan (ELE) edo bestela erranik, agian ez naiz horkoa. Alta bada, hor izan ez arren, hona naiz.

Izuen gordelekuetan barrena 1980. urtean sortua da. Egilearen adinkide izanik ere, “berant” heldua naiz liburura/literaturara. Aitormen dorpe honek lehen paragrafoan errana baieztatzen du. Halaber, baieztatzen du gure ELEren eremua laiotza dela, ia jenderik gabekoa. Poesia baso mortuan sustraitzen dela. Desertua dela eremua.

Joseba Sarrionandiaren liburu honen ingurumarian ibili naiz bidazti, basamortuan edota itsasaldian, nola eta nondik gerta sartzea. Gabriel Arestiren Maldan behera poema liburua eta Bernardo Atxagaren Etiopia izan ditut gogoan —alboan ditut, mahai gainean, iruzkin hau izkiriatzean—.

Zer eta hauxe esateko: hiru poeta horiek oso talaia handitik igurikatu zutela etorkizuna, eta euren perfomancea oso irakurle gutxirengana iritsi izan dela. Poesia literaturaren abangoardian dagoenez gero, ulergarria.

Atxagak ez du poesia gehiago idatzi, edo ez du argitaratu bederen. Aresti talaiatik jaitsi zen eta herriaren belarrirako poesia idatzi zuen. Eta Sarrionandiak?

Izuen gordelekuetan barrena —liburua irakurrezina zela esan ei zion mundu guztiak berau argitaratu zenean—. Alabaina, 37 urte ez dira alferrik igaro ELEren historian. Gaur inor gutxi ausartuko litzateke hori esaten. Agian, politikoki zuzena ez delako, baina ziur aski ere, autoreak berak egindako ibilbidean, lagundu digulako poesia bera hobeki endelegatzen.

Uste dut idazleak eta poetak irakurtzean hori esperimentatzen dela. Koldo Izagirre poeta idazlea da horren adibide agerikoena. Hots, poesiak eta poeta bakoitzak nabigaziorako berezko kaiera eskatzen eta eskaintzen digute. Nabigatu ahala irakurlea ontziaren/poesiaren bitakorarekin usatzen da.

Gatozen izuen gordelekuetan barrena. Ene bihozkada izan daiteke, baina liburu hau poetaren beraren etorkizunaren aierua da. Liburuari hasiera ematen dion Bitakora kaiera poema biziki laudatua izan da, ez meriturik gabe. Oraindik ere, Letren Euskal Errepublikak balizko erroten Erresuma amesten du. Etiopia Europa bera da: utopia.

Bidaztiak, oraindik eta luzarorako, noraezean gabiltza labirintuan. Eternalki, naski.

Ingurubiran barrena abiatu zen bidaztiak itsasoan barrena laga zituen zantzuak ez dira poesiaren urrats antzuak izan.

Iraganetik jin eta etorriagatik heldu dira (h)ona zenbait:

Aberria hautatu egiten da, eta emaztea, edo bakardadeak edo bertzerik ezak ezartzen derauku (Angel Crespo-ri ikasia).

Begiak harri egin zaizkio, bularreko sagarra hautsi eta odola hamaika latsetan dario (Goio-ri eskainia).

Maldan behera urratsa, betiko bidean latsa; hodei ilunak gaua beltzen du: udazkena da, ez bedatsa.

Nekez uzten du bere sorterria, sustraiak han dituenak.

Denborak bidea agorturik etxera itzuli ninduzunean, berria zizun ateko zura eta sarraila ere.

Epigramak:

Ate aitzinean baratza / baratz erein berria / euriaren esperoan bezala / halaxe espero zaitut maitea.

Bideak hutsik ziren gauean /artizarra izan zinen ilunetan / eta gero ezkutatu egin zinen / egunaren argi zurbilean.

Odol usaina oraindik belatzean / banan-banan esan daitezke eroritakoen izenak / gure herriak hemendik aurrera / ez beza heroi beharrik.

Isuria den malkoa /agertzear dena / eta sortzen sumatzen duzuna tristuraren katea.

San Simon eta San Judaetan /ontziak ainguretan / hegal gorriak zabaltzen dituelako herioak itsasoan.

Gogo onez bizi izan naiz / ile beltzetik ile zurira arte / aineza kausi orain / itzultzeko bidea.

Begira sortalderantz / han da Franz ehortzia / haren errautsetan hasten dira iluntzeak.

Hilei deitu / eta erantzuten egiten dute / biziei deitu / eta ez dute erantzuten.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak