kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Gero / Axular / Itxaropena, 1954

Gero, IV argitaraldia Luis Mitxelena / Egan, 1954

Guziok nahi genuena, duela ia hogei urte Ibar-ek eskatzen zuena, eskuetan daukagu: Axularren Gero argitaraldi berri batean.

Lotsagarria zen benetan euskal literaturaren lanik ederrentzat aho batez aitortzen dugun liburu hau hain gutxik ezagutzea, Urkixo jaunak lehen argitaraldia den denean bere aldizkarian, zoritxarrez ez osorik, eman zigun arren. Horrelakorik, egia, ez zaigu guri bakarrik gertatzen, gaztelerazko zenbait klasiko ere, gehientsuak ez badira, gehiago aipatzen baitira irakurri baino. Aberatsek galera handirik gabe egin dezaketena, ordea, ez zaie behartsuei egoki. Eta nor gu baino behartsuago gai honetan?

Hemen duzu, beraz, irakurle, euskara, diotenez, goi-mailaraino jaso duen liburua. Liburu hori gainera, zure nekea ahalik eta arintzearren, ohitua zauden erara moldatu dizute. Ez dezazula, bada, zabarkeria edo uste okerren bat dela bide, eskuetatik utzi.

Ez da hau gure euskara, esango duzu apika. Egia diozu: ez da ez gaurkoa ez hemengoa. Oroi zaitez ordea euskara ez dela, maiz, oker baldin bada ere, uste dugun bezala, gure etxeko hizkera, ez gure herrikoa, ezta gure eskualdekoa ere. Gehixeago da euskara, Jaunari eskerrak, eta zorigaiztokoak gu inguruko mendietatik haruntz begiak luzatzen ez badakigu. Hasieran kostako zaizu pixka bat beharbada, eta orduan ere argitaratzaileak lagunduko dizu eginahalean, zenbait hitz eta esaera azalduz; baina pittin bat bakarrik saiatzen bazara, ez duzu gero oztoporik izango. Euskararen muina bat baita alde eta aldi oro, axaleko zenbait bereizkuntza baztertuz gero.

Eta ez dezazula Jainkoagatik gutxietsi, garbizale horrekin ari naiz, nahi bezain garbi ez deritzazulako. Garbitasuna antzua da hemen ere: ez du umerik izaten. Hizkuntza mintzabide bat besterik ez da; hobeto esan, gizonak duen mintzabidea, horren ondoan beste guziak eskas eta ezerez baitira. Euskara ez da txukun eta ederki bildurik, hauts apurrik gabe, kanpotarrei erakusteko gorde behar dugun bitxia edo jostailua, zenbait etxetako liburuen antzera. Dirua edo gure probetxurako asmatzen dugun edozein tresna bezala, erabiltzeko da, eskuz esku eta ahoz aho ibiltzeko. Ibilian, jakina, galdu beharko du harako lehengo garbitasun eta diztira hura, baina horren orde gero eta leunago, egokiago, erabilkorrago bihurtuko da.

Asko-jakina zen Axular eta mutila, gainera, zekiena esaten. Detxeparek, lehenengo euskal autoreak, plazara atera nahi zuen euskara etxe zokotik. Lizardik, oraintsuago, ezkon bidai luzea eginarazi zion herriz herri. Baina ez da asko, zernahitarako izateko, hizkuntza bat herriz-herri ibiltzea: aldiz-aldi eta garaiz garai ere ibili behar du, herrietan barrena eta denboretan barrena egin dituen ibilaldietatik aberastasun ugari jasotzen baitu. Batez ere, Aita Villasantek ederki dioen bezala, beti dakar antzin-aldiko kutsu berarizko hori, oiharzun hori, eta horrek, arno zaharrari bezala, prestutasun bihurtzen derauko.

Axularren garaikoek, Pizkunde arokoek alegia, bera ere, berandu xamar jaioagatik, horietakoa baitzen, antzinako Greko eta Erromarrak hautu zituzten maisutzat, eta ez hizkuntza gaietan bakarrik. Autore zahar haiek norknahi bezain ongi ezagutzen zituen Axularrek, eta haiengandik hamaika gai, esaera, ipui eta gertakari hartu zituen eta euskaraz eman. Beren hizkuntzak garai horretan asko aberastu, trebetu eta gaitu zirelakoan daude Europako jende guziak. Guk, beharbada, aberastasun horiek guziak pozik emango genituzke Harri-aroko garbitasunaren truke, baina gogoak eman behar liguke behin edo behin ez ote den harritzeko Jainko eskuzabalak, beste guziak zoratzen zituelarik, guri bakarrik jakinduria ematea.

Axularren azalaz, hizkeraz, nahikoa eta gehiago esan da. Gatozen mamira. Ez zen Axular euskara lantzen ari: besterik zeukan buruan. Eta gizonak, beti bere buruari begira egon gabe, besteri laguntzen dionean bere burua jasotzen duen gisa, horrelaxe lantzen dira hizkuntzak ere: gauza eder, behar, jakingarriak adierazteko bide bihurturik.

Eta Axularrek bere kideei esaten zienak badu oraindik ere indar eta mami. Gizona eta gizartea ederki ezagutzen zituen; bazekien ere zer komeni zaion egitea gizonari lurrean ahalik ongien bizitzeko eta betiko bizia eskuratzeko. Zekiena adierazteko, berriz, zenbat gogoeta sakon, zenbat hitz zorrotz, zenbat aukerako exemplu! Ez zaitu, ez, aspertuko haren sermoiak, ez baita bizpahiru lagun elizkoirentzat bakarrik ari, guziontzat baizik: ordukoentzat eta gaurkoontzat. Guziok aurkituko dugu zer ikasi.

Argitaldariak, euskal lanetan hain ezagun dugun Lekuona’tar Emanuel apaiz jaunak, ederki baino ederkiago burutu du bere eginkizuna.

Gaurko eta honako egokiro antolatu du Axularren liburua, guretzat behaztopagarri izan zitezkeen zenbait xehetasun besterik ukitu gabe. Aitzin-solas ederra ezarri dio gainera, hizkuntzaz bere lanak bezain dotore eta jakingarriz ederki hornitua. Gauza izkutuak aurkitzen ohitua dagoen begi zorrotzak Axularren biziari buruz ere zenbait argitasun agertu dizkigu.

Huts bila hasiko bagina ere, ez genuke noski askorik aurkituko. Textua eraberritzean gauzatxo bat egin da oker, ene ustez: Axularrek semék, semén eta antzekoak jarri zituenean semeen, semeek eta abar aldatzea. Axularrek idatzi zuena baita gaur euskaldun askok, gehienek beharbada, esaten dutena, baita noski berak eta ingurukoek esaten zutena ere. Ez da hori, ene iritziz, bokal luzea adierazteko bidea, doinua edo azentua bokal horrek zeramalakoa baizik.

Lekuona jaunak herri-hizkera gehiegitxo jasotzen duela ere esango nuke, hori egiteko literatur hizkera beheratzen baitu. Ez da nahitaezkoa, batetik, bi mota hauek elkarren etsai izatea. Bestetik, adibidez, inork esaten al du Fray Luis de Leon edo Montaigne edo Francis Bacon’en hizkuntza baino ederragoa zenik orduko edozein Peru nekazari edo Matxin urtzailerena? Nik ez dut behintzat orain arte entzun. Jatorragoa, bai, izango zen agian, aurrekoen ohiturei estuago lotua, baina, zer egingo zukeen nekazari horrek edo urtzaile horrek besteek esan zituzten gauzak esan behar izan balitu? Berriz ere: argia guretzat bakarrik piztu al du Jainkoak? Beste guziak itsutu egin al ditu? Gatozen mamira, eta mamia adierazten saia gaitezen eta hizkuntza saia dezagun.

Nere iritzikoak direnentzat ere, ordea, barkakizun da hau guzia. Eta nola ez, besteak beste, Lekuona jaunak, herri hizkuntzazale porrokatuak, besteari halako mesedea egin dionean?

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak