kritiken hemeroteka

8.795 kritika

« | »

Iragan atergabea / Julen Belamuno / Elkar, 2025

Ahanzturaren korrontearen kontra Hasier Rekondo / Deia, 2025-07-26

“Jendeak oihukatzen du etorkizun hobea sortu nahi duela, baina hori ez da egia. Etorkizuna hutsune axolagabe bat da, inori interesatzen ez zaiona; iragana, berriz, bizitzaz beteta dago, eta haren aurpegiak kitzikatu, mindu egiten gaitu, eta horregatik suntsitu edo ukitu nahi dugu”. Milan Kundera, Barrearen eta ahanzturaren liburua (1978). Julen Belamunok (Azpeitia, 1959) bete-betean egiten du bat idazle txekiarrarekin Iragan atergabea (Elkar, 2025) bere laugarren argitalpen honetan, hirugarren ipuin-liburua.

Idazle berantiarra izanagatik, 2015ean eman baitzuen argitara Ukabilak eta loreak lehen ipuin-liburua (Elkar), idazle oso dugu ezbairik gabe azpeitiarra. Aipatu estreinako liburu hura iruzkintzean honako hau bururatu zitzaidan: “lehen liburuak geure galeraren, bakardade isolatuaren eta bizirik irauteko borroka ezinbestekoen gaineko kaleidoskopio heterogeneoa izan nahi du”. Laugarren honetan ez da asko aldentzen gai horietatik, eta iraganaren tamainak pisu handiagoa hartzen du. Bere literatur ibilbide osoan kontatzeko moldeei ematen dion garrantzia ere oso nabarmena egingo zaigu zazpi kontakizun luze hauetan.

“—Alferrik duk. Egindakoa aldatuko duenik ez zagok. Ez egindakoa eta ez egin gabekoa. Horiek beti hor geratzen dituk. Betiko gainera”, Ahalguztidunaren ezinak ipuineko protagonista Aita Joakinen hitzak dira. Ederto laburbiltzen dute iraganaren auzia, Belamunoren “ikuspuntutik”, liburuko narrazio onenetako batean, Ezaxola sendabide eta hasierako narrazio txundigarriari izenburu ematen dion Itsas hilerriarekin batera.

Belamunoren prosa lasaia da, zahartzaroan sartuta dauden protagonisten erritmoak geldoak dira eta iraganaren zamak oro murgiltzen du behe-laino atergabe batean. Lehen eta hirugarren pertsonak uztartzen ditu narrazio bakoitzari hobeto doakion ikuspuntua emanez. Agian liburuko narrazio “ahulenenean”, Sasoi gordinaren gogora, Amaia ez-toxikomanoaren ahotsak “bizitzaren” ibaiari begira sentitzen duena kontatzen digu, gorrotatu eta ahaztutako herrira itzultzean: “Orain ura zen aurrera zihoana, denboraren jario geraezina bezala, eta ni atzeraka zihoana”.

Oro har heriotza eta iraganaren gaineko ingurumarietan kokatzen diren zazpi kontakizunotan, istorio bakoitzaren ildo narratibo nagusiei egileak hartutako bidezidorrak eta digresioak egin zaizkit interesgarrien, batez ere arestian aipatutako Ezaxola… eta Ahalguztidunaren narrazioetan. Esango nuke Belamunoren prosa goratu egiten dela digresio filosofikoetan barneratzen denean. Liburuko zenbait istoriotan, halaber, protagonistak eguneroko baten bidez eskaintzen dute testigantza. Horien artean bereziki xamurra eta iradokitzailea, Thomas Mann-en giroak gogora ekarrita nonbait, iruditu zait Uraren dohainak narrazioa. Bertan nobela beltzaren zenbait zipriztin tarteko, zahartzaroaren mitoen kontrako pasadizo histrioniko batzuk liburuaren tonu iluna eta existentzialagoa hausten baitute. Denboraren iraganak Julen Belamunoren prosa umotuz gainera, erakargarritasun irmo baten indarra txertatu die zenbait kontakizunei. Istoriotako zenbait protagonista tematu egiten dira euren eginkizunetan. Ni neu ere, ene uda berantiar honetan, sutsu murgildu naiz Belamunoren unibertsoan, iragana lagun betiere.

Azken kritikak

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak