kritiken hemeroteka

8.540 kritika

« | »

Haragizko erreformak / Mari Luz Esteban / Pamiela, 2023

Haragi-mina den bizi-mina (ikasi dut); zuhaitzen pribilegioa (ezagutu dut) Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-07-23

Sinopsia

Elurraren alaba bat naiz, odolaren sua daramat, zuhaitzaren pribilegioa.

Genealogiak Kastrexanan dauzkat, Traviesa 22n askazia, urrezko kaiola sehaska, adopziozko gurasoak ditut.

Neskatila bat, basa uri, harrotasuna herrikoia, greba bat dut gogoan, ariketa (kontra)performatiboa(k) tarteko bere egin ninduen herria, guraso-hizkuntza(z) beste —hamalau edo hamabost urterekin— euskalduntasuna arrotz, hilketak ere gertatu ziren herri hartan, emakume-lotsa(k) naiz.

Mintzo berria naiz, desberdina izatearen seinale, erantzunak soberan ditut, hitzen erroak, irudi eta hitz, idazteko arrazoia.

Animalia politikoa naiz, kemen falta, inozentzia galdu nuenekoa, gu, nork esango zigun guri.

Teoria maketoa daramat, kaleko rockumeak nola, euskarara mudatua, ezpain-margoa hortzetan, bisitak: nongoa zara? Ahanzturaren kontrako teoria maketoak ariketa (kontra)performatiboa(k) dira.

Haragizko lur hau, botere haragiketak tarteko, emakume lotsa(k) herria larretuz doa gure memoriaren aurka, haragimina den bizimina ikasi dut, beldurra, ariketa (kontra)performatiboa(k) betiere.

Aro berrirako ariketak, lotsatzearen artea, habanera, bizikidetza, ikasturte berrirako plana barrez lehertu(z) etorkizunari so. Nola? Ia ahaztua zuen —nuen—, bakegintza erlatiboa edonork darama, belar txarrak, lo egiteko garaia justizia fakultatean, desira Larrugorrian.

Gibel solasa, lainoa, noiz edo behin.

Biografia

Mari Luz Esteban poetaren biografia suerte bat osatu dut bere hirugarren poesia liburuaren arrastoan, lotsagabeki. Bidaide dituenen gogaide bihurtu naiz, poetarena berebat. Euren, neure eta poetaren beraren ahulezien salatari-malatari.

Amaren heriotzak libreago egin ninduen eta Andrezaharraren manifestua poesia liburuak irakurri ostean, nire moldera interpretatuak, gorputz-erreformak egiten hasi nintzen nire etxean, nire baitan. Barkatu, nire hegoak zabalik ari naiz, nire egoak hauspotuta. Mintza nadin Haragizko erreformak delako honetaz.

Haragizko erreformak liburuak nork bere gorputz-erreformak egitea proposatzen digu. Alegia, deus ez. Izanez ere, berauek zertuz batera, geure eta jendartearen arteko harremanak eraldatzera animatzen gaitu, ekintza kolektiboak eta subjektu historiko berriak sorraraziz. Performance itzela, hots.

Performancea(k)

Tira, ez kikildu, horiek guztiak burutzea proposatzen dizkigun poetak, “kultura-aniztasuna, garai eta leku desberdinetako giza taldeen bizimoduak eta pentsamoldeak” aztertu eta landu ditu. Hutsaren hurrengoa, alegia. Ia ezer ez. Edota ia-ia dena, ia-ia guztia, horregatik.

“Horiek guztiak” aztertu eta landu izanak —poetak, hots— ez dizkigu deus bermatzen, jakina. Behin eta hasteko, “horiek guztiak” bizi beharra baitaude, bizi beharrak ditugu eta: esperimentatu. Eta bizi ostean, agian, poeta bihurtuz gero, hitzen alkimista eta malabarista bilakatu. Hitzen lihoa irun, izateko iraun. Erran nahi baitut: poeta izatea, Mari Luz Esteban lako bihurtzea.

Poeta baina, arra izan daiteke, izan daiteke ere eme. Izan daiteke trans, halaber. “Gure” poeta elurraren alaba da. Odolaren sua. Trans-generoa mudatu gabe, identitate-generoaren mudantza eta aldaira bizitakoa. Ez duzu identitatearen eraldaketa esperimentatu duen pertsona bakarra, bistan da. Anitz dira/gara nortasun horrelakoa. Alta bada, nago —nire aburua duzu—, identitatea eta nortasuna ez direla hitz kidekoak.

Politikoa den liburu honen arrastoan erranik —liburu guztiak politikoak dira, prefosta: (El) Documento Nacional Indentidad ez da Nortasun Agiri Nazionala. Ez dira kidekoak. Burokraziak ez du zergatik inoren nortasuna ebatzi behar. Auzi konplexua duzu, doike. Ordea, “politika”-k nekez ebazten dituen auziak, beharbada, ebatzi ditzake poesiak. Edo ebazten lagundu diezazuke, diezaguke.

Poesia

Haragizko erreformak prosazko poesia duzu hasmentan. Hasierako hazia onduz eta harrotuz doan ahala poetaren muinak —eta minak— hazten eta loratzen doaz, asfalto artean sortzen diren belar txarrak legetxe amaieran. Ez dago amaierarik ordea. Noiz edo behin, zarenaz idazteak —euskalduna ote zarenaz idazteak, kasu— duda egitea baitakar.

Poetaren ni-a gero eta gu-agoa da bere poesia heldu heinean. Haatik, lainoa ez da inoiz guztiz uxatzen —dela menditik datorren terrala dela itsasotik heldu ohi den taosa—, hirian bizitzera kondenatuta gaude eta. Animalia politikoak gara.

Hitzak hitz, eleak ele, bada Mari Luz Estebanen poesian gailentzen den berba bat: umiltasuna. Izan daiteke ere: umiliazioa. Gailentzen idatzi dut. Demagun, nabarmentzen idatzi gura nuela. Izan ere, nabarmendu, asko dira nabarmentzen diren berbak. Hona, berbarako bat: oroimena. Izan daiteke ere oroimina. Oroi eta mina. Horiexetan dituzu/ditugu izanaren muina.

Izanik ere, oroitzea eta mintzea ele kidekoak direla erranen nuke. Horien harian eta ariora, honatx Mari Luz Esteban poetaren aburu bat. “Itsustasunean dago gure memoria”. Nire egoa larregi hanpatu/hegaldatu barik, hauxe gehituko nuke: “Itsutasunean dago gure memoria”. Itsustasuna eta itsutasuna berba kidekoak direlakoan. Beno, erro edo sustrai bertsuak ote dituzten erran nahi dut.

Horra irakurle, poeta honek bizitzaren edota existentziaren konplexutasuna soiltzen lagundu(ko) dizu. Odolaren sua daraman elurraren alaba ezagutu(ko) duzu. Haragi-mina den bizi-mina ikasi dut. Zuhaitzen pribilegioa ezagutu dut.

Azken kritikak

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak