kritiken hemeroteka

8.538 kritika

« |

Eusqueraren Berri onac / Agustin Kardaberaz / Antonio Castilla, 1761

“Euskararen berri onak”: dagoenean dale, ez dagoenean bale Gorka Bereziartua Mitxelena / Argia, 2025-07-20

Parranda dezente egindakoa naiz Kardaberazen —Hernanin izen hori zeukan kalean, alegia—, baina ez nuen asko espero festa egin ahalko nuenik inoiz Kardaberazekin: a ze dibertimendua 1761ean argitaratu zuen Euskararen berri onak. Idatzi zituen beste lan gehienak ez bezala, erlijio-kontuak alde batera utzi —aber, XVIII. mendeko apaiz batek hori egin zezakeen neurrian, ez pentsa ez-dakit-zer ere—, eta euskaldunei gramatika eta erretorika irakaspen batzuk emateko aitzakian, txunpa-txunpa, txaranga baten atzetik bezala, zintzilikatzen da tipoa Kintilianoren eta Manuel Larramendiren sorbaldetatik, eta idazten dizu mende hartako euskal literaturak utzi duen libururik entretenigarrienetako bat.

Estilo bizi-bizian idatzia, irakaspenak, anekdotak eta iritzi polemikoak libreki nahasiz, irakurlearentzat festa da Kardaberazen testu hau, batez ere saiakera literarioa maite duen irakurle mota horrentzat; nahiz eta, euskarari buruzko kezkak motibatutako liburua izanik, pixka bat kopetilun ere agertzen den une batzuetan. Arrazoiak ez zaizkio falta: 100 urte baino gehiago pasa dira Axularrek Gero-ren irakurtzaileei egindako abisutik —“Baldin egin baliz euskaraz hanbat liburu, nola egin baita latinez, franzesez edo bertze erdaraz eta hitzkuntzaz, hek bezain aberats eta konplitu izanen zen euskara ere; eta baldin hala ezpada, euskaldunek berek dute falta, eta ez euskarak“—, baina berdin samar jarraitzen dugula dirudi. Hitz berdintsuekin seinalatu behar beraz: “Alere asko, egieki, euskera galdu da. Baña ori ezta euskararen, ezpada euskaldunen desonra“.

Ai, euskaldunak. Beren hizkuntzan idatzitako liburuak esku artean hartzeko sentitzen zuten —duten, joder, duten— alferkeria horrexen salaketan hasten da Kardaberazen idazkera entretenigarria izaten. Zuk ere gure utzikeria akulturizatzailearen kontra maldizioka hasteko premia sentitzen baduzu, hartu lasai haren hitzak maileguan, denentzako baitauka, analfabetoekin hasi —“zer lotsa gaizto itsusiagorik, euskaldun galtzadun edo gizon egin bat, lau errengloi euskeraz ezin irakurririk, ez atzera ta ez aurrera, lotuta ikustea baño?”—, euskañolez ari direnekin segi —“ez itz egiteko ta ez elkar aditzeko erdarazko ta euskarazko naspilla moldakaiz eta nazkagarri bat entzun oi da”—, eta madarikazio orokor samarrekin amaitu —“euskaldun alper ajolakabeai esan dakieke: astoaren aorako eztia eztala, baña bai belarra”—. Nori eman badagoenez, Kardaberazek dale.

Aldi berean, hernaniarrak optimista izan nahi du. Iruditzen zaio ez dela askorik egin behar jende pila bat euskal letretan trebatzeko. Gimnasio mentalean ordu batzuk, horixe: “Lau eguneko ejerzizio piska batekin seguru, erdaraz bezala edo aisago, euskeraz irakurtzera egingo zera”. Ideia hor dago aspalditik, askotan errepikatzen du gainera: “Uso ta kostunbreak guztia erakusten du”. Ez mamitzen, ordea. Frogarik argiena da, gaur goizeko kafearekin ere esan duela baten batek egunkari/astekari/liburu hori “zaila” dela, euskaraz dagoelako.

Inbertsio handiak egin dira iritzi orokortu hori fabrikatzeko. Horretaz ere jabetzen zara Euskararen berri onak irakurtzen, frankismoa baino bi mende lehenagokoa izanagatik, ordurako abian zen linguizidioaren lekukotasuna ere bai baitakar: “Emen guraso ta maisuak falta andi bat erremediatu bear dute, ta gure euskerari orañdaño baño mesede geiago egiñ: jendeen artean beste lenguajerik euskera baño ditxa gabeagorik ezta ikusi, ta, gure jatorrizko edo jaiotzako izkera ez balitz bezala, ta euskaraz itzegitea pekaturik aundiena balitz bezala, giza artetik kendu ta lurpean ondatu nai dute, ta eskoletan sortija edo siñaleakin, azote ta kastiguakin, eragotzi nai dute”.

“Al datekean disparaterik bidegabeena” iruditzen zitzaion hori Kardaberazi. Eta bazuen alternatiba buruan. Bere garaiari asko aurreratu zitzaion, euskara irakasteaz gain, eleanitza izango zen eskola imajinatuz, metodo pedagogiko aurreratuak aplikatuko zituena: “[U]tsegitean, oiei soseguz ta grazia onean, nola ondo irakurri edo esan bear duten, adirazi bear zaie, eta ez bildur ta ikarakin. Oitu bear dira, ez emengo izkeran bakarrik, ezpada edozeñ dialektotan, eta Frantzia edo Nafarroako edo Bizkaiko libruetan ondo ta trebe irakurtera”.

Baina ez dagoenean, bale: XVIII. mendeko problema batzuek XXI.enean kanbiatu gabe jarraitzen dute eta, honezkero, ez dakit ba inoiz aldatuko diren. Euskal derbietako giroa, adibidez. Probintzianismo txatxua. Foralina eta zikina. Diferentzia bakarra, baloiaren atzetik korrika aritzea oraindik modan ez zegoenez, giputxi-bizkotxak posposizioei ostikoka aritzen zirela Kardaberazen garaian: “Eskola-mutil bi beñ batean, euskeraren gañean, beren eztabaidetan ikusi nituen. Bata Bizkaitarra, ta bestea Gipuzkoarra zan. Beren modura aserretu ziran, ta ezin besterik egin, ta deadarrari biak eman zioten: Bizkaitarrak deadar: Kin, kin, kin; ta Gipuzkoarrak: Gaz, gaz, gaz; eta ondo aspertu ziranean, bereala pakeak egin zituzten”.

Garbi dago, “gisa onetan edo bestean itzegitea, ferian edo dendan erosten dan gauza ezta”. Alegia, hemen bakoitzak bere dialektoan hitz egiten du. Eskribitzen hastean ere, horri jarraitu behar dio, Kardaberazen ustez betiere. Konturatzen da ordea, hizkuntzaren sakabanatze horrek dakartzan problemez —“nola Euskalerrietan era edo manera jakiñik ta guzientzat berdiñik orañ artean izan eztan, egokiro itzegitea erraz ezta”—. Liburuaren amaiera aldera, mingainaren puntan dauka euskara batuaren premia. Garai hartako idazle bati gehiegi eskatzea da, ordea.

Ez pentsa, hala ere; Kardaberazek bazekizkien gauzak, gaur egungo letra-juntatzaile askok inoiz ikasi ez dituztenak: “Usadio txarrai berneak ebaki, esan oi da: ta alferrikako letra asko utzi ta, itzez esaten edo aoz pronunziatzen dana garbiro eskribituaz, obeto ta errazago azertatuko da”. Euskara batua bezalako inbento zoragarria jai eta aste sustantzia gabeko prosa txosteneroan itotzen ari direnek asko lukete ikasteko hernaniarraren idazkeratik. Berak esana da, gainera: “Apaiz asko txit erraz eskribitzera nere konsejuz egin dira: zu gutxiago etzera, ta bearbada obligazio geiago dezu”.

Azken kritikak

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Pleibak
Miren Amuriza

Mikel Asurmendi

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

Hedabideak