« Olerki berritze | Gero, IV argitaraldia »
Hamlet. Danemark´eko Erregegaiaren Edestia / William Shakespeare (Bingen Ametzaga) / Ekin, 1952
Hamlet Ibinagabeitia'tar Andima'k / Euzko Gogoa, 1952-09
Shakespeare’n izena aundia nunbait ere. Aspaldi-aspalditik egalari ta ots andiz erriarteko literatura guziak zear dabilkigu. Izan ere, munduan ezagutu diran tragedi-gille garaiena duzute. Ingeleraz idatzi zuen; alare aren tragedi-lanak ludiko izkera ospetsuenetara itzuliak izan dira. Gizon goitar orren bizitz-edestia ere, iñor gutxirena bezin sakonki aztertu dute, naizta oraindik bere bizitz gora-bera guztiak garbi azaldu ez. Orren goibeko gizandiari ondo datorkio, etorri ere, misteriozko esi bat.
Aren idazlanak naiz izkuntzari buruz naiz antzertiakiko, ainbat eta ainbat yakitun barrendik ikastera saiatu dira. Ez da aren olerkietan itz bat ere komentari edo irazkin gabe gelditu. Idaztunerik illunenak argitzera ere bortxatu dira, maiz burubide ori iritxi ezarren. Dana dala, izkuntza aipatuenetara itzulia izan da Shakespeare’n lan osoa. Elerti zeruan eguzkia bezin garbi, ginga betean jeiki dan ezkero, mundu guziarena da izan Shakespeare.
Bainan euskaldunok oraindik urbiltzeko geunden olerkari onen lan arrigarrira. Aren tragedi’rik etzan oraindio gure izkerara osorik irauli. Egia da Altzaga’tar Toribik, zerbait urte lenago, Machbet’en zati batzu euskeratu edo obeki esan, euskeraz adelatu zituela, lan osorik ez ordea. Egun, lenengoz, Shakespeare’n lanetatik bat gure izkuntzaz oso-osorik eman digu Ametzaga’tar Bingen’ek, euskal idazle eta elertilari azkarrak; “Hamlet” tragediaren itzulpen osoa alegia.
“Hamlet” dugu Shakespeare’n erti-lan aundi eta nagosiena. Beste bere olerki guztietan baino areago, antxen ageri zaizkigu bizkorren idazle garaiaren antze, gogo ta adimen indarrak.
Gaia ez zuen berak asmatu. Hamlet’en elezarra Danemarko’n antxiñako saga edo ipuietan bizi zan. Shakespeare’k ipui ori beretu eta adieraz ezin alako indar batez bizi-azi eta apaindu zuen. Ipui artatik giza-barnean ain sarri ernetzen dan burrukaren tragedia ondu zuen; erabaki eta ex-egiñaren arte burrukaren atergabeko liskarra. Aita zanaren iratxoak bere eriotza burutu dutenen aurka apena eskatzen dio, ots, bere emazte eta batez ere erregiñaren oaidekariarena. Eta or dabil Hamlet’en arima koloka aita zanaren izen ona garbitu naiez, asperkundea beti ere bere gogoan erabilkatuz, asper-asmozindoak betetzeke ordea. Orrela ageri zaigu tragedi guzian, eta azkenean, alabearrez bezela aita zanaren izena apentzen du osaba zitatzallea zakailduz. Orixe duzute Hamlet Danemark’eko errege-gaiaren zoritxar-antzerkia.
Nik ere, Ametzagaren itzak nereturik, John Masefield’ekin esango dut: “Zail da “Hamlet” tragedia goraipatzea. Itun Berria bezin etxeko gertatu da gure artean ain sarri goraipatua izan baita. England’eko arimaren betiereko zati bat billakatu da.”
Ala da izan ere, itzulariak dionez. Bainan besteok badugu egitekorik Shakespeare’n lan aundi ospetsuari buruz: itzulpenarena alegia. Eta egiteko ori ezin obeki Ametzaga yaunak burutu digu.
Gure euskera dagokion mailara jasoko ba’dugu, beste izkuntzetan egin lan aundi guztietara erakarri bear dugu. Ez bakarrik erakarri, baizik eta lan aien sakonenean pulunpatu. Pulunpatze ori lan arrigarriok euskal soinekoz yantziaz egin dezakegu. Ez ataltxo eta aldaketatxo zenbait emanaz, buru belarri lan aundi oietan murgildurik baizik. Orra Ametzaga’k egin diguna, andareko euskal idazle guzioi yarraibiderik ederrena emanaz.
Itzul lana, lenago ere esan dut, lan malkarra da. Arantzarik eta ostoporik asko arkituko ditu itzulbidean, ez euskerara soilik baita ere beste edozein izkuntzetara Shakespeare’n lanak itzuli nai litukenak. Hamlet itzultzera yarri diran arrotz askok ere zailtasun ori aitortu dute. Ametzaga berak aien esakun batzu aipatzen ditu bere itzaurre ernegarrian, alanola Gide idazle ospatsuak erasi au: “Hamlet’en lenengo atala biurtzea neketsuago izan zait “Andoni ta Kleopatre”ren bost atalak biurtzea baino. Ezin diteke textu biurri, zalantzari eta xedebatsuagorik pentsatu ere. Shakespeare’n beste edozein antzerki (“Troilus” ez bear bada) onen ondoan arkaitzak darion ur gardena duzute.”
Or ikusi, irakurle prantzezera Hamlet itzultzea ain neke egin bazitzaion Gide’ri, zer nolako nekeak izan dituen gure itzultzalleak euskeratzeko. Ez noski euskera gai ez dalako baizik eta euskera orlako lan guren eta garaietatik atzenduta euki dugulako. Itun Zar Berriak izan ezik, mundu literaturako lan goraipaturik ez digu iñork eman, Zaitegik euskeratu Sopokel’en antzerkiak landa. Ez daukagu aberri-izkeraz erbesteko beste idazlan aundirik. Beraz oraingo ontan Ametzaga’k gure izkuntza lurbirako izkuntza garaien einera yaso digu.
“Hamlet”‘en itzulariak beste lan batzuetan ere erakutsi digu bere trebetasuna. Euzko-Gogoa aldizkarian Plini gaztearen zenbait eskutitz, antzetsuki euskeratuak eman dizkigu. Kikero’ren “De Amicitia” “Adiskidetasunaz” are antxe argitaratu digu ederki asko euskeraz apainduta. Gaurko liburuarekin lenago erakutsi zigun trebetasuna sendotu baizik ez digu egin.
Itzulpen au ertze guztietatik bete-betea da. Ageri du idazleak, euskerazko liburu guztiak zain-zainetik ezaguten dituala. Gure idazle aundien iturri garbietan bere gogoa eradan duela: Olabide, Zaitegi, Azkue, Orixe, Lizardi ta beste askoren iturri garbietan. Antxiñako idazleak ere ondo ezaguzen ditu, Axular, Etcheberry, Detchepare etc. Izkelgi guziak beretuz aragi biurtu ditu guarko itzulpen eder ontan.
Arrigarria benetan, euskaldun berri batek ain sakonki euskera ikas al izatea, bere erraietatik euskera osotuaren zitu bikañena ateratzeko. Bai euskera osotuaren zitu bikañena, irakurle. Euskera osotuaz ari naiz, gipuzkera osotua ez aipatzearren -naizta gipuzkera izan aren izkeraren ardatza-, euskalari eta euskalzale batzu ez mintzearren. Orregatik euskera osoa diot. Euskera izkelgi aunitzetan bakandua egon arren bakarra baita, gunez eta inuinez.
Ontan yardun bear genuke, Ametzaga’ren ariora, beste idazle guztiak are; euskera bikain eta bakar bat, edozertarako gai diteken izkera bat euskaldun eta euskotar guziotzat antolatzen. Nere uste kaxkarrean ortarako biderik egokiena Hamlet’en itzulariak autetsi duena Olabide zanaren urratsei yarraituz.
Bainan euskerazko “Hamlet”‘ek ba’du beste aipagarririk ere. Luzaro ez dala Shakespear’ez ari ginduzun gure arteko bilkura baten. Gure artean bikañenetariko dan idazle gazte batek urrengo au zion “ba du idazle azkar onek, antziña-kutsua, arkaismu berezi bat gaurko izkera modernetara alda ezin ditekena: eta Shakespeare arkaismu ortaz gabetu ezkero ez da Shakespeare“. Arrazoia zeukan adiskide yakintsuak.
Alderdi ortatik ere oso-osorik iritxi du Ametzaga’k bere elburua. Gure euskerak berez, antziña kutsua dizu, eta antziña kutsu ori Hamlet’en itzulpe nean ere bete-betean ikus dezakegu. Euskerak ez dio bat ere urritu indar berebiziko ori Shakespeare’n ingeles textuari, are geitu egin diola esango nuke. Leizarraga’k darion zaar-kutsuz bere itzulpena gantzutu du Ametzaga’k.
Yakiña. Idaztune zenbait zuzengarri dira eta itzulpenaren egilleak euskal-sena geituagotzen dioakion neurrian zuzenduko ere ditu. Akats txikiak dituzute oiek lan ain arrigarriaren itzalean; ia ikusi ere ez dira egiten. Beste edozeini ere kostako litzaioke Ametzaga’k egin duen itzulpena baino bete, oso ta borobillagorik egitea.
Ba’dugu pozbiderik euskaldunak. Euskera elerti mailan geroago ta gorago dioala atsegiñaz dakusagu. Ez al zaigu gorabide ortan iñoiz ere atertuko, elerti zeru sakoneko izarrak ikutuko dituño. Asko dezake Ametzaga yaunak eta aurrerantzean ere yarraituko al du literatura-zabaleko lan aundik gure izkeraz apaindu ta jazten.
Bide orixe dukegu aberri izkera euskotar guzien izkera biurtzeko, gure euskera bere loaldi luzeegitik betiko iratzartzeko.
Bidenabar zorionak eta arnasik beroenak ar bitza Ekin Argitaldariak ain liburu dotore eta apainean bilduta Ametzaga’ren Hamlet eman digulako.
Paris’en 1953-I-14
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres