kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Eresia / Goiatz Labandibar / Elkar, 2025

Doluaren ertzak Nagore Fernandez / Berria, 2025-06-22

Modu asko daude dolua egiteko; atsekabez eta minez beterik, amorruz eta etsipenez, edo are axolagabetasunez ere. Izan ere, zer sentitu behar genuke besteen bizitzetan geurean baino presenteago egon den senitarteko bat galtzen dugunean? Zer sentitu behar genuke hiltzen zaigun ahaideak presentziaz baino absentziaz bete duenean geure egunerokoa? Eta zer gertatzen da mina baino amorrua bada galerak eragiten duena geuregan? Zilegi da? Dolu zehatz horretaz dihardu Goiatz Labandibarrek Elkarren argitaratu berri duen bere azken nouvellean —nobela laburrean— izenburuak iradokitzen digunez: Eresia. Hil-kanta aitari. Ez da lehen aldia euskal literaturan —eta segur aski ezta beste sistemetan ere— eresiaren ideia leitmotiv izan, eta ez bakarrik kontzeptu bezala, artefaktu bezala ere materializatu dutena; hortxe dugu, esaterako, Oier Zuñigak zuzendu, eta Eneko Gil eta Belen Cruz artistekin batera errepresentatu zuten Eresia. Lurra arin bekizu, ama antzezlana (2022). Alde horretatik, irakurleak ez du ariketa originalik aurkituko Labandibarren nouvellean; berritasuna eta autorearen ahots propioa, aurkitzekotan, bi alderdi nagusitan identifikatuko du: batetik, alaba-aita harremanean; bestetik, eta batez ere, dolua kontatzeko erabilitako testuinguru kontrafaktualean.

Amatasunaren inguruko diskurtsoekin alderatuta, askoz ere gutxiago izan dira aitatasuna erdigunean jarri duten obrak, are urriagoak oraindik seme-alaben ikuspuntutik kontatutakoak. Kasu honetan, narratzaile-protagonista mintzo zaigu bere aitarekin izandako harreman mingarriaz, eta interakzio gatazkatsu horrek pandoraren kutxaren antzeko funtzioa du; aitatasunak tira eginda, genero-politikak zeharkatzen dituen beste hainbat gai azaleratzen dira bata bestearen atzetik: lanpostu boteretsuenen maskulinizazioa; bigarren plano batean geratu diren emakumezko guztiak, emazteak, amak, alabak. Horren ifrentzuan, hegemonikoaz bestelako eredu femeninoak ere egiten ditu ikusgarri, guraso bakarra den lehen lehendakari emakumezkoa, edo, bere aitak egindako akatsak errepikatzeko beldur izan eta, sufrimendutik saihesteko, ama izatea guztiz baztertzen duen protagonista femeninoa, esate baterako.

Liburuaren bereizgarria den bigarren alderdiari dagokionez, tonu eta testuinguru errealista bat eraikitzen zaigun arren, balizko etorkizuna irudikatzen du Labandibarrek obran. Hain zuzen ere, errealak ez diren inguruabarrak aukeratzen ditu oso erreala den sentimendu batez hitz egiteko: Euskal Errepublikan ainguratzen da protagonistaren aitaren heriotza. Balizko etorkizuna irudikatzeak eta zientzia fikziotik hurbileko genero baten bitartez kontatzeak, gainera, aukera eman dio umorea erabiltzeko, parodia eta hiperbolea baliatuz. Egia da bi baliabideok testuari bizitasuna eman diotela komikotasuna erantsi dioten heinean; zenbaitetan, baina, protagonistaren dolu prozesutik gehiegi atera nauten sentsazioa izan dut, eta iruditu zait kasu horietan espazioa kendu zaiola alaba-aita harremanaren sakontasunari. Asko interesatzen zaidan gaia eta harreman-mota da azken hori, eta Labandibarrek modu azalekoan dakarrela esango nuke, azalekoegian aukeran; nobela laburrak gehiagorako gogoa utzi dit.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak