kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Amok / Stefan Zweig (Aiora Jaka) / Igela, 2024

Kontakizun bat Nagore Fernandez / Berria, 2025-06-29

Nobela labur bat bezala —nouvelle— argitaratu zen lehen aldiz Stefan Zweig idazle austriarraren Amok obra (1922), eta bilduma batean berrargitaratu zen geroago, beste behin, nobela labur etiketapean. 2024ko urrian izan dugu lehendabizikoz euskaraz irakurtzeko aukera, Igela etxeak argitaratu eta Aiora Jakak itzulita, eta obraren hastapeneko bertsio horiek bezala, nouvelle izendapenarekin, gainera. Euskarazko bertsio horren kontrazalean, baina, kontakizun etiketa erabiltzen da obraren nondik norakoak laburbiltzeko, eta neu ere azken izendapen horren aldekoagoa naiz, Amok obraren zenbait ezaugarri tekniko kontuan hartzen baditugu, behintzat. Edonork esan diezadake luzeegia dela ipuin edo kontakizun bat bezala etiketatzeko; luzera albo batean utzita, autoreak baliatzen dituen bestelako teknika narratiboek, ordea, hori pentsatzera eraman naute itsu-itsuan.

Amok kontzeptuak malaysieran du jatorria, eta, narratiba psikiatrikoan, amorru leherketa geldiezin bat izan duen norbaitek bizitzen duen trantzea edo sindromea izendatzeko erabiltzen da. Kontatzen zaigun istorioak, hain zuzen ere, sindrome horrek bultzaturiko egoera psikologikoak eta horien garapenak testuratuko dizkigu, eta hasierako unetik bertatik egingo du jolas, gainera, efektu horrekin. Hala, sindromea protagonista intradiegetikoarengan ernatzen eta garatzen hastearekin batera, irakurlearengan ere ezinegona eta tentsioa eragitea lortzen du Zweigek orriz orri. Efektu horren morroia da, halaber, kontakizuna ezaugarritzen duen intentsitatea ere; autoreak jakin du une bakoitzean irakurlearengan efektu hori eragiteko eta irakurlea obrara ainguratzeko behar izan den intentsitate dosia ematen eta haren neurria hartzen. Bukaeran lehertzen da guztia, eta amaierak, bere aldetik, azken kolpe bat emango dio irakurleari. Hasiera harrigarriak eta bukaera efektistak, intentsitateak eta horiek guztiek eragiten duten efektuak, ezinbestean, Edgar Allan Poek zizelkatutako ipuin moderno formara begira jarri nau, nobela laburrera bainoago.

Dena den, bukaera efektista bada ere, nire ustez ez da orriz orri eraikitzen den intentsitatearekiko proportzionala, eta alderdi horrek ez nau gainontzeko ezaugarri teknikoek beste asebete. Akatsa, hala dei badiezaiokegu, ez dagokio autorearen teknikari, ezin ukatuzkoa baita ezaugarri bakoitza testuratzeko Zweigek duen abilezia. Huts egiteak gustu kontuekin du zer ikusia: intentsitatearekin eraikitzen zaizkidan espektatibak neurri eta indar bertsuarekin lehertzea espero izaten dut halako bukaeretan. Eta, kasu honetan, ez dut espero izan dudan itxiera leherkor hori topatu. Ondorioz, bukaerarekin baino prozesuarekin gozatu dut gehien; ezin bestela izan horren psikologikoa eta progresiboa den trantze bat kontatzeko.

Zweig maite duen irakurle orok Amok kontakizuna ere gozatuko duen dudarik ez dut; erraz identifikatuko ditu autoreak horrenbeste maite dituen metalepsis jokoak, hots, kontakizunaren barruko kontakizunak, trantsituan dauden itsasontziak, eta irakurlea ez irakurle, ezpada entzule izateko une oroko gonbit inplizituak.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak