« Ituan, denboraren distantziatik | Bizimodu bat, bi bide »
Bisita / Mikel Pagadi / Elkar, 2024
Euskal(dunon) absurdoaren parodia Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-06-25
Hasmentan
1. Bisita eleberria heldu zitzaidan. Eskuz heldu eta irakurtzeari ekin bitartean hainbat aurre-juzgu ibili dut buruan: hara, Mikel Pagadi aktore eta umoregileak nobela bat idatzi du. Zer ote? Literatura-liburu bat idatzi ahal du Pagadik? Bai ote? Halakoetan, zure aurreiritziek atezuan jartzen zaituzte. Halaxe dun/duk nire kasuan, bedaio.
2. Eleberriaren sinopsia ekarri behar nuke behin eta hasteko. Sinopsia —nobela irakurtzera animatuz gero— liburuaren kontrazalean daukan/daukak. Luzetsi gabe: plater hegalari bat iritsi da Lur planetara, baina, gauza harrigarria, ez du lur hartu ez Dakotan ez Minnesotan, baizik eta Anoeta herriko Soroeta baserriaren pareko artasoroan…
Oharra: “Nobela irakurtzera animatuz gero” idatzi dut. Nik animatzen zaituztet.
3. Mikel Pagadi idazle berriaren Bisita irakurrita, Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea, Ixabel eta Amets Arzallusen Miñan heldu zaizkit gogora. Ez elkarren antza izan dezaketelako, ez horixe, ezta gutxiagorik ere. Liburu horiek “fenomenoak” legetxe hartu izan ditudalako baizik. Aldi eta hala berean, hau jalgi zait gogora: liburu horiek literatura al dira?
4. Literatura al dira? Bai, ezta? Izan ere, izan behintzat, “fenomeno literarioak” dira eta. Nola baloratu liburu bat? Nola estimatu literatura? Edonolakoa dela liburu bat, liburuak —fikziozkoak, kasuon— jendartearen erretretatua edo haren isla izan behar du. Sagastizabalena fikzioa da, arras errotua errealitatean. Errealitate absurdoa izanagatik ere. Arzallusena ez da fikzioa, beraz, ez da literatura. Edo bai? Izan ere, “fenomeno literario” gisa bizi izan dugu. Esatera baterako, liburuak izen bereko antzerki-lana sorrarazi du. Fikziozko izaria eman dio. Bisita delako honetaz zer erran? Bada, literatura dela, bistan da. Zer-nolako literatura? Hori irakurle norberak ebatziko du. Bistan da, hori ere.
5. Bisita zientzia fikzioa da, bistan da. Nobela distopikoa da. Bistan da, hori ere. Absurdoaren isla. Ez dut berriz “bistan da” idatziko. Baiespen horrek grazia galdu du dagoeneko. Bisita mundu absurdo honen isla da. Kasu, ez mundu estralurtar baten munduaren absurdoa, ez, ez, ez… euskal mundu absurdoaren isla da. Euskal(dunon) absurdoaren parodia. Tira, isla irla edota uhartez harago, euskal mundua Penintsularen eta Hexagonoaren artean dagokeen Absurdistam moldeko bat duzu. Mundua bera absurdoa da. Ez, ez, ez… berriz ere, gaizki, txit gaizki definitu dut mundua. Zuzenduko dut: mundua, mundua dun/duk. Mundutarrok gara absurdoak.
6. Absurdoa: zentzurik ez duena. Horixe duzu absurdoa. Ulertezinaren edo arrazoimenaren aurkakoa dena da absurdoa. Anoetako Soroeta baserriaren parean gertatu da. Absurdoa. Testuinguru horretan hasita garatzen da Bisita nobela. Ez da Euskal Herrira mugatzen horregatik: Penintsulan barrena doa eta Pennsylvaniaraino iristen da kontakizuna —nolabait erranda, hori ere—. Hots, nobela mundutarra duzu, eta pertsonaiak halakoxeak. Unibertsalak hara. Unibertsoaren legearen araberakoak.
7. Unibertsoaren legeak Kosmosenak dira, direnak dira… Ez guk asmatu eta ezarri ditzakegunak. Ez horixe, ez jauna ez anderea. Norbanakook lege naturaletatik deslerrokatzen garenean hasten dira gora-beherak, hots: disfuntzioak, utopiak, distopiak… Jarduera absurdo suertea.
8. Bisita delako honek gure buruari eginiko bisita bat da. Hau da, bisita da espaziotik heldu den ontziak egin duena, Bisita da ere, subjektua: OHE edo OVNI delakoa subjektu nagusia da nobelan. Objektu estralurtarra da, eta estralurtarra izan arren, subjektua ere bada. Bisitaririk bisitari, Bisita nobela estralurtarrez beteta dago. Pertsonaia pila daude —hara, nobela honetan ez dago protagonistarik—: Ilipontxio eta Anttonio hasteko eta behin. Lierni eta Beatriz. Enrike bera ere, eta beste anitz beste. Izen propioak dituzu horiek. Bestalde eta halaber: lehendakaria —gure lehendakaria— eta oposizioaren burua dituzu. AEBetako burua ere bai. Mandamas horiek ere, besteak beste. Euskal Herriko instituzioak hala nola mundukoak bertan daude. Nobelan, alegia. Organismoak eta erakundeak ere pila dira. NASA eta NATO, kasuon ezinbestez. Israeldarrak ere badaude, noski. Eta Mossad ere bai, ezin bestela izan.
9. Bisita nobela, umorezko generoari dagokio. Parodia da oroz gain. Aldeak alde, munduak mundu, Charlie Chaplinen The great dictator filma heldu zait akordura. Chaplinek Adolf Hitlerren gaineko parodia bat egiten du berean. Euskal buruzagiek badute beren burua non begiratu, hara. Bisita honetan, alegia. Burutik hasita, oinetaraino. Umore-kolpeak pila dira. Gag delako horietako hainbat ezagunak zaizkigu: gure izatearen —gizaki eta izaki euskaldunon— jiteak. Baina badira gag berriak, asko izan ere —nobela irakurri arte, bederen—. Literaturaren ezaugarriak anitz dira: errealitatearen fikzioa, estetika, poetika… Bisitak horrelako zenbat biltzen dituen? Zuk ebatzi.
10. Literatura giza-eraikuntza bat da. Komunikazioaren bidez garatzen da. Hizkuntzaren zeinuak erabiltzen ditu. Literaturak balio estetikoa ematen dio bizitzari edota gure existentziari. Borroka-dialektikoaren bidez eraikitzen da eta askatasuneranzko bidea egiten du edo egiten lagundu behar digu. Bere izari edo dimentsio historiko, geografiko eta politikoak “estatu” gisako bat ematen diote. Fikziozko estatu bat. Estatu baten estatutuak ezartzen dituena. Errealitatea interpretatzen lagundu behar diguten fikziozko estatutuak. (Estatutuak: legeak edota arauak).
Post scriptumak (bost gutxienez)
— Hasmentan hasi eta dekalogo bat idatzi dut inpentsan. Pentsa: inpentsan. Pentsatzen jarrita zer litzateke? Tira, zer inporta du? Zer axola, ezta? Hamar beharrean hamaika iradokizun izan litezke. Zenbakiak direnak direla ere, testua zazpiki edo hamalau gisara ere ulertu genezake. Ulertu dezakezue.
— Eman du zer esana Bisita delako honek. Edo niri eman dit, begi-bistan denez. Nire testu honek zer esan eman dezake, halaber.
— Fikzioan okurrentziak berebizikoak dira. Hau da, ateraldiak, buru-kolpeak, sestoak… Burutazio, gertaera eta ezusteko hainbat hala berean. Hipotesiak ere, hainbat eta hainbat izaten dira fikzioan.
— Demagun, hona hipotesi horietako bat: Bisita nobelak Euskadi Literatura Saria eskuratu du. Absurdoa al da? Tira, absurdoa al litzateke? Hipotesi bat baita. Fikzioa oraingoz.
— Bisita euskal absurdoaren parodia da. Euskal errealitateren isla. Hori errana dut jada. Bai, bai, bai… Baita erran ere, absurdoa unibertsala dela. Alegia, Bob Dylan musikariari Literatura Nobel Saria eman izana ez al da, bada, absurdoa? Bai, bai, bai… badakit, poetari eman zioten saria. Edo? Edo!
Dena dela ere, absurdoa ez da fikziozko kontu soila. Absurdoa erreala da.
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi