kritiken hemeroteka

8.623 kritika

« | »

Turismo hutsala / Fito Rodriguez / Komiki Films, 2025

Turismo hutsala, edo Euskal Herria ispiluan zehar Asel Luzarraga / independentea.eus, 2025-07-10

Gurean pil-pilean dabilen prozesu suntsitzailea jartzen digu mahai gainean Fitok. Nire ustezko ziurtasunak berriro argudiatu beharrean jarri nau eta, azken finean, horixe da liburuaren ekarpen nagusietako bat.

Antipodetarako bidaia atsegin eta mamitsua Fito Rodriguezek bere azken liburuan eskaini diguna. Ezohiko ariketa gure letretan, agian, baina frantses tradizio intelektuala ezagutzen duenari arrotz egingo ez zaiona. Izenburua du Turismo hutsala —Hiri eta landa paisaiaz antipodetatik— (Komiki Films, 2025) eta gurean pil-pilean dabilen prozesu suntsitzailea jartzen digu mahai gainean, tituluan bertan aurreratzen diguna: turismoa.

Horretarako, ispiluan zehar egindako bidaia batean, Euskal Herritik gure antipodetara eroango gaitu, ispiluaren alde horretan, aldeak alde, gauzak hain azpikoz gora ez daudela erakutsiko digun joan-etorri etengabean.

Izan ere, Fitok ez digu bidaia-liburu hutsa proposatzen, Aotearoa (Zelanda Berria kultura hegemonikoarentzat) ezagut eta mirets dezagun, eta motxila prestatu eta gure hurrengo oporraldien helmuga munduaren beste aldean marka dezagun. Fito gure kultura garaikidearen ajeetan murgiltzen da, Aotearoan xurgatutako esperientziak lagun, distantzia hartatik etxera berriro begiratzeko.

Bidean, turismoa izango da ardatzetako bat, baina industria kapitalistaren azken urre zainari begiratzeak berekin dakar, ezinbestean, gure zibilizazio osoaren oinarriei erreparatzea. Ezin baita ahaztu turismoa kolonialismoaren asmakizuna izan zela, esplotazioak aberastutakoek euren poltsiko aspertuak non xahutu izan zezaten. Eta horixe bera da Aotearoa: kolonialismoaren harribitxietako bat.

Ur lohi horietan, ordea, poesia baztertu barik barneratzen da Fito eta, aztergai duenaren gainean dogma bat eraiki beharrean, saiakeraren funtsezko zentzuari lotuz (saiatzeari, alegia), eztabaidagai zabala jartzen digu platerean. Hasieratik gaztigatuko baitigu berak ez duela turismoaren aurkako liburu bat idatzi gura izan, manikeismoetatik urrunduta.

Bidaia horretan, lerro hauek idazten dituenak hainbat desadostasun izan ditu. Zalantza barik, gaur egun turismo ororen kontra nago ni, eta turismo masiboa eta turismo jasangarria bereiztea niretzat kapitalismoa neoliberamismoaren mamua astinduz zuritzearen parekoa da. Seguru nago hurbilago nengokeela, bizi balitz, gaur egun Ted Kaczynskik turismoari buruz idatziko lukeenetik. Horren gaineko zerbait aurreratu nuen liburu honek gogora ekarri didan nire aspaldiko nobela batean, neu ere turismoaren korronteak eroan ninduen garaian, motxilero esateak madarikaziotik salbatu behar banindu legez (Mozorroaren xarma, Erein, 2007).

Halaber, gure europar kultura (edo indoeuropar kultura?) eta Ilustrazioa bera, nire ustez, ezin dira berdin ulertu David Graeber eta David Wengrowen ezinbesteko obra (El amanecer de todo —Una nueva historia de la Humanidad—, Ariel, 2021, nik irakurritako bertsioan), Silvia Federici, Marija Gimbutas edo Casilda Rodrigañez irakurri eta gero. Gure bizitza produktu bihurtzen duen sistema horren aurrean ere, derrigorrez matxinatzen naiz gorputzak eurak salgai bihurtzen dituen industriaren aurka, eta are gehiago haren emaitzekin…

Baina, aldeak alde, Fitok nire ustezko ziurtasunak berriro argudiatu beharrean jarri nau eta, azken finean, horixe da liburuaren ekarpen nagusietako bat.

Izan ere, mendeak dira funtsezko eztabaidak bahituta bizi garela. Ez dugu inoiz aukerarik izan gure arteko harreman ekonomiko, sozial eta politikoen gainean eztabaidatu eta erabakitzeko (pantomima demokratikoan ere ez baitago horretarako tarterik). Ezin dugu erabaki zer teknologia behar dugun, zertarako, zelan eta noren lepotik garatua. Teknologia inposatu egiten zaigu. Zientzia inposatzen zaigu. Osasun eredua inposatzen zaigu. Lurraldearen banaketa eta erabilera inposatzen zaizkigu. Konplize bihurtzen gaituzte guk aukeratu ez ditugun gerretan, eta ez daukagu bakea inposatzeko ahalmenik. Eta turismoa bera, haren inguruan bultzatutako ingeniaritza sozial guztia, gure paisaien eta bizimoduen berrantolaketa, ez dira sekula eztabaidatuak izan. Inposatu egin dizkigute. Gainera etorri zaigu turismoa zapalgailu baten hoztasunez.

Turista bihurtu gintuzten lehen (eta poz-pozik besarkatu guk gure turismorako eskubidea), eta turistentzako atrezzo bihurtu gaituzte orain.

Bestalde, aurreratu dudanez, Fito Rodriguezek Frantziako 60-70etako pentsalarien tradizioa jasotzen du bere lanetan (halaxe ikusi genion bere saiakeretan ere). Batez ere Deleuze ekarri dit gogora, beharbada haren Lógica del sentido (Paidós, 2017, nik irakurritako bertsioan) oso fresko daukadalako. Alderaketak, gainera, Fito Rodriguezen alde egiten du. Izan ere, Deleuzerenak ikuspegi kritikotik begiratuta kanpaia-jotze intelektuala ematen du askotan, akademiko ondo ordaindu batek bere bolizko dorretik eta bere entretenimendurako idatzitako jolas intelektual bat, gizartearen eguneroko errealitateari beste planeta batetik begira eta inora iristeko asmo handirik gabe.

Fito Rodriguezek, aldiz, inguratzen duen gizarteari begira (Aotearoakoari zein Euskal Herrikoari) idazten du, eta gizarte horretatik elikatzen da, haren arazoak bere eginez. Hala, ez du iturririk baztertzen, eta parean ekarriko dizkigu guretzat ezezagunak diren maori poeten lerro eder eta mingotsak, margolanak, idazle unibertsalen aipuak (nonahi topatuko dugu Proust), euskal idazleak (neu ere zaku horretan sartu izanak ez dakit zorte onik ekarriko dion, eskertzen diodan arren), zein modu batean edo bestean bidelagun izandako pertsona anonimoen esanak.

Eskura dituen osagai horiekin guztiekin, oroimenaren makina abian jarrita, kolonialismoaren arrastoetan barneratuta, geure euskal gizartea ere ikusiko dugu islatuta. Gure historia —ofiziala zein kontatu gabea—, eta gure patua. Niri Walmapun maputxeek gure parte hartze tamalgarriarekin pairatutako egoera asko ere ekarri dizkit gogora. Izan ere, mota bateko zein besteko paralelismoak etengabe agertuko zaizkigu.

Azken finean, gure antipoden bitartez, geure buruaz pentsatzeko eta gure patua geure eskuetan hartzeko gonbita da Fitoren liburua.

Eztabaida dezagun, beraz!

Azken kritikak

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak