« Poesia bainua |
Reset / Aitziber Etxeberria / Erein, 2025
Gogorik ezak pentsamendua akabatu(ko) ote du Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-08-03
Soako bat gibelera
Aitziber Etxeberriaren Tango urdina eta Olivetti liburuak iruzkindu nituen behiala. Idazlearen lau narrazio-eleberrietatik bi. Besteak beste, hauxe adierazi nuen: lehenengoan eta azken lanean ezaugarri desberdin nabariak ez izatea. Hala berean, “kritika”-k kasu gutxi egin izana. Azken iruzkinean idazlearekiko nire jarrera paternalistaz desenkusatzea nintzen. Iraganak iragan, beude haiek han. Betoz ele berriak.
Iritzi bat abiaburuan
Hainbat ele post scriptum arbuiagarrirako laga barik, hona aitorpen bat: usteak uste, Reset eleberria aurreko bere beste liburuen aldean ezberdina da. Idazlearen proposamen eta ahalegin berria da. Eta ez soilik eta baitezpada, eleberri honetan mundu distopiko bat deskribatzen duelako. Baizik eta traman eta narrazioan eleberrigileak egin duen ahalegin nabarmena dela eta.
Prologoa
Iruzkin honen prologoaz ari naiz, Sar hitza delakoaz. Reset nobelak ez dauka prologorik, epilogoa bai ordea. Kontu bitxi bat, bidenabar: zuzenek prologoa hitza gorriz azpimarratzen digu, epilogoa, aldiz, ez. Elhuyar hiztegian ez da lehenbizikoa ageri, bigarrena bai, ordea. Bitxia ezta? Ez da zientzia fikzioa. Alabaina, zientzia teknologikoak zur eta lur uzten gaitu sarritan. Edo halatsu utzi ohi nau nerau. Tira, bidenabar erranik, halatsu utzi nau Resetek.
Formaz eta estetikaz
Edukiari buruz jardun aitzin, haren formaz edota estetikaz ele sorta bat: nobelak bi atal ditu. Lehenak 21 zatitan emana: 1-21. Bigarrenak: 22-47. Zuk zeuk egin kontu. Apirilaren 17an datatuta dago. Alegiarioaren 46. urtea da. Kontutxo bat: ez dut nobela bi ataletan bereizteko arrazoirik kausitu.
Eskaintzaz bestera, Epilogoa dauka. Errana jada. Baita esker oneko hitzak ere liburuaren editorearentzako.
Liburuaren beraren estetika hotza da. Nobelaren beraren premonizioa, hain ziur. Kasu baina, hotz horrek erretzen baitu. Adierazi nahi dudana, nolabait, agerikoa duzu liburuaren azalean. Horra hor planeta hotz-beroa! Gurea, naski. Hori mundu epel-txepela!
Hala berean, garrantzizkoa hau ere: eleberrian sartu aurretik, Leonard Cohenen The Partisan olerki-kantaren boskarren ahapaldia duzu. Euskarara ekarrita:
O, haizea, haizea / Hilobietatik haizeak jotzen du / Askatasuna laster iritsiko da / Itzaletik aterako gara orduan
Nobelako lehen lerroa, berriz, hauxe: Haizea egurrezko leiho zaharren artetik irristari dabil, jostari; ez du miatu gabeko zirrikiturik uzten.
Edukiaz mamiaz funtsaz
Baga: iruzkingile (h)onen zereginetako bat irakurleak nobelara erakartzea den aldetik, ontsalaz, sinopsia moduko bat izkiriatu behar nizuke. Nekeza zait, benaz. Behar izatera, baduzu sinopsi bat liburuaren kontrazalean. Segidan idatziko dudanak liburua eskuratzera eramaten bazaitu, ni pozarren.
Biga: eleberri honen hitz, kontzeptu edota ezaugarri batzuk aldatuko ditut hona, berean sartzen lagundu aldera: Salpa. Salpa eskumuturrekoa. Burtsala. Holograma. Lan Eremu Espezializatua. Zaharkin Eraikina edo Biltegia. Klaustro Zuria.
M eremuko gizarte teknologikoa.
Ahapaldi bi:
— Kartzela sistemak gaizkilea zuzendu eta birgizarteratzea du helburu.
— Mila esker, Eirwyn, adimen artifizialez sorturiko laguntzaile adimentsu birtuala ez banintz, nirekin ligatu nahian ari zarela pentsatuko nuke.
Zilarrak eta Karbonikoak bestalde edo halaber, horiek “izakari” bizidunak izaki. Bizidunak edo.
Higa: pertsonaia asko ari dira nobelan. Horietako batzuen izenak, hasieran, akronimoak dira. Adibidez: TEN01 eta ZIP65 izakarien izenak dituzu. Humanoak edo. Edo. Beste izenak ezaguna(goa)k ditugu. Herri edota nazioetako pertsonen identitateen izenak. Gure planeta honen eboluzioaren adierazgarriak nonbait. Hala nola, Fionn, Harria, Naura, Mara, Noel edota Eirwyn.
Laga: pertsonaien artean ibilki naiz, nahas-mahasean, anabasa batean. Irakurtzeko nire gabezia izan daiteke, besterik gabe. Irakurle balizkoa zaren hori lagundu aldera diot, diotsut. Narratzailearekin arazoak izan ditut, hori ere nire muga izan daiteke. Usteak uste, honatx biren izenak: Naura eta Harria. Baliteke gehiago izatea.
Boga: baliteke, bistan da, nik aipatu izaki-izate adierazle horiek baino aise gehiago izatea. Berbarako, bi gehiago, arruntak: sistema eta erakundea.
Nobelaren izakiak kontingenteak dira. Izaki kontingentea ez da berez ari, beste batez ari da. Horrela, izan daiteke eta ez izan, ez da zertan izan, alegia. Alegia aroan gaudenez gero, diot. Diotsut.
Sega: alegia, Alegiaroaren 46. urtea da. Idatzia jada. Alegien aroa, naski. Alegia ote?
Zai, zoi, bele arma tiro pum!
Nobela nola iruzkin hau zenbakiak medio antolatzen hasia naiz. Ez dut nobelako bi ataletako zenbaki adina behar, halarik ere. Nire armak desarratzeko unea heldu zait.
Premisa bat: nobela irakurtzen hasia, hainbat bider ikusita dudan Ridley Scotten Blade Runner filma eskaini du telebista-kate-zenbatezinezkoen kanal batek. Gauean eskaini ere. Egunaren argitan nekez murgilduko nintzateke film horretan. Vangelis-en musika lagun, ezaugarri bat: filmaren nolakoa gure planetako etorkizuneko atmosfera halakoa.
Zergatik aipatu dudan hori guztia? Bada, Reset irakurri bitartean Blade Runner filmak zimiko-azkura sorta eragin baitit. Tarteka-marteka, xantza onez, The Partisan kantaren musikak gozatu dizkidanak.
Reset: birdoitu dezadan nire jarduna. Berrasieratu dezadan nire burua. Kokatu nadin, alegia.
Alegiaroan gaude, alegia. Errana dut hori ere jada. Alegia, nobelako hitzak ez dira ele zaharrak, etorkizuneko eleak baizik. Ele terminologia kontzeptu eta burutapen distopikoak aurkitu(ko) dituzu, beraz, gezurrezkoak. Ez kexa ez arduratu ez kezka, behialako eta egungo munduak, disimuluzkoa, disimuluzkoa izaten jarraitzen du etorkizunean. Heldu den mundu teknologiko disimulatua duzu. Gure burua engainatzen segitzen dugu, engainatzeko moduak aldatu dira.
Sistema eta erakundeak berberak ez, baina berdinak edo antzekoak dira. Berauek kudeatzen dituzten “pertsonak” ez dira berberak, baina berdinak edo antzekoak dira. Sistema eta erakundeak irauli nahi dituzten pertsonak edo “izakariak” ez dira baitezpada aldatu ere —nobelaz ari naiz, noski—.
Izakariak: izaki iraultzaile lausoak.
Reset nobelak mundu konplexu bat deskribatzen digu, ez horrenbeste berria ere, ez horrenbestez berria. Berriak zaharrak dira nobelan, berriak berri izanagatik ere.
Balorazioa
Iruzkinik iruzkin —taxuzko kritika egitetik urrun—, narrazioa berbez ongi dohatua begitandu zait, kontakizunerako idazlearen iaiotasuna begi-bistan dago. Zenbaitetan, kontakizunean ateraldi edota buru-kolpeak apur bat agerikoak egin zizkidan arren. Okurrentziak, gaztelania-euskaratuan.
Nobela konplexua da, eta beharbada edo agian, nobela batek eskaini behar duen thriller amiñi bat gehiago falta du. Gertaerek irakurlea ustekabean harrapa dezaten intriga eskas hatzeman dut. Suspense apur bat tenkatuago baten beharra sumatu dut.
Hona distopia hitzaren definizioa: giza alienazioa eragiten duten ezaugarri negatiboak dituen etorkizuneko gizarte baten irudikapen fiktizioa da distopia.
Bidenabar: zuzenek hitz hori ere, gorriz azpimarratzen digu.
Nobela distopiko gutxi irakurri dut orain arte. Eta gutxi horiek ez zaizkit bereziki kitzikagarriak egin. Usteak uste, nago etorkizuneko “gure” munduak, berez, ez diola literaturari deus bereziki berria ekarriko.
Ez dut erran nahi, gure planetako paisaiak ez duela literaturarako espazio kitzikagarririk eskainiko etorkizunean —paisaiak ez du literatura egiten—, aitzitik, etorkizuneko izakarien pentsamendua lausoa izanen da, pentsamendu ezdeus horrek ez du literaturak behar duen logosa taxuz atxikiko.
Alegia, fikziozko alegia-aroaren garai horretan, mundu teknologiko digital analogikoak norbanakoon hitza mintzoa eta literatura suerte oro akabatu(ko) ditu. Berbarako, unibertsitateek ez dute hizkuntzaren zientzian beharrezko arreta ipintzen honezkero, sistema eta erakundeak “kontrolatzen” dituztenek ez dute aintzat hartzen literatura. Aitzitik, eurentzat, literatura traba da gainerako zientzien garapenerako.
Egungo literaturak reset baten beharra dauka. Edo reset askoren resetak.
Nago, etorkizuneko literatura, egungo literatura jada, literatura distopikoa barne, hotz jaiotzen dela. Alta bada, distopikoak, kasu, hotz izanagatik, gure arima (*) kiskaltzen du. Horra paradoxa! Horratx paradigma!
Paradigma: teoria edo teoria-multzoa, arazoak konpontzeko eta horien ezagutzan aurrera egiteko oinarria eta eredua ematen dituena, alabaina, nukleo-zentrala ezbairik gabe onartzen duen teoria duzu.
Azkenik: Reset nobela, jadaneko oraina den etorkizunaren arimarik gabeko literaturaren premonizioa da. Gogorik ezak pentsamendua akabatu(ko) ote du. Ez naiz horregatik, Reset gutxiesten ari. Gabeziak gabezia —irakurle honenak barne— etorkizuna den oraina interpretatzeko lagungarria duzu.
(*): arima elea gustuko ez duenarentzat, honatx beste bat: gogoa. Gureagoa, naski. Gogoa elean, arima edota espirituaz batera, gure pentsamendua baita izan.
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga
Zoriona, edo antzeko zerbait
Karmele Mitxelena
Ainhoa Aldazabal Gallastegui