« Gogorik ezak pentsamendua akabatu(ko) ote du | Neskamearen historia »
Oihaneko ipuinak / Horacio Quiroga (Xabier Monasterio) / Testu Zaharrak, 2024
Oihanaz, animaliez eta gizakiez Jon Jimenez / Gara, 2025-08-10
Guarani herria ebanjelizatzeko sortu zuten San Ignacio hiria jesuitek, badira jada lau mende, egun Misiones deritzon lurraldean, Argentinako ipar-ekialdean. Modernitatearen eta inperialismoaren makineria espirituala lurreratu zuten han, erlijio unibertsala eta lanaren etika berri bat eramanez, naturarekin harreman estu eta orekatsuan bizi ziren komunitateetara. Gizakia ez zen han naturaren jabe, haren parte baizik. Hiru mende geroago, 1908an, eta hiriaren zurrunbilotik iheska, iritsi zen hara, oihanaren erdira, Horacio Quiroga (1878, Salto – 1937, Buenos Aires) idazlea. Hamar urteko egonaldi hark barnean utzi zion arrastoa bildu zuen “Oihaneko ipuinak” (TZ, 2024) bilduman. Bere seme gazteei eskaini zien, baina edozein heldurentzat gomendagarria da liburua. Gizakiaren eta ustezko natura, jatorrizko, galdu eta orekatu horretan gizakiari tokia aurkitu nahian idatzi zituen fabula forma arras tradizionala duten alegiok. Eta hala, animalien antropomorfizazio ezberdinen bidez, “antrozoologia” deritzon zientzia berriaren aztarnak ikusten dizkiogu Quirogari, alegia, “gizakien eta animalien artean maila guztietan sortzen diren harremanak eta elkarrekintzak” ditu jomugan, Seve Callejak aitzinsolasean adierazi eran.
Dortoka bat jan nahi zuen tigreak; dantzaldian koral sugeak maitemintzeko galtzerdi koloretsuez mozorrotu ziren flamenkoek; loro zelatari etxekotuak; kaimanek, oreinkumeek, koatiek, erleek… eta gizakiek XX. mendearen hasieran kokatzen den antiespezismo eta ekologismo bati, protoekologismo edo ekologismo ingenuoa deitzen ahal dugunari, alegiazkoari, bidea eginen diote. Egitura argi eta errazeko kontakizun laburrek, nobleziaz, adiskidetasunaz, maltzurkeriaz eta xalotasunez mintzo zaizkigu bertzeak bertze, animaliak izanik protagonista nagusiak, gizakiaren ondoan. Hala ere, Callejak ondo adierazten duen eran, “bizitzaren eta heriotzaren arteko talka eta ankerkeria eta samurtasunaren arteko” kontrasteen ondoan, “idazlearen beraren biografiako pasarte anker eta saminen oihartzunak iritsiko zaizkigu”.
Desclee de Brower-en estreinako euskarazko edizioaren 30 urtemugan, edizio berritua dakarkigu Testu Zaharrak argitaletxeak. Xabier Monasterioren itzulpenarekin batera, Daniel Tamayoren irudiak jasotzen dituena. Harridura naturalistaren xendra beretik baina politizazio maila sofistikatuagoa duen eta dramatikoagoa den “Anakonda” gure hizkuntzan irakurtzeko, itxaroten dugun bitartean, Latinoamerikako ipuingileen artean handienetakoa den Quirogaren obra aitzindarian lehen sartu-irtena egiteko oso baliagarriak zaizkigu “Oihaneko ipuinak”.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi