kritiken hemeroteka

8.518 kritika

« | »

Hain gutun luzea / Mariama Ba (Iokin Otaegi) / Edo!, 2015

Irakurle maitea Amaia Alvarez Uria / Argia, 2015-06-21

Josune Muñozek hitzostean dioen bezala, Afrikako literatura euskaraz irakurtzeko aukera gutxi izan dugu orain arte, eta hori aldatzera dator Iokin Otaegiren itzulpenari eta EDO! argitaletxearen ekimenari esker dugun Mariama Bâ-ren Hain gutun luzea. Nobela 27 ataleko gutun gisa dago egituratua. Ramatulaye-k bere lagun Aissatou-ri gutun bat idazten dio senarraz alargundu eta gero etxean pasa behar dituen berrogei dolu-egunetan. Bertan bien bizitzaren gorabeherak aletuko ditu, deskolonizazio ostean aldaketa garaiko zurrunbiloan dauden bi emakume senegaldarren kronika eginez.

Gutunaren formatuak partikularretik kolektibora salto egiten utziko dio: bi lagunen eskola garaitik irakasle lanbidera, ezkontzatik seme-alabak izatera, eta jasandako poligamiatik honi aurre egiteko modu desberdinetara garamatza. Muñozen arabera, narratzaileak “bere barrua hustuko du” pertsonaletik politikorako bidea eginez eta bikotea, familia eta nazioaren arteko loturak josiz.

Lehen emakume aurrerakoi hauek Afrika berriaren ordezkariak dira: “Gure belaunaldiaren pribilegioa izan dun bi garai historikoren arteko giltzarri gertatzea; mendetasunarena bata, independentziarena bestea”. Oso kontziente dira haien belaunaldiaren ardura soziopolitikoaz, eta sozialismoa eta feminismoa dituzte aldaketarako ardatz nagusi: “Mundua astintzen ari ditun emakumearen askapenari buruzko ur-biziek, eta ez naiten ezaxola uzten”. Hala ere, badakite zuriengandik jasotako guztia ez dela urrea eta bi suren artean dabiltzala dantzan: “Kanpotik ekarritako grina gaiztoen eta bertute zaharren erresistentzia itsuaren artean, bere oinarri sakonetan astindua dagoen gizartea” baita bizi dutena.

Pentsamolde tradizionala eta modernoa haragiztatzen dira pertsonaia desberdinetan: Farmata da antagonista, Ramatulaye-k adinkide duen auzokoa, “haren egia ezin zunan nirea izan” diosku une batean protagonistak, bien arteko mentalitate desberdinak islatuz. Poligamia da sakonen jorratzen duen gaia, “kontzientziaren zama gertatu diren eragozpenak, gezurrak eta bidegabekeriak” direlako honen ondorio lazgarriak eta miseria edo bakardadea besterik ez duelako ekartzen bere hitzetan.

Amatasuna eta belaunaldi berriak ere oso presente ditu. Horrela definitzen du lehena: “Ama gaitun azaldu ezina ulertzeko… uholdeari aurre egiteko”. Bere hamabi seme-alabak belaunaldi berriak irudikatzeko baliatzen dira: “Nik amets egiten dudan bikotearen irudia dun” dio bere alaba nagusia den Daba eta bere bikoteari buruz hitz egitean. Honen adimena eta argitasuna harrigarri eta pozgarri gertatzen zaizkio: “Guztiaz ematen zinan arrazoia ume honek”.

Azkenik, maitasuna eta adiskidetasuna dira bere bizitzaren zutabe nagusiak, eta nahiz eta maitasuna “bizitzaren ahogozoa eta gatza” dela esan, “adiskidetasunak badin maiteminak ezagutzen ez duen handitasuna” dio. Aissatou-rekin duen adiskidetasunaren seinale da noka hitz egiten diola, itzultzaileari eskertzen dioguna. Emakume idazle afrikarren literatura ezagutzen jarraitzeko gogoa piztu zaigunez, Muñozen gomendioari jarraituko diogu Ken Bugul eta Fatou Diome-ren lanak bilatuz. Auskalo, agian egunen batean, hauek ere euskaraz egongo diren esperantzarekin.

Azken kritikak

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Asier Urkiza

Paziente isila
Alex Michaelides

Nagore Fernandez

Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa

Aritz Galarraga

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Mikel Asurmendi

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Aitor Francos

Urrats galduen hotsa
Luis Garde

Jose Luis Padron

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak