« Tripetatik espresatzen den errealismo tragikoa | Baina bazuen aitzindari-puntu bat »
Antropozenoaren nostalgia / Patxi Iturregi / Elkar, 2025
Fikzioaren bidezidor malkartsuak Hasier Rekondo / Deia, 2025-05-03
Autofikzioaren garaiotan, non ipuingintzak iraganeko boterea galdu baituen, eskertzekoak dira irudimenaren bidez kontatzeko grina agertzen duten literatur-proposamenak. Alta bada, gurariaren eta emaitzaren arteko bidezidorrak malkartsuak izan daitezke.
Patxi Iturregik (Laudio, 1952) narrazio laburra landu du batez ere 1986an Tropikoan galtzeko gida ipuin-bilduma batean argitaratu zuenetik, Erein argitaletxeak eratu lehiaketa bati esker. Nautika ikasketak egindako egile honek itsasoari lotutako gaiak jorratu ditu munduko itsasoak petrolio-ontzietan lanean zeharkatu ondoren. Lanbide horrek ikusmira “jorratuagoa” eman dio deskribatu nahi dituen munduak garden eskaini ahal izateko. Izan ere, horixe baita Iturregiren osagairik preziatuena: giro oso bestelakoak deskribatzeko dohaina. 1986az geroztik, Haize kontra gogoangarria argitaratu zuen hamar urte geroago itsasoko kontuak prosa eder eta argi batekin ehunduz.
Ipuingintzaren esparru oso berezian bestelako dohainak ere behar beharrezkoak dira, hala nola, kontatzen denaren eta ez denaren arteko oreka, kontakizunaren klimax-ak narrazio laburraren amaieran eztanda egitea edota pertsonaien arteko elkarrizketak erritmo egokian txertatuak izatea. Nago Antropozenoaren nostalgia (Elkar, 2025) honetan gutxitan lortu duela horrelakorik Laudioko egileak.
Eta ezin zaio inondik inora ukatu, bizitzaren esperientzia sakonak ematen dion begirada zehatz bati esker, gizarte post-industrialaren eta egungo zein etorkizuneko distopien ajeak azaleratzeko gaitasunik. Lehen eta hirugarren pertsonaren arteko jauziak eginez idatzita daude istorioak, kontakizun motaren arabera. Esaterako, 16 istorio labur hauetan badago kalitate literariorik, betiere egungo errealitatean sustrai sendoagoak dituzten narrazioetan, nire gusturako onenak liburuari hasiera ematen dion Partekatzearen garrantzia eta Zeruko lorratzak zeinetan kritika soziala eta umore fina lantzen baitiren. Hala eta guztiz ere, zientzia-fikzioaren esparru malguan bete-betean barneratzen denean hutsalak suertatu zaizkit narrazioak, batez ere, liburuari izena ematen dion hori. Lur post-apokaliptikoaren gaineko narrazioa oso jorratua eta lar didaktikoa iruditu zait. Horrez gain, pertsonaien arteko elkarrizketen didaktismorako joera naif horrek narrazioaren asmoa zapuzten du erabat.
Iturregiren liburuak, hala eta guzti ere, badu nabarmentzekorik. Betiere, egileak zenbait egoera deskribatzeko erakusten duen berezko ahalmenean oinarrituta. Aipatzekoa da, halaber, tituluak aukeratzeko duen trebezia, gurean ez ohikoa bestalde. Zenbait paragrafok liburua bera “salbatzen” dute. Esaterako, Makina desiratzaileak eta denboraren azelerazioa izenburukoan, hasierak berebiziko indarra agertzen du. “Pasa den astean memoria eta pertzepzioa areagotzeko buru inplante esperimental bat ezarri zidaten Neuralex klinikan”. Apika, horixe izango da gure etorkizun beldurgarria aurki. Espero dezagun, bada, liburu honek kutsatzen duen kontatzeko grina inongo inplanterik ezin ordezkatzea, horixe baita bere egilearen ezaugarri gorena.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi