« Bestetasunari soa | Fikzioaren bidezidor malkartsuak »
Francesco Pasqualeren bosgarren arima / Unai Elorriaga / Susa, 2024
Tripetatik espresatzen den errealismo tragikoa Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-05-01
Aitormena
Aitormena Hertzainak taldearen kanta da. Aitormena da ere bai, hala berean, Unai Elorriagaren liburu honen iruzkinaren hasmentan egin gura dudana. Kantaren lerro bat segidan: “Ez dakigu non dagoen hoberena”. Bada, handi-handika, oro har, Unai Elorriagaren liburuak —bere literatura— irakurtzean horixe gertatzen zait. Horixe. Horixe bera. Ez dakidala ziur non nagoen. Aitormena kantaren bertze lerro batzuk ere sano esanguratsuak dituzu. Adierazi gura dudana, adierazi nahi dizudana ulertzen laguntzeko, alegia.
Bidenabar erranik, eta literatura dela medio, beti galdezka: kantaren hitzak Jose Luis Padrón poetarenak dira. Omen, eta ei, kanta baten egiletasuna “ezabatzen” denean kanta herriarena izatera iragan omen da. Iragan ei da. Kanta baten berben egiletasuna ere bai?
Aitormenak aitormen, Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuaren gaineko interpretazioa egiteko zorian nago. Porru eginda nago. Neka-neka eginda nago. Oroimenak eta oroiminak jota nago. Literatura egile honen lengoaian erranez, bere estiloan: flakiak jota. Unadurak jota. Baliteke nire oroimena kraskatzen hasi izana. Oroimena oroimina bihurtu izana. Nork bere mugak ditu. Nork bere gabeziak bizi ditu.
Historiaren istorioei buruz
Liburu hau historiari atxikia da. Gure historiaren gaineko istorio sorta da. Istorio sorta batek osatutako liburua. Italiar zenbaiten istorioak dituzu. Euskaldun zenbaiten istorioak. Italiarren eta euskaldunen istorioak. Italiar istorioak. Euskal istorioak. Istorioak istorio, ipuin liburua al da? Nobela al da? Irakurri ezazu. Zeure juzkua egin. Nire juzkua zein ote? Bada, ipuinez osatutako nobela da, naski. Hibridoa da. Historiaren egile diren zenbaiten biografiak —labur-laburrak badira ere— berean daude ere bai. Hala nola, Francesco Pasquale pertsonarena. Francesco Pasqualerena nagusiki. Baita Richard Wargner, Robert Schumann eta Guiseppe Verdirena ere. Alegia, azken hiru pertsona horiek errealak dira, ez dira fikziozkoak. Liburuaren pertsonaia nagusia ez da ere fikziozkoa. Ez da idazleak asmatua. Francesco Pasquale pertsona erreala fikzionatua da. Pertsonaia da. Bertze hirurak ez. Bertze hirurak ez dira fikzionatuak. Zilegia al da pertsonak literaturan/liburuan agertzea/sartzea, beren horretan, diren bezala, diren legez. Horiek horrela, horien erretratu biografiatua literatura dela ontzat jo daiteke? Literaturak galderak iradokitzen ditu. Literaturak itaunak sujeritzen dizkigu. Haizu al dira galderok?
Francesquo Pasqualeren (Sapri, 1825 – Bermeo, 1910) bizitza eta bidaia aurkituko duzu liburuan. Italiatik Euskal Herrira eginiko bidaia. Francesco Pasquale liburu honetako protagonista, giza-migrazio fenomenoaren protagonista duzu. Giza-migrazioa, menderik mende, munduan gaindi eta barrena, gaurko egunean jarraitzen duen fenomeno soziala. Liburu nobelestiko eta biografiko hau 20 txatalez osatuta dago. Denak istorioak dira. Baina denak ez dira ipuin. Italiako eta Euskal Herriko aireak arnastuz batera, ipuin hauetan, bertzeak bertze, Dresden (Alemania), Katalunia edota Kubako aireak arnastuko dituzu. Aireak eta ahaireak. Biografietakoen doinuetan.
Bidenabar erranik —bistan da, bistan denez, datu hau estraliterarioa duzu—: Francesco Pasquale Unai Elorriagaren senidea duzu. Antzineko senitartekoa. Unai Elorriaga Francesco Pasqualeren senidea duzu. Zuhaitz genealogiko bereko adarrak dituzu biak ala biak.
Bizitza bidaia omen da. Bizitza bidaia ei da. Literatura bidaia omen da. Literatura bidaia ei da. Bidaia, bizitzaren esperientzia, daramazun bagajearen araberakoa da. Literaturaren esperientzia zure gainean daramazkizun letren-bagajearen araberako da. Beraz, bidaia Italian abiatzen denez gero, komeni zaizu bagaje literario gutxieneko bat zurekin eraman dezazun. Historia filosofia edota erretorika ezagutzea komenigarri zaizu: dela Giambattista Vico, dela Dante Alighieri, dena delakoarena dela… Arrazionalismoa, morala, pentsamendu politikoa. Garaian garaiko politika ezagutzea ere gomendatzen dizut. Alegia deus ez!
Bizitza drama da. Bizitza tragedia da. Bizitza komedia da. Bizitza nola literatura hala. Literatura nolako liburua halako. Unai Elorriaga nolakoa Francesco Pasquale halakoa. Francesco Pasquale nolakoa Unai Elorriaga halakoa. Berbarako, Giambattista Vico nola Giovanni Vico hala —Bosgarren deritzan istorioaren ildoan—. Jainkotiar komedia nola Marmaro hala —Marmaro, jainkoarren istorioaren ildoan—. Bizitza drama bada, tragedia bada, komedia bada, bizitza absurdua da. Halatsu ere literatura. Historiaren istorio hauek literaturara ekarrita, ipuinak dituzu. Hainbatetan ipuin absurduak begitandu zaizkit. Bizitza nola, bistan da. Literatura nola, prefosta.
Estiloari buruz
Arrazoinamenduak egiten gaitu. Emozioek eta pasioek ere bai. Estiloak egiten gaitu. Arrazoiz eta emozioz osatuta gaude. Bai emakumeak bai gizonak. Estiloak ere egiten gaitu, osatzen gaitu. Alegia, arrazoiak emozioak pasioak afektuak estiloak egiten gaituzte gu geu. Egiten gaituzte gizaki. Nolako bizitza halako literatura. Estiloak egiten du ere literatura. Ez dut Unai Elorriaga ezagutzen. Ordea, ausartuko naiz erraten: bere estiloa nolako bere literatura halako.
Norbanakoen estiloa deskribatzen nekeza da. Subjektuarekin objektibo izatea zaila da. Objektibotasuna ez da norbanakoon begi-bistakoa. Unai Elorriagaren estilo literarioa deskribatzea zaila da. Zaila zait. Zaila egiten zait. Neke egiten zait. Bizitzak nolakoxea, halakoxea literaturak berak iradokia. Berbek egiten dute literatura. Letrek egiten dute literatura. Liburu honen nolakoak idazlearen iradokizunak halakoak. Idazle honen berben ariora ari nauzu. Horixe nire interpretazioa. Hauxe nire iruzkina. Hauxe nire kritika. Kritika al da? Kritika ote, naski.
Izanari buruz
Izenak (bere) izana du. Izanak (bere) izena du. Izanak (bere) estiloa du. Estiloak (bere) izana du. Unai Elorriagaren literaturaren izana esentzian datza. Pertsonaien sakontasunean arakatzen du. Haien baitara jaisten da. Euren sakontasunera bajatzen da. Infernura jaisten omen ei den legetxe. Egiazkotasuna esentziala da bizitzan. Behako lauso batez egiazkotasun esentzialak oximorona irudi du. Funtsean hala da. Hala begitantzen zait. Gizakion egiaren esentzia azaleratzea hain da nekeza! Gizakion esentziaren egia azaleratzea hain da nekeza!
Iragankortasuna, behin-behinekotasuna, horiexek dituzu pertsonon izanaren deskribatzeko ezinezkotasunaren adierazle. Gure ezinezkotasuna espresatzeko ezintasunaren irudikoak. Pertsonok ez gara gure denboratasunaren jabe. Literaturaren bidez sortzen diren pertsonaiak halakoxeak izaki. Fikziozkoak. Literaturako pertsonaiak dira pertsona errealek denboratasunarekin daukaten ezintasuna hobekien deskribatzen dutenak. Omen. Ei. Ordea, literaturako pertsonaiak deskribatzen hain da nekeza. Pertsonok —izaki errealak— ametsak izaten/egiten ditugu. Amets “errealak” hala nola onirikoak. Halaxe egin ere literaturako pertsonaiek. Hainbestean, amets onirikoak eta “errealak” nahasten zaizkigu. Amets errealak eta onirikoak nahasten ditugu.
Unai Elorriagak sortzen dituen pertsonaiak aipatu tesitura horretan “bizi” dira. Halako giroan errekreatzen dira. Halakoxetan bizi bide dira. Pertsonaia horiek arima anitzen jabe dira. Askotarikoen arimen adierazle. Kasuon, liburuaren beraren izenburuak, Francesco Pasqualeren bosgarren arimak horixe aditzera ematen digu. Arimaz arima, liburu honetako pertsonaien arimak askotxo dira. Ugari dira. Anitz dira. Zenbat narratzaile hainbat arima. Are, zenbaitetan, pertsonaien arimak nahastu egiten dira. Berbarako, Francesco Pasqualeren gorputza bigarren emazteki Isabelekin ohean denean, lehen emazteki Juana Josefaren arima agertzen zaio. Arima denak nahas-mahasean ari dira. Izaki dira. Ari dira izaki. Konparazioenera hau ere: Enrico pertsonaia fantasma da Francescoren bizitzan. Berbarako hau ere: arimak anitz dira izaki.
Estiloak izana du izanak estiloa
Unai Elorriagaren liburu hau mosaikoa da. Mosaiko hitzaren jatorrian musak daude. Omen eta ei. Erromako Trastevere auzoko basilikako teselak nola, halakoxea duzu idazle honen literatura-estiloa. Tesela pilak osatutako mosaikoa. Literatura —oro har ari nauzu— deskribatzean estiloa sano aipatua izaten da. Sarritan aipatua. Esaterako: errealismo magikoa literatura estiloa da. Estilo bat da. Unai Elorriagaren estiloa definitu aldera, berriz, hauxe: errealismo tragikoa. Tripetatik espresatzen den errealismo tragikoa. Tripetatik idazten den literatura. Hainbatetan estilo magikoa ere bada. Badago estilo horretan gailentzen den tik moduko bat, nerbioaren tika ukitzen duena. Nire nerbio-tikaz ari nauzu. Eta da, hitzekiko obsesioa. Berbekin egileak daukan obsesioa. Obsesio horrek perturbatzen nau. Obsesio horrek artegatzen nau.
Hitzekiko obsesioa. Esaldiekiko obsesioa. Paragrafoekiko obsesioa. Pertsonaien obsesioa nola, halaxe bere literatura. Hainbesterako, ezen eta pertsonaia ia gehienen izaera ergela begitantzen zaidala. Berak sortutako pertsonaiak inozoak dira. Mozoloak tuntunak lainoak. Pertsonaia horiek beraien tripetatik espresatzen dira. Batez ere tripetatik. Niretzat, noski.
Bagajeak bagaje, gu, europarrok, mendebaldarrok, neurri handi batean kultura greko-erromano-latinaren ondorioa gara. Omen eta ei. Gure sehaskaren zumeak Italian txirikordatu ziren. Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberria edo dena delakoa horren lekuko duzu. Alabaina, literaturak zer galdetua ematen du beti. Literaturak zer galdetua ematen dit beti. Liburu honetan, literaturan orobat, esentziak esentzia, espresio politikoa agerikoa omen bide ei da. Gizakiontzat esentziala. Politika da gure izatearen funtsezko espresioa. Esentziala. Existentziala. Liburu honetan politikaren funtsezkoaren esentzia antzeman daiteke. Baina egiari zor, gogotik arraskatu behar da. Arraskatu behar izan dut. Izan ere, ez dut (gure) politikaren arima antzeman. Ez nahi beste. Ez horrenbeste adina. Hots, euskaldunak ba al du arima politikorik? Euskaldunok arima politikorik al dugu?
Euskaldunon arima gogoan, Jorge Oteiza heldu ohi zait gogora. Jorge Oteiza eta euskal arima bereizezinak dira. Oteiza eta arima lotuta daude. Jorge Oteiza eta euskal politika arrunt lotuta daude. Jorge Oteiza artista —sortzailea, beraz— eta Jorge Oteiza politikaria bagaje berean doaz. Artista eta politikaria bat-bedera doaz. Niretzat, noski.
Bidenabar erranik, berriz ere erranik: niretzat eta nire ustez, ez dira adiera bera. Niretzat eta nire ustez espresioek ez dute adiera bera espresatzen.
Bidenabar erranik (bis): hala izanagatik ere, Jorge Oteitza contradictio in terminis da. Alegia, bere espresioa kontraesankorra da. Ensayo de interpretación estetica del alma vasca delakoa, bere-berez, halakoxea baita. Berean, euskalduntasunaren arimaren estetika edota estiloa interpretatzen du euskaldunaren esentzia galdurik. Esentzia ezabaturik.
Zertara datorren aurreko paragrafoko hori? Bada, honetara dator. Honetara nator. Literaturan esentziala funtsezkoa da. Bizitzan nola. Bizitzan existentziala funtsezkoa da. Literaturan existentziala funtsezkoa da. Bizitzan nola. Niretzat, esentziala eta existentziala bat-bedera datoz, eta hala berean, aldi berean, bereizenak dira. Esentziala eta existentziala, bizi esperientziaren ifrentzua eta aurkia dira.
Francesco Pasqualeren bosgarren arima eleberria delako honetan esentzialak —izadiak— existentziala —izana— estaltzen du. Izadiak izana ezabatzen du. Gizakion izaeran funtsezkoa den jite politikoa “ezabatuta” dago. Are ezabatuago izaki, euskal izatearen izan politikoa. Nire pertzepzioa da, bistan da. Nork bere existentziaren hautematearekin bizi da.
Akitu aldera
Egia erran. Egiari zor. Akituta nago. Unai Elorriagaren literaturak —irakurri ostean— akituta amaitu izaten dut. Akitu berbak hainbat adiera ditu. Zuk aukeratu hitzaren adiera, irakurle. Gura duzun adiera. Irakur ezazu eleberria. Ez zara haatik, aspertuko, ez aburrituko ez eneatuko ez annoiarsiko.
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Paloma Rodriguez-Miñambres
Simulakro bat
Leire Ugadi
Mikel Asurmendi
Ezinezkoaren alde
Iñigo Martinez Peña
Mikel Asurmendi