« Sobietar giroa | Irakurle maitea »
Denbora bere lekura / Gerardo Markuleta / Erein, 2015
Poesia inarrosten duen bonsaigilea Hasier Rekondo / Berria, 2015-06-21
Gerardo Markuletak (Oñati, Gipuzkoa, 1963) bonsaiak inarrosten diren gisara ehuntzen ditu poemak, klasizismoaren eta gardentasun lirikoaren gorazarrez. Haren azken poemario honetan, Denbora bere lekura (Erein, 2015) emeki umotutako poesia berantiarraren harribitxiak laga dizkigu. Poema-bonsai taxugile lan horretan minimalismoaren eta argitasunaren moldeak ditu nahiago Markuletak. Hala nola denbora bere lekura alkimista baten gisa kristalizatu nahian, horrela diosku Argazki albuma poeman: “Bizi unea/ unea oroitzeko./ Oroit uneak./ Hala egin genuen,/ horixe dugu gaur”.
Orain arte itzulpengintza eta poesiagintza jorratu izan ditu Gasteizko karriketan denbora eta espazioa lekoratu dituen egileak; itzulpengintzaren alorrean, Poeta katalan garaikideak (Elkar-Urrezko Biblioteka, 2014) edizio berritua dastatzeko aukera izan genuen azkenekoz. Oraingo honetan, orain arteko bere seigarren poesia liburuan, 50 poema paratu ditu lau azpiataletan bananduak: Denbora bere lekura, Ezkutuko tiradera, Altzari japoniarra eta Biok egur, biok su. Titulu nagusiak berak iradoki lezakeen denborarekin jokatutako partidaz harago, poetak duela bi urte gainditu baititu 50ak, sinboliko bezain errealak, paradoxikoki liburu guztian zehar usaindu egin daiteke presentearen presentzia bortitza. Poetak apetazko oroimenak islatzen dizkigu, maisuki islatu ere. Pinudia hasierako poema sinbolistan, esaterako, horrela mintzo da: “… Zantzuak/ ulertzeko gauza bide gara orain./ Argi da/ zer diren jabea, masustak, beldarrak,/ zubia, zer den pinudia? Zeinuek/ garden dirudite, eta/ ez dira”. Poetak ez ditu “poesiakeriak” laket, gardentasunaren eta neurriaren aldareetan sakrifikatu nahi ditu bere poemak. Denbora bere lekura honetan, halaber, badira historiaren pisu astunegia islatzen dutenak ere, kronika poetikotik gertuago. Neskak mojetara izenekoa horren lekuko distiratsua dugu. Des-heziketa sentimental eta sexual “desbideratu” baten errelatua nolanahi ere. “Gona motz haiek, ordea,/ beti gogoan, oroitaraziz/ edertasuna zeinen den,/ ustez, eskura; zein eskuragaitz/ gehienean./ Ordutik dut/ mojekin errezeloa, eta/ voyeur arima ttipi bat”. Egunerokotasunaren poesia eta pentsamenduaren poesia bat eginda, biek ala biek bonsai ederrena inarrostea, edo hautematea, azken xede.
Liburuak aurrera egin ahala, molde poetiko ezberdinak uztartuko ditu poetak. Ezkutuko tiradera bigarren atalean, kasu, maizago agertuko zaizkigu hitz jolasak eta errepikapenak; Balak baleki-n —“Errekan diz-diz/ harri zapalak./ Balak baleki;/ baleki balak./ Hegaz ederki /goian antzarak/ Balak baleki; / baleki balak…”— eta Moroak hiztegian —Carlos Drummond de Andrade poeta brasildarraren zenbait poema akustikoren ildoan nonbait— dira joera horren erakusle nagusiak.
Markuletak erregistro guztiak aise erabiltzen dituela erakusten digu amaiera aldera, izan ere, neurtitz errimadunak lerrokatzeko abilezia finarekin, poeta klasikoen oihartzunak dakarzkigu gogora azken koda horretan. “Hitz bat nahikoa duzu/ —ez zin eta ez promesa—/ bihur gaitezen, printzesa, biok egur, biok su”.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi