« Emakumearen bazterrak | Historia berpizten »
Sagarroiak / Sonia Gonzalez / Euskaltzaindia-BBK, 2002
Gezia artez doanean Igor Estankona / Deia, 2002-10-08
Sonia Gonzalezen urtea izango da hau. Gaur besapean dakargun “Sagarroiak” poema liburuarekin BBK-Euskaltzaindia sariari Juanra Madariagaren baimenarekin urteotako astindu handiena eman eta gero, prestazen ari den nobela ere ederra izango dela susma dezakegu. Lehendik ere Soniaren poema solteak irakurrita nituen arren denak batera irakurtzeak sortu didan zirrarak berresten dit susmoa.
Gezia artez doanean halako beldur lauso bat sartzen zaio jopuntuari. Burdinezko puntak haragia garbi zulatu baino segundu bat lehenago galduta dagoela ulertuko du irakurleak. Badaki Sonia Gonzalezen liburuko azalpen guztiak banan banan entzutea tokatzen zaiola. “Sagarroiak” modu oso seguruan idatzitako dudaren liburua da eta horrexegatik ez da batere gogorra Barakaldokoaren gezipean hiltzea. Itzalen eta argien materialarekin egindako pertsona ageri da liburuan. Kikildu barik eta harro erakusten ditu kontraesanak. Defendatu beharreko jabego bihurtzen ditu gainera moralak berba bakarrarekin kondenatuko lituzkeen hainbat altxor: sexuaren altxorra, oinazearen altxorra, nahastearen altxorra, pertsona izatearen altxorra.
Nire sentipenak azalduko dizkizuet, zerbaitetarako baliagarriak izan badaitezke: lehenengotan beldurra sentitu dut, gero lotsagorritu egin naiz, eta azkenean liburuaren aurrean gurkera eginda errenditu egin naiz. Beldurrarena normala dela uste dut. Idazleak betiko koordenadetatik atera nahi du irakurlea. Honek, berez, bere burua defendatu behar du. Poemen zorroztasunak min ematen du hasieran. Gero zorroztasun hori xamurtuz doa. Horretarako intimitatearen horma hautsi behar da, eta baita zuzentasunarena ere. Orduan dator lotsaren fasea. Baina gero idazleak ate guztiak parez-pare irekita dituela ikusi eta irakurleak, berak ere, beste horrenbeste egin behar duela sumatuko du. Barruko harrak akabatutakoan dator amore ematearen azken pausu hori.
Gogoeta sortzen duen liburua da. Instintuzko gogoetan oinarritzen da hala ere, eta ez aldez aurretik ezarritako abiapuntuetan. Irudien eta bizipenen zurrunbiloan bat-batean erantzun behar diren galderaz beteta datoz poema gehienak. Bizitzan “mozorrotzat” dauzkagun hainbat jantzi geure-geureak direla ulerrarazteko idatzia ere badago. Alderdi askotako izakiak gara. Denak azalera ekarri eta elkarrizketan jartzeko ordua da.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez