kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Annabel / Kathleen Winter (Josu Zabaleta) / Erein, 2012

Gizaki Gorena munstroaren baitan Iraitz Urkulo / Berton, 2013-09-29

Euskal literaturan intersexuaren gaiari heltzen zaion lehen aldia dela esango nuke, itzulpen baten bitartez bada ere. Horrek, esan gabe doa, irizpide literarioak aplikatuz gero, balio berezirik ez du; areago, liburua irakurri ondoren zalantza handiak ditut hermafroditismoarena literatura lan baterako justifikazio nahiko den egiatan. Aldiz, iruditzen zait literaturaren dimentsio soziala ez genukeela gutxietsi behar. Izan ere, eleberriak gizarte-gutxiengo baten inguruko —sexu identitate jakin baten ingurukoa, kasu honetan— isiltasuna haustearekin batera, haren ikusgarritasuna bultzatzen du.

Era berean, intersexuaren gaia tratatze hutsak ez du ikuspegi aurrerakoia bermatzen, noski. Irakurle bakoitzak nondik begiratzen duen, baina bizi garen (egia ote?) trans-feminismoa, queer teoria eta sexuaren patologizazioaren aurkako bestelako mugimenduen garaiko ikuspegitik irakurrita, ziur asko 1968an, Labradorreko lurralde isolatuan kokatutako istorio hau ez dago modurik postmodernoenean planteatuta.

Obra “bildungsroman” generoaren barruan bete-betean egokitzen da. Egiazko hermafrodita baten bizitza islatzen du, jaiotzen denetik, nerabezaroa atzean utzita heldutasunaren atarian sexu-identitatearen kontzientzia osoa garatzen duen arte. Nahiz eta hasiera batean umearen “berezitasunak” ingurukoengan eta, batez ere, gurasoengan nola eragiten duen —nola jasotzen duten berria, honen aurrean nola jokatzen duten, onarpenaren eta arbuioaren arteko tentsioa, etab.— kontatzen den, testuak aurrera egin ahala fokua protagonistaren beraren baitan jartzen da, bere bilakaera fisiko zein psikologikoa zehaztasun handiz azalduz, eta egunerokoan topatzen dituen zailtasunen berri emanez.

Erronka handia dirudi liburuak proposatzen duena, izan ere, idazleak ez du alferrik edozein pertsonaren bizitzako arorik kritikoena, erabakigarriena eta, aldi berean, gatazkatsuena aukeratu. Zentzu honetan, bereziki deigarria da egiazko hermafroditaren hautua, bizitzako alor guztietan bezala, hermafroditismoan ere mailak daudelako eta hau denetan urriena (eta boteretsuena, teorian subjektu hauek, bi sexuetako ugaltze-organo guztiak garaturik izanda, kapaz baitira beren burua haurdun uzteko) dela kontuan harturik. Ezaugarri hauek, besteak beste, lan hau, enpatia-ariketa gomendagarriaz gain, genero ikuspegitik aztertzeko zinez interesgarria egiten dute.

Intersexuaren gaiak ia argumentu osoa hartu arren, bada bigarren planoan antzematen den funtsezko beste osagai bat: amaren frustrazioa, Labradorreko gizarte-ereduan indarrean dagoen emakumeari egokitutako genero-rolak eragindakoa; bere burua etxeko-lanetara eta ama- eta emazte-eginkizunetara mugaturik ikusi arren, hura aldatzeko ahaleginik egin ordez, barneraturik duen jarrera akritiko eta esanekoaren erruz egoera betikotzearen ondorio dena, ziurrenik. Bi gai, hortaz, baina bietan diskriminazioa oinarri.

Euskarara ekarritako lan bati dagokion bezala, identitate kontuak albo batera, Annabel-ek badu Labradorrekoak bezain animalia eta bizimodu arrotzen aurrean liluraz gozatzen duten irakurleari zer eskainia. Espazioak ere badu bere garrantzia, ekintza Labrador eta St. John’s hiriaren artean era dikotomikoan banaturik ageri baita: herriko isolamendu eta giro izoztu itxia vs. hiriko askatasuna eta bertako ez-lekuen (saltoki handiak, esaterako) inpertsonaltasuna. Eleberriko pertsonaiek inguruarekiko erabateko batasuna erakusten dute, nolabaiteko barne-adostasun bat, narrazioak aipatutako bi espazio kontrajarri horien deskribapen xehearen bitartez —konpultsibotzat jo genezakeena kasik— haien izaera eta sentimenduak islatzeko baliatzen duena.

Aitortzen dut nahasi xamar utzi nauela protagonistaren identitatearen planteamenduak, izan ere, sexu, genero eta sexualitate kategorien arteko harremana apenas problematizatu gabe ematen da. Hiruretatik, sexualitatea da arazo gutxien planteatzen duena, pertsonaiak identitate heteronormatiboa bereganatzen baitu. Sexu eta generoaren arteko erlazioa konplexutasun handiagoa erakusten du, hori baita protagonistaren barne-gatazkaren funtsa, baina sailkapen bitarrak ezarritako mugen barruan preso nabari da halere; izan ere, “anbiguotasun beldurgarri” batez hitz egiten da. Sexua eta generoaren arteko (ustezko) adostasuna edo, berdina dena, besteon onarpena lortzeko ezinbestekotzat jotzen den normaltasunaren kontzeptu madarikatua aitzakia, gurasoek mutil gisa heztea erabakitzen dute, horrek tratamendu kirurgiko eta hormonal gogor baten inposaketa —patologizazioa— suposatzen badu ere.

Hortik aurrera, aita, gizarte kontserbadore baten seme, korronte esentzialistari atxikitzen zaio, gizonak ehizan jakin behar dutelako eta igeriketa sinkronizatua soilik neskei dagokielako uste osoan, identitateak trukagarriak eta bizitzan zehar aldakorrak ez balira bezala, une konkretuetan mentalitate irekiagoa agertzen duen amaren maitasuna lotsak eta beldurrak itotzen duten bitartean. Azken batean, umearentzat onena delakoan, gizarte-presioaren aurrean amore ematen duen jokaera gisa uler daiteke gurasoena. Gaizki kudeatutako maitasunaren erakusgarri da, akaso, irtenbide (oker) bat baino ez, munduaren logika jadanik begi aurrean dutena azaltzeko gauza ez denean, honek errealitateaz zuten ideia hankaz gora jarri eta gainditzen duelako.

Arazoa urteetan zehar ezkutatu dioten egia nerabezarora iristean, era naturalean, agerian geratzen denean sortzen da. Orduan hasten dira, lehen unean narrazioa pertsonaia nagusia bezain nahasi antzematen den arren, testuak aurrera egin eta mutikoak independentzian irabazi ahala, estereotipoak deseraikitzeko eta aurreiritzien aurka borrokatzeko ahalegin ahulak azaleratzen, arrakasta gorabeheratsuarekin. Halere, liburu honen egiazko balioa pertsonaia eta egoeren bilakaeran dagoela ohartuta, eta spoilerrik egiteko inolako asmorik gabe, amaierak hotz utzi nauela esan behar dut, onberegia iruditu zaidalako alde batetik, protagonistak bat-batean garrantzia galdu eta fokua bigarren mailako beste pertsonaiengan jarri izana ez dudalako ulertu, bestetik.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak