kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Gela bat norberarena / Virginia Woolf (Maria Colera) / Consonni, 2013

Eta bostehun librea Ibon Egaña / Deia, 2013-09-28

Laurogeita lau urte eta crowdfunding bat behar izan dira, baina euskaraz irakur daiteke dagoeneko VirginiaWoolfen lan ezagunenetakoa, Gela bat norberarena saiakera, 1929an Newnham eta Girtonen emandako bi hitzalditan oinarritutako testua. Literaturaren eta emakumeen arteko harremanaz eginiko gogoeta klasiko eta aitzindaritik —literaturatik harantzago, feminismoaren historian ere giltzarria den testutik—, ziurrenik irakurri ez duenak ere ezagutzen ditu bi ondorio bederen: emakumeak, idazle izango bada, ezinbestekoa duela, bata, gela propio bat eta bi, diru-sarrera gutxienekoa —500 libera urtean, XX. mende hasierako Inglaterran—. Ondorio horiez gain, eta beroriek izan zuketen indar subertsiboa gutxietsi gabe, askoz gehiago ere kabitzen da saio labur honetan.

Mintzaldi bitan oinarritua izanagatik, Woolfen testuak saiakera ortodoxotik ezer gutxi du, fikzioaren, errealitatearen eta saiogintzaren artean baitabil sartu-irtenean. “Ni, berriz, benetako izaerarik ez duen norbait izendatzeko termino egokia” baino ez dela dio Woolfek aurreneko atalean, lehen pertsonan baina fikzioan babestuz, Mary Beton izena hartuta (autofikzioa? 1929an?). Emakumeak eta literatura gaitzat duen hitzaldia prestatu behar duen pertsonaia mintzo zaigu lehen ataletik. Narrazio hari finak eta deskribapen zehatzak saioarekin tartekatzen ditu Woolfek; gaiarekin ustez loturarik ez duten gertaera xumeen kontaketatik abiatzen da, konkretutik abstrakziorantz jotzeko. Unibertsitateko liburutegira sartzea debekatu diote pertsonaiari, eta aranpasak eman dizkiote afaltzeko; anekdota horiek emakumeek espazialki eta materialki garaian zituzten mugez hausnartzeko tresna dira Woolfentzat. Emakumeen txirotasunaz egiten du gogoeta, eta hori iraultzeak lekarzkeen kostuez. Dominazio material eta sinbolikoaren arteko loturak etengabeak dira, izan ere, testuan zehar.

Emakumeek oinordetzan jasotako ondasun materialez arduratu ostean —bere izebak utzitako herentzia bati esker izan zuen Woolfek idazterik—, jasotako oinordetza kultural eta literarioaz arduratzen da egilea, hots, emakumezkoen literaturaren tradizioa berreraikitzeaz. Shakespeareren balizko poeta-gurako arreba batek XVI. Mendean izango zukeen patuaz arduratzen da Woolf, eta baita geroztiko emakume idazleez ere. “Oztoporik gabeko arima”, amorrurik gabea izatetik datorkio Shakespeareri bere gorentasuna,Woolfen iritzian, eta Bront?”-ri sumatzen dion amorrurik ikusten ez diolako estimatzen du Jane Austin. “Gogo-giro” jakin bat beharrezko dute, izan ere, lan gorenek, eta baita norbere generoaz ahantzita idaztea ere —emakume gisa idaztea, idazlea emakumea dela ahaztuta—. Finean, geroztikako kritika feministaren kezka nagusi izan direnak presente daude Bloomsbury-ko kidearen testuan: tradizioa ezagutu eta berreskuratzea, idazketa femenino eta maskulinoaren izatea, pertsonaia femeninoek maskulinoekiko duten dependentzia, dominazio sinbolikoaren eta materialaren arteko loturak…

Klixea bada ere ezinbestekoa da esatea: ez du gaurkotasunik galdu testuak, terminologia eta kontzeptu zenbait arrotz egin daitezkeen arren. Estimatzekoa da, gainera, Consonni kolektiboko ediziogileek testuaren argitalpenaz gain, irakurketa gaurkotua eta propioa egiteko proposamena egin izana, norberaren gela bat izateak interneten aroan duen zentzuaz Remedios Zafrak eginiko hitzaurrearen bidez edo Kajsa Dahlbergen esku-hartze artistikoa bitarteko. Gaiengatik ez ezik, dena den, testuaren plazer estetikoagatik ere merezi du Gela bat norberarena euskaraz irakurtzea. Ia eleberri bat bailitzan irakur daiteke saioa, eta gozamen hutsa da Woolfen ahots aparta —batzuetan naiftasun apropos inpostatu batetik, besteetan ironia zorrotzetik eta irakurlea zuzenean interpelatuz— hain bikain euskaratuta entzutea.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak