kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Versus / Karlos Linazasoro / Elkar, 2013

Egunean bi minutu Iker Zaldua / Gara, 2013-09-29

Aitortzen dut, bi egunetan, bi irakurralditan irentsi dut liburua. Aitortzen dut, ez da liburu bat irakurtzeko modurik gomendagarriena izaten, zukuak alde egiten du lasterketan. Liburu honi dagokionez gainera, gomendagarria ez ezik, ia ezinbesteko iruditzen zait astiro eta lasai irakurtzea. Zehazki esatera, 99 irakurralditan, izan ere, 99 dira atalak, parabolak, testuak edo proposamenak. Bakoitzak orrialde bakarra betetzen du. Horrenbestez, proposatzen ari naizena agerian dago: eguneko orrialde bat. Ahal dela gosaritan, egunkari elektronikoan nahasi beharrean, irakurri eguneko testu bat. Egia da, luze joko lukeela azkenean, hiru hilabete pasatxo alajaina!, baina egokiena hori litzateke, aurrerago adieraziko dut zergatik, gomendioak emateko estatusean ez banago ere.

Versus da protagonista, nolabait esatearren. Egia da uharte ñimiño batean harrapaturik dagoena Versus izeneko naufragoa dela, egia da bere gogoetak eta bere burutazioak besterik ez direla agertzen. Bai, beste subjektu batzuk ere agertzen dira, baina Versus beraren pentsamenduan baino ez, batzuk fikziozkoak, beste batzuk are gehiago. Haatik, Versus izen bat baino ez da, edo ezizen bat, zurea edo nirea izan daitekeen ezizena. Uhartea gure mundua izan daiteke, uhartea gure errutina izan daiteke, gure konformismoa, gure jokabide automatiko aurrez programatua. Finean, 99 egoera ezberdin dira, Versus ageri da erdian eta egoera bakoitzaren aurrean izaten duen erantzuna edo erantzunik eza, izaten dituen burutazioak, ametsak, amesgaiztoak liluramenduak. Hori da irakurriko duguna. Egoera horiek, baina, egunero azaltzen zaizkigu gure burbuilaren albotik igarotzen. Agertokia aldatu eta gure burua kokatzen badugu, gu Versus izango gara. 67. atalean ere Linazasorok horrela dio “Versusek inork ulertzen ez dituen ehunka eta milaka gauza egiten ditu, baina gu ez gara nor ere. Ez, gu ez gara nor”.

Horregatik, egin dut egunero atal bat irakurtzearen gomendioa, horregatik gosaritan, eguna hastearekin batera. Kordea gal ez dezagun automatikoki programatutako bizitza honetan, kordea mantendu eta zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun pentsatzeko. Egia da, atal batzuk lausoan itzaliko direla, ez digutela erantzunik iradokiko, eta horregatik tentazioa izango dugu hurrengora jauzi egiteko. Baina, beste zenbait atalek dardara eragingo digute, eta gogoa emango digu testu-zati hori ebaki eta patrikan sartzeko, hainbat eta hainbatetan irakurri ahal izateko. Batzuk kamutsak dira, beste batzuk zorrotzak. Estilo-liburu bat da, estilo-ariketa bat egin du Linazasorok eta joko hori proposatu digu, azpitituluak metaliteraturaren hizkuntzan ezarrita, izan ere, ez dira gutxi ageriko (besteak beste, Shakespeare, Woolf, Verne edo Atxaga bera) nahiz ezkutuko (hori zuen esku utziko dut, arakatu!) aipuak. Bada, guk ere ariketatxo hori egin beharko genuke, liburuaren asmoa borobiltzeko, idazleak liburua idatzi du, irakurleak irakurtzen denean ixten da zirkulua. Kasu honetan, jolasa proposatzen duela iruditzen zait, zirkulua jolastuz itxiko da. Egunean bi minutu, hori da jolasaren arau bakarra.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak