kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Larrepetit / Pello Lizarralde / Erein, 2002

Basajaun behatzailea Lander Garro / Gara, 2002-07-20

Egun hartan, bat ikusi nuen, kultura orrietako argazki batean, erabat hankaz gora. Hankaz gora, bai, orkatilei itsatsirik Jhon Smith gogoangarriak zeuzkala, bularreraino irekita zeraman kamiseta xume batekin batera. Argazkirako ez zituen buruko sasiak orraztu, eta horrez gainera, zeukan bizarrak ere basajaun itxura ematen zion Pello Lizarralde hari. Argazki haren inguruko lerroetara lerratu nintzen orduan.

Oro har, literatura gogoeta etengabean baldin badabil, bizirik irauteko oinarrien xerka, edota azken hatsa duintasunez emateko indarraren bila, zer esan estaturik gabeko nazioen kulturen baitako literatura txikiei buruz?

Honen harian zigortzen zuen kazetariak Lizarralde, betikoak diren kontuez galdezka: Nola euskal literatura? Nola euskal idazleak?

Zintzo, zuzen, zehatz, harro, jardun zen idazlea, beldurrik gabe, batere konplexurik gabe. Hankaz gora, sasiak buru gainean, irakurle urrien aurrean zenbait egia nabarmentzen. Eta ni, noski, jakin-minez.

Modu traketsean gogoratzen dut bertan zenbait printzipio aldarrikapen egiten zela. Hala idazlearen iradoki beharraren gainean, nola jakintzaren taularatzearen sotiltasunarenean. Esaten zuen, nolabait, ikasitakoarekin, erne behar duela jokatu idazleak, irakurlea aspertu nahi ezean behintzat, eta honi galdera soilak apalki pausatu behar zaizkiola, hura izan dadin erantzunaren bila higitzen dena. Euskal kulturan dabilen orok nozitu behar duen ekarpenaren arduraz ere aritu zen, eta azpimarratzen zuen erabat alferrikakoa dela xede hau, funtsean, literaturaren aurka baitoa.

Larrepetit abiada bizian irakurri dut, eta adostutako lehen ondorioa Lizarralderen koherentzia da. Literatura, literatura delako, eta hau, gainontzekoen larruan jartzeko ahalmena ere badelako. Liburu hau ez da kontzeptu ideia eta asmo handiki baten zerbitzuan jarritako testu dogmazalea. Ez da aiene bat. Hots, aiene bat da. Ez da sabelak sortutako intziri bat ere.

Isiltasuna. Imintzio txikien esanahai xumea. Hauen guztien gatibu den gizaki ezdeusak egiten ez dituen ahaleginak.

Hasieran, epikotasunez beterik zirudien istorio bateko pertsonaien epikotasun eza, arrunkeria. Distirarik gabe hornitutako hizketaldi sinesgarriak, zeinetan bizitzak berak hitz egiten duen, gizakion harrabotsaren beharrik gabe. Liburu zinematografikoa da zeharo, eta honen planoetan zuzendariak egiten duen olgeta saioa egundokoa da. Paisaia ñarbadura ugariren bitartez deskribatzen du, baina poesia neurtuaz, balizko zuzendari horren objektibotasuna betiere dotoretasunez gordez.

Joera honek eta hizketaldi etenkakoek lerro artean uzten duten tarte bikaina dela medio, irakurleak voyeurraren sentipena ere paira dezake, baina leunki, muturreko sentipenik gabe, apal, lizunkeria edo indarkeriaren eremu merkeetan jausi gabe.

Behatzearren apologia hutsa dirudi liburu honek. Behatze soila, behatzearen plazer hutsaren bila doana. Eta hor lotura bitxi bat gertatzen da, irakurlearen eta irakurritakoaren artekoa; lotura horrek lehenengoa bigarrengoaren amaierara patxadaz, oharkabean, eramaten du.

Liburu laburra da, eta darion xumetasunak ia-ia min ematen du. Niri une batzuetan Glengarri Glenrose filma etorri zait gogora. Eta hori asko esatea da.

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak