« Ionescoren antzerkia | Fikzioaren muinak dastatzeko gogoz »
Isturitzetik Tolosan barru / JosAnton Artze / , 1969
Artze frikia Aritz Galarraga / Argia, 2012-02-19
Jaio gabeak ginenok ere egin dezagun ariketa: 69an gaude —69 betean, ezen ez batean—. Euskal literaturaz ari garela, pleistozenoan edo. Lozorrotik esnatzen ari da dinosauroa —katutxoa, esango dute errealistenek—. Kolpetik agertzen da JosAnton Artze delako bat, Zeruko Argian-eta kolaboratu izan duena, harako Ez dok amairu hartan txalaparta berreskuratzen aritu izan dena; baina liburu argitalpengintzan artean birjina duguna. Eta ateratzen du Isturitzetik Tolosan barru izeneko, xuabe esatearren, zera bat. Zera bat berria, berritzailea, apurtzailea, uppercuta irakurlearen matrailezurrera. Ez dut nik esaten, Juan San Martinek daitor liburuan berean, garaiari pultsua hartuta: “Ez baita erreza izanen liburu honi kidekorik arkitzea”.
Poema bilduma gisa dugu sailkatu, baina izatez da zer edo zer gozoagoa. Objektu artistikoa Koldo Izagirreren hitzetan, biltzen baitu poema sorta, bai, baina egiten du modu berezian, ikusgarrian, leitzeko testuak bakarrik ez, begiekin jatekoak ere bailiran. Estetika du ausarta, diseinua dago poemaren, bildumaren menera, liburua bilakatuz eszenario multiplea. Eta liburua azkenerako da abentura bat, ez dakit Isturitzetik Tolosan barrurakoa, baina bai literarioa.
Eta ez soilik abentura estetikoa, poemetan ere gai berriak ematen dira, edo gaiak ematen dira ikuspegi berritik, indarrean zeuden ideiekiko oldarkor; tarteka nahita lizun-zikinak, marteka kolpe labur lirikoak. Eta esango dut: liburua irakurri ondoren, Txoria txori ez da akaso Artzeren poema lortuenetako bat. Edo tira, hain dago mitifikatua, onaren eta txarraren gainetik dagoela jada —eta azpitik ere bai, estutzen banauzu—. Baina iruditeria popularrean iltzaturik geratu diren poemetatik harago, Artze osatuago bat ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen digu Isturitzetik Tolosan barru lanak.
Bere garaian oihartzuna izandakoa, ahanzturaren neguan ez ote zen erori gero, desmemorian geratzeraino. Ahanztura horrek kitzikatuta etorri zen 2007ko edizio hau [Pamirela], edizio faksimilea, orijinala bere kontzepzioan errespetatzen duena. Bidean geratua berreskuratzeko. Bidea ireki zuena berriz errailean sartzeko. Gaur egunekotik irakurketa berriak egin ahal izateko, zergatik ez. Eta literaturaz asko dakien irakasle batek esan izan dit, ahots apalean esan ere, idazle friki gisa kalifika lezakeela lasai asko Artze gaurko oinezko irakurleak. Bego. Ez dateke agian erabat okerra, ez guztiz txarra halaber. 69an jaio gabeak ginenok ere ez baitezagun ahantz: irakurketak biziarazten duela denboran barrena literatur lana.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui