kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Fikzioaren izterrak / Ur Apalategi / Susa, 2010

Fikzioaren muinak dastatzeko gogoz Mikel Asurmendi / Irunero, 2012-02

Ur Apalategiren Fikzioaren izterrak igurtzi dut, berriz ere. Liburuak biltzen dituen atal guztiak —zazpi— laztandu eta jorratu ostean, “Bernardo et Ramon” —azken narrazioa— eta Azken fandangoa Buenos Airesen —lehena— igurtzi ditut berriz ere. Gainerako atalak —bost ipuin, ipuin edo— irakurriko dudan esperantzaz, hona “artaburu” horretatik “irakurri” ditudan eleak. Artaburu gisa irudikatu dut liburua, ez da inola ere adiera gutxiesgarria ordea. “Artaburua irakurtzen, nola liburua leitzen hala eleen lihoa iruten” saretzen da literatura.

Metafora bat besterik ez duzu hondar ele ale sorta hori.

Horiek horrela, liburuaren izenburua Fikzioaren izterrak ezezik, Fikzioaren ipurmasailak edota Fikzioaren bularrak izan zitezkeela pentsu dut. Funtsean, literatura eleen irun ahala sortutako metafora baita. Euskal literaturaren lurraldean elea ongi landu eta jorratu izan da joan deneko hiru hamarkadetan, badugu gure artean eleen xarma ederki asko iruten dakiten idazleak, hots. Ur Apalategi dugu diodanaren irule.

Ez diot nik bakarrik esaten. Fikzioaren izterrak liburuari esker iazko Euskadi Literatura saria jaso baitzuen Apalategik. Eta ez naiz txokolatezko bonboiaz ez izen bereko perretxikoaz ari. Ez bilatu trufarik ez isekarik nire berbetan.

Metaforarik ez beraz, hondar ele ale sorta horretan.

Izan ere, gure literaturaren izterrez ez ezik, ipurmasailez, bularrez, baita bere gorputzen beste organo zenbaitez gozatu dut nik, liburua —edo artaburua— hozkatu ahala mastekatu dudanean.

Badut ostera, bihotzerre moduko bat. Ez da betekadarik inola ere. Izan ere, artaburuko lehen eta hondar atalak bi aldiz irakurri eta aletu ondoren, beste bostak ahoratzeko eta mastekatzeko zain baitauzkat apalategian, erran nahi baita, nire platerean.

Erran nahi baitut ere, Ur Apalategik elea nola maneiatzen duen dastaturik, egile honek Fikzioaren muinak maneiatzea gustatuko litzaidakeela, literaturaren muinaren muina dastatzeko irritsa ernatu baitit. Irritsa apeta eta guraria. Literaturaren muinak diot, eta ez “gure” literaturaren muina. Fikzioaren muinak, maiuskulaz.

Aspaldiko Gauak eta hiriak gogoan, Gure Gauzak S.A. eta hizpide dudan Fikzioaren izterrak ezagutu eta barneratu ondoren, idazle honek ongi egingo luke euskal literatur leinua endogamia erortzetik “salbatzen” saiatuko balitz.

Ur Apalategiren lumak —ordenagailuak orain— eta talentuak “gure” literaturaren karaokeaz beste lurraldea jorratu eta urratu dezakeelakoan nago. Hartara, izterrez, ipurmasailez eta bularrez gainera, berezko partituraz joko lukeen berezko orkestra sinfonikoa ehun lezake Apalategik literatura beteagoa irun aldera.

Eta Fikzioaren izterrak ez da hutsala horregatik. Enkas diot. Benaz eta serio erran ere.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak