« Utopiaren itzalak | Subjektibitatea »
Galerna / Iratxe Esnaola / Elkar, 2010
Galernaren zirimolan itota Mikel Asurmendi / Irunero, 2011-03
Nork bere errealitatea bizi du, bere aldartearen araberakoa. Iratxe Esnaolaren nobelak galerna —edo enbata— baten zirimolan harrapatu ninduen nonbait. Behin irakurri nuen, eta nobelak deskribatzen duen abuztuko azken egun sargorian ito nintzen. Norberak bizi duen errealitateak hutsune asko ditu, nireak ugari. Irakurtzeko unean hainbatetan “huts” egin nuen. Behar bezalako segimendu egiteko aldarte egokian ez nintzelako, akaso.
Nobela laburra da, alta. Berau bukatu nuen, eta istorioko lau protagonistekin batera —Nora eta Sebastian Bechener, neska nerabea eta honen aita— itota bukatu nuen. Nor non nola kokatu ez nekiela amaitu nuen, itsas bazterrera botatako naufragoaren antzo.
Bigarrenekoz bueltatu nintzen istoriora: hasi eta bukatu egin nuen segidan. Istorioak eta Galernak bat egin zuten nire baitan eta hobeto kulunkatu nintzen istorioaren zirimolan. Alabaina, lehen irakurraldiak jota utzi izanaren zorabioak nozitu nituen bigarren irakurraldian. Hara, egin dut nire aitormena.
Ziur asko ikasi beharra daukat irakurle gisa. Agian, ipuinak nobelak poesiak irakurtzerakoan, nora ezeko nire errealitatetik aldendu beharra daukat, idazleak eskaintzen duen istorioaren aurrean nire burua hobeto kokatzeko.
Galernarekin sentipen hori bizi izan dut. Nire lehen irakurketa traketsak bigarrena baldintzatu zuen. Lehen irakurketan ez nintzen nobelaren erritmora egokitu. Bizitzen ari nintzen tentsioak ez zidan lagundu istorioaren tentsioari heltzen. Une hartako nire sentimenduek ez zizkidaten pertsonaien sentimenduen gardentasunaren bitartez begiratzen lagundu.
Idazkerak berak ez ninduen liluratu. Ez dakit zergatik. Baten batek idazkera hotz eta zorrotzat jo du Galernak dakarrena. Eta ni motel epel eta kamuts harrapatu ninduen. Pertsonaiek sentitzeko eta maitatzeko dituzten manerak ezin hauteman. Pertsonaien ametsek talka egin zuten nire eguneroko errealitatean. Neronek, une hartan eta honetan, istorioak eskaintzen ez duen erromantizismoaren dosi handi bat behar nuelako agian?
Literatura irakurri eta nire inpresioak plazaratzen ditut. Hainbatetan, begirada inpresionistez osatzen dut nire bizitza, zartada inpresionistez, positiboz eta negatiboz. Beraz, irakurle, nire inpresioek eta zuk jaso ditzakezunek ez dutela zertan bat eginik, ziur ezetz. Galerna besterik izanen da zuretzat. Eta niretzat ere, agian, beste aldarte batean. Holakoa duzu nire iruzkin hau, irakurle. Holakoa duzu, nobelaren egile. Bai, bai, Iratxe, zu zeu gogoan izan baitzaitut bereziki, iruzkin ziztrin honen egile.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi