kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Gizarte irekia eta haren etsaiak II / Karl Popper (Josu Zabaleta) / Klasikoak, 2009

Gizarte ingeniaritza hutsengikorra Bixente Serrano Izko / Berria, 2010-02-14

Beldurgarria da, beldurgarria denez, Popperrek imajinatzen duen gizarte mota, bere “gizarte irekiaren” gauzapen gisa: “Imajina genezake gizarte bat gizonek elkar aurrez aurre inoiz topatzen ez dutena”. Baina bere alde onak izanen lituzke horrek, antza: “Sor daitezke, esate baterako, beste era bateko harreman pertsonalak, zeren askatasunez has baitaitezke harreman horiek, jaiotzako halabeharrez erabakiak izan ordez; eta, horrekin batera, indibidualismo berri bat azaltzen da. Modu bertsuan, lotura espiritualek paper handiagoa joka dezakete lotura biologikoak edo fisikoak ahuldu direnean”. Hots, gizarte abstraktu bat, ia guztiz arrazionala.

Aipuak, jada nik neuk komentatu nuen euskarazko bertsioaren lehen parte eta liburukikoak dira. Esku artean dudana bigarrena da, berau ere esku berberek euskaratu eta argitaraturik. Lehenean, Popperrek Platon hartzen bazuen kritiken jomuga gisa, gizarte itxia, tribala, holistikoa, kolektibista eta azken batean totalitarioaren kontra jotzeko; bigarren honetan, Hegel eta batik bat Marx hartzen ditu begitan, totalitarismo, kolektibismo, historizismo eta determinismo modernoen formulazio bezala. Horien guztien eredu metafisiko edota utopikoei bere eredu propioa kontrajartzen die: norbanako libreek osaturiko gizartea, komunitate zentzurik gabea, arrazionala, guztiz irekia etorkizuna eraikitzeko, edozein determinismo eta mesianismo/profetismotik kanpokoa; arazorik baldin badago, eta onartzen du egon badagoela, bakarrik gizakiok eraturiko instituzio libre eta demokratikoetatik saia gaitezke konpontzen, “gizarte-ingeniaritza” erreformistaren bidez, botere handirik eman gabe Estatuari, betiere tentazio iraultzaile guztietatik aldendurik.

Funtsean, gizarte eta sistema liberalaren aldeko hautu morala egin ondoren, “gizarte-ingeniaritza” arrazionala, Popper zientzia esperimentalen filosofoak definitu zuen “falibilismoa”, hau da, “saiakuntza eta errakuntza” metodo zientifikoa, proposatzen du gizarte libre eta justuago baterantz jotzeko. Arrazionalista sutsu baina kritiko —hortaz arrazoiaren falibilismoa—, zintzo aitortzen du bere hautu politiko-morala, liberalismoarena alegia, ez diola arrazoiak agintzen, bere usteek baizik, baina, hori bai, arrazoiak ahalik eta zuhurren gidaturik. Dudarik gabe, bere esperientzia historikoak eta haiei buruzko gogoetek —nazismoa eta estalinismoa ditu beti begi bistan— eraman zuten komunitate, nazio, klase kontzeptuen inguruko diskurtso osoak errefusatzera, gizarte tribalen eredu gisa hartuz horiek guztiak, eta bere “gizarte irekia” planteatzera: alegia, bertze erredukzionismo batera.

Gaur egungo neoliberalek hartzen dute filosofo gidaritzat. Hauek eratzen ari diren gizartea Popperren utopia demokratikotik gero eta urrunago baldin badago, ez da soilik honen ideiak manipulatu dituztelako, baita ere Popperren teoriek suposatzen duten gizakia, ziur aski, berak kritikatu dituen filosofoena bezain irreala delako.

Funtsezkoa da tesiaren irakurketa gizarte-zientzietan interesatu ororentzat. Eta Josu Zabaletaren euskarapena guztiz eskertzekoa da, egin izanagatik ez ezik, emaitza bikaina lortu duelako ere, areago filosofoaren idazkera eta kontzeptualizazio maila kontuan harturik. Irakurria nengoen aurretik gaztelaniazko bertsioa, eta, aukeran, euskarazko hau nahiago.

Estimagarria da, oso, Klasikoak-en lana, baina ezin isildu kritika gogor bat: neureak eta bortz egin behar izan ditut liburu hau eskuratzeko; ez eta haiei deika ere ezin izan dut erosi. Zein asmoz itzuli eta argitaratzen dute?

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak