« Gizarte ingeniaritza hutsengikorra | Zureak egin du »
Stock 13 / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2009
Sexuaren eta literaturaren amarauna Beñat Sarasola / Berria, 2010-02-14
Edorta Jimenez behin baino gehiagotan arranguratu izan da euskal literaturaren balizko puritanismo sexualaz. Arantzazuren sindromea deitu izan dio euskal literaturak, eta oro har euskal kulturak, omen duen puritanismo horri. Erotismoa euskal literaturara ekartzeko saiakera da, hain justu, Jimenezek berak zuzentzen duen Txalapartako Literotura saila. Hala, Stock 13 kaleratu den garai bertsuan argitara eman da halaber, sail honetan bertan, euskal poesia erotikoaren antologia, Desira plazer 68-08.
Seguruenik arrazoirik ez zaio falta Jimenezi erotismoa euskal literaturaren historian arrotz samarra dela esatean; edo arrotza ez bada, ezkutuan mantendu izan dela. Liburuan bertan badago horren inguruko hausnarketa ildo bat, euskara batua eta euskalkien artekoarekin lotzen dena. Izan ere, galdera da: nola adierazi euskaraz tradizioz erdaraz eman dugun sexu-mintzaira? Eta hor azaltzen da euskalkien indarra: “Lanpernatxue jango’tsut”. Eta baita Gatibu taldearen letra: “Desioaren ate aurrien, zure hitzek belarrixetan: sexua soilik izengo da, euskara batuan”. Agerikoa da sexua eta hizkuntzaren arteko tentsioa, sexua tabua izanik eskandaluzkoa egiten baita hizkera literala. Alderdi hau iruditzen zait liburuaren gauza aipagarrienetakoa, zentrala akaso; tentsio hau nola lantzen den, alegia. Horren adibide bat, oraintxe aipatutakoak aparte, zera hitza eta bere aldaera ugariak (zerako, zeraren, hara, harako…) nola erabiltzen dituen mundakarrak. Beste bat, emakumezkoen izenen aldaketa eta moldaketak, goia jotzen duena amaieran —Simone, Printzesa Kapritxosie, Sweet Jane, Jane Garagarto…—.
Horrekin loturik, halaber, liburu guztian zeharko erreferentzia literario eta kulturalak. Jimenezek behin baino gehiagotan aipatzen du sexua ez dela sexu-jarduna soilik, horren irudikapena eta fantasia ere badela, eta hala, ezin egin sexuaren inguruko liburu bat jarduera sexualak deskribatuz soilik. Hortik sexuarekin nola-halako lotura duten idazle eta obren aipamena, D. H. Lawrenceren olerkietatik hasita, Pier Paolo Passoliniren Il Decamerone filmeraino. Tartean, Gustave Flauberten Madame Bovary, Luis Buñuelen Belle de jour eta abar.
Hizkuntzaren hausnarketa horren gertu errealitatea eta fikzioaren mugarena ere badago, azken batean, eta horixe topatzen dugu orobat Stock 13n, Jimenezek burufikzioa deitzen dion horretan. Ezagun da autofikzioa dela eta —batez ere Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao nobelaren harira— sortu den eztabaidatxoa: autofikzioa berritzailea ote den, soilik moda berri bat, egozentrikoa… Denetarako iritziak irakurri eta entzun izan dira. Jimenezen burufikzioa, bada, horren erantzun gisa irakur liteke halaber, bertan egiten dituen gaiaren gaineko aipamenengatik bainoago, liburuaren proposamen orokorragatik baizik. Izan ere, idazleak autofikzioa muturrera eramaten du nolabait, norberaren espazio intimo eta (ustez) latzetaraino, narrazio molde honek zenbaitentzat duen jolas-huts kutsua kenduz. Zentzu horretan, Catherine Millet idazle frantsesaren La vie sexuelle de Catherine M liburuarekin erka daiteke Stock 13, nahiz eta beste hau autobiografiatzat har daitekeen gehiago.
Bukatu baino lehen, liburuaren beste dohainetako bat aipatu nahiko nuke. Falokraziaz mintzo da idazlea, eta liburua, hain justu, falokraziaren kontrakotzat hartu beharra dago hein batean. Esate baterako, azaltzen diren sexu-jardun askoren —gehienen, esango nuke— iniziatiba emakumezkoek eramaten dute, emakume pasibo eta menekoaren irudi ohikotik aski urruti.
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi