« Ironiaren eskutik | Deabru guztiak madarikatu ala… »
Tropiko tristeak / Claude Levi-Strauss (Jon Alonso) / Klasikoak, 2009
Ez hain basatiak Beñat Sarasola / Berria, 2010-01-17
Ez da gehiegizka aritzea Claude Levi-Strauss-en Tropiko tristeak XX. mendeko liburu behinenetako bat dela esatea. 1955. urtean publikatua, liburu sailkaezin horietako bat da: memoria liburua apur bat, bidaia liburua beste apur bat, ikerketa antropologikoa, edo historikoa, edo soziologikoa, edo kulturala. Izaera konplexu eta hibrido horren harira, Goncourt sariko epaimahaiak adierazi zuen ezin zitzaiola zoritxarrez saria berari egokitu, nobela bat ez zelako. Azken buruan, bada, liburu handi bat da Tropiko tristeak, zeina, halabeharrez, idazlea zendu —joan den urteko urriaren 31n— eta berehala argitaratu baita euskaraz, Jon Alonsoren eskutik.
Idazleak Ameriketan behiala egindako ikerketa antropologikoak ditu oinarri liburuan. Han azkenekoz egon zela hamabost urte igarota, bertako bizipen eta esperientziak errepasatzeari ekiten dio. Hala, benetan, ikerketa haietako ondorioak bezain funtsezkoak dira lana egin bitartean jazotakoak; dela bidaietako gorabeherak, dela Ameriketara joan aurretiko arazoak, dela idazleak izaten dituen burutazioak. Horrek guztiak egiten du liburua, arestian aipatu gisara, azterketa antropologiko bat baino askoz gehiago. Idazmolde horren arrazoia, beharbada, lehenengo kapituluan topatuko dugu, zeinetan garaiko ohiko esploratzaileak kritikatzen baitira, beren nagusikeriazko kanpoko begirada eta horikeriagatik. Obraren hasiera famatuak argi asko uzten du hori: “Hastio ditut bidaiak eta esploratzaileak”. Beraz, Levi-Straussen erronka keria horietan erori gabeko liburu bat idaztea da, eta horretarako estrategia narratibo askotarikoak maneiatzen ditu. Diskurtso mota ugari horiek aldi berean menderatzeko gaitasunak erakusten digu, hala, antropologo handi baten aurrean bainoago, idazle eta pentsalari handi baten aurrean gaudela. Egungo ikerketa akademikoetan kartoi usaineko idazkeraren aurrean, plazer bat da literaturaren izerdi onena duen lan batekin topo egitea.
Lau indigena talde aztertzen dira liburu honetan. Caduveoak, Bororoak (Amazoniakoak, ez Afrikakoak), Nambikwarak eta Tupi-kawahibak. Brasilgo Mato Grosso eskualdean eta bere ingurumarietan bizi diren indigena taldeak oro. Dena den, Levi-Straussen ikerketen ezaugarrietako bat da nola bilatzen dituen indigena taldeen arteko alderdi komunak, hau da, azalean ezberdinak diren ezaugarrien oinarrian gordetzen diren elementu funtzionalki baliokideak. Gisa horretan, lau indigena talde horietatik abiatuta, etengabe gauzatzen ditu munduko beste tokietako gizarteekin konparazioak; Afrikako taldeekin, Asiakoekin edo baita mendebaldekoekin ere. Estrukturalismoaren lan egiteko modua da, labur esatearren, kasu partikular bakoitzaren pean dagoen sistema komunaren xerka ibiltzea. Proposamen teoriko hori zehazki landuko zuen urte gutxi batzuen buruan, Anthropologie structurale obran. Gerora, gauza jakina da, post-estrukturalismoaren eskutik kritika zorrotzak jaso zituen giza eta gizarte zientzietan aritzeko modu horrek, baina, garaiko testuinguruan kokaturik, bere dohainak aitortu behar zaizkio. Nagusien artean, seguruenik, positibismo klasikoak zeraman zama eurozentrista arindu izana, hain zuzen ere gizarteen artean hierarkia egiteari uko egiten diolako, ustez salbaiak diren gizataldeen konplexutasuna aldarrikatuz: “Bororotarren artean egindako egonaldiak konbentzitu ninduen ezen aspalditik oso kultura basa eta pobrea zeukaten tributzat hartuak ziren zenbait tribuk soziologia eta erlijio-mailan aberastasun ikaragarrizko kulturak zeuzkatela”.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres