kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Tatuaia bat ene begietan / Txili Lauzirika / Susa, 2008

Esnatzean Igor Estankona / Argia, 2009-04-12

“Goizean esnatzean / izarak bezala / tolesturez beteak daude / gure ametsak”. Liburuari akabera ematen dion haiku antzeko honek laburbiltzen du Txili Lauzirikaren ahalegina bere Tatuaia bat ene begietan berezi honetan. Denbora (“goizean esnatzean”), gauzen erlatibitatea (“tolesturak”), eta gizakiak dituen askatasun, maitasun, aldaketa ametsak (“gure ametsak”).

Batzuetan pentsamenduek gauzen gordintasuna jabaltzen dute, eta liburuek pertsonena. Tatuaia bat ene begietan prudentzia handiarekin idatzitako liburua da, ez da poesia bat zabal-zabalik eta sentimendua dariola dagoena. Tatuaia bat ene begietan da ariketa estilistiko bat, burrukaren eta maitasunaren aldekoa, baina bietan edertasuna bezala eskarmentua aurkitu duen poeta arrazional batek egindakoa. Ariketa baten antzekoa da, poetak bakarrean egiten duena, bere burua hobeto kokatzeko mundu hain aldakor honetan. Horregatik da interesgarria, baina horregatik da gozamena ere erlatiboa. Ez bero ez hotz, zero graduan mantentzen den poemarioa da, irakurleak enpatia sano handia sentitzen ez badu behintzat idazlearen kezkekiko.

Eta hala ere badauka liburuak asko emateko, edozeinentzat, hartzen badaki behintzat. Idazkera fin eta zailaren aldekoek esango dute poemek buelta pare bat gehiago merezi dutela, baina hori ere ez da izaten beti horrela: freskotasuna galtzen dute askotan gauzek, lar igurtziz gero. Urteko ardo berde alaiaren aldekoak direnek gozatuko dute gehiago, poesia datorren moduan papereraturik dago-eta maiz. Adibidetzat, eta hobeto ulertzeko, Egun berri bat etorriko da poemaren zatitxo bat hona ekartzea nahikoa da: “3 edo 4 argazki poster 1 / eta norbaiti ostutako hitzak / gutun bakan batzuetan tristura / mukizapien alboan part botata”. Zenbakien erabilera hori, enumerazio kaotiko xamarrak, onomatopeiak? surrealismoari asko zor dio Txili Lauzirikaren idazkerak. Artistikoki atsegin ditu eite libre eta onirikoak, baina mezuak, berriro diogu, gehiago dauka arrazionaletik. Bat egiten dute liburuan mezuaren komunikazio hutsak eta sorpresa eta esperimentazioaren nahiak.

Ez ote da izango azken buruan Tatuaia bat ene begietan Txili Lauzirikak bere buruarentzat idatzitako zerbait, ikerketa poetiko bat bere nortasunaren ingurukoa?

Ez al dugu guztiok gauza bera egiten esnatzen garen bakoitzean; gure buruari galdetu ea zoriontsuak garen, eta beste bost minutu eskaini loari, ametsei? “Emaizkidan 5 minutu / behingoz bada ere / amets egiteko”.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak