kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ispiluak / Mikel Hernandez Abaitua / Hordago, 1985

Rock & Folk Gorka Bereziartua / Argia, 2009-03-08

Ezin tentazioari eutsi: hartzen duzu Mikel Hernandez Abaitua bezalako idazle melomano baten liburu bat, eta konparaziotan hasten zara. 1985eko ipuin bilduma interesgarri hau bi partetan banatuta aurkeztu zen: lehenengoa “Munduaren ispilua” eta bigarrena “Ispiluaren mundua”. Hernandez Abaitua Bob Dylan balitz, esango genuke disko berean argitaratu zituela Highway 61 Revisited rockeroa eta The Times They Are a-Changin’ folkia. Munduaren ispiluak rocka, kontakizun errealistak biltzen ditu —batzuk baino gehiago besteak—; Ispiluaren munduan daude berriz, liburuko ipuin fantastikoak, folkiak, eta esango nuke, askori antzematen zaiela Joseba Sarrionandiaren Narrazioakeko ipuinen eragina —ez alferrik, bi urte lehenago argitaratu ziren—.

Gustu kontua da, noski, baina nik gehiago gozatu dut lehen erdiarekin. Errotulagailu fosforitoak eta post-itek ez dute gezurrik esaten: “Neguko ipuina”, “Wan Shan” eta “Oparia” dira behin liburua bukatuta markatuen dauden zatiak. Lehen ipuina ere, “Epaminondas”, oso kontuan hartzekoa da ipuinaren konstrukzio borobilarengatik.

Bigarren zatiak ez nau hainbeste konbentzitzen; eta zalantza daukat, garaiko moden kontua ote den, elezaharrei alergia ote diedan, ala erreferentziak falta ote zaizkidan Ispiluaren munduako ipuinekin disfrutatzeko. Eta uste dut azken horrek izango duela zerikusirik. Zergatik? Bada, erreferentzia horietakoren bat aurkitzean, beste sakontasun bat hartzen dutelako istoriook. Bat aipatzeko, “Edaria” izenekoa. T.S. Eliot nabarmen ageri da, “denbora presentea eta denbora pasatua, agian biak daude presente denbora futuroan” bezalako esaldietan; gainera, planteamenduak Borgesen “El inmortal”en oihartzunak ditu. Horrek, noski, asko zabaltzen ditu ipuinaren irakurketa aukerak. Baina ez ditut horietako sobera aurkitu, gordeegi daudelako, edo argirik gabe sartu naizelako bilatzera.

Edonola, puntako ipuingile baten lana da liburu hau. Estimazio gutxiegi izan duen puntako ipuingile batena? Beharbada. 24 urte zituenean argitaratua, Ispiluak Hernandez Abaituaren bigarren liburua baino ez zen izan. Atzetik beste ipuin bilduma bi publikatu zituen, eta nobela parea; saio bat —Literatura eta Rock & Rolla— eta berriki tesia, Saizarbitoriaren nobelagintzari buruz behin eta berriro errepikatu den ideia bat —nouveau romanaren eragina— desmuntatzera datorrena. Jakina da, rockero zaharrak ez dira sekula hiltzen: 50 urterekin sasoi oneko dago Abaitua; Hobe beharrezko kritika Euskaltzaindiari artikulua irakurri duenak badaki zertaz ari naizen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak