kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Hotz bero / Mixel Thikoipe / Maiatz, 2008

Pertsonon bitasunaren mirail naturala Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-03

Mixel Thikoipe idazle berria dugu. Thikoipek berak zalantzan ematen du bere burua idazle izendatzeko orduan. Idazlea amiñi ezagutu aldera hona ezaugarri zenbait: Amikuztarra da. Amenduzen (Baxenabarre) sortu zen 1948an; Domintxinen bizi da. Musikaria ere bada. Xorrotxak taldea sustatu zuen aspaldi eta Pil Pil-ean ari da egun. Hotz bero eta Gorrail Azeria liburuen egilea da. Lehenean 18 narrazio bildu ditu, bigarrenean Le Roman de Renard-en istorioak itzuli ditu.

Hotz bero liburuan aurkituko dituzun istorioak Amikuzeko hizkuntzan izkiriatu ditu Mixel Thikoipek, bere eskuaraz alegia. Horrek ematen die berezko doinua eta sinesgarritasuna istorio hauei.

Haurtzaroko istorioak bezala aurkeztuak izan badira ere, iraganekoak, badira gaur egungo istorioak ere bai. Erran nahi baita, joan doan mundu bateko istorioak eta egungo munduarekin lotzen gaituzten bizipenak direla Mixel Thikoiperenak.

Hotz bero izenburutik hasita, dualitate edo bitasun bat erakusten digu liburuak: Hotza eta beroa, iragana eta oraina, irria eta negarra, elkarren ondokoak dira. Berak erraiten duen bezala “adinekoak edo gazteak auzo dira”.

Badute ezaugarri horiek guztiek zerbait komunean: natura. Alegia, naturatik hurbil bizitako pertsona batek landutako istorioak dira. Errealitatetik —lurrari, baserriari loturiko eta biziriko esperientziak— jasotako bizipen fikzionatuak. Maitasunez beteak, eta maitasunez idatziak. Maitasunak badu bere ifrentzua, erran bezala, herra edo gorrotoa. Eta horiek ere ageri dira liburuan, istorio ankerrak eta krudelak: Mutilarena —morroiarena—, txoriburuarena… Bi aipatu aldera. Badira kontrasterako istorio irrigarriak, bistan da.

Mixelen eleen doinuei esker, joan badoan baina oraino gurekin dugun mundua irudikatu ahal izanen duzu irakurle lagun hori. Bistan da, Baxenabarreko eta Amikuzeko euskara landu beharko duzu amiñi bat.

Gorrail Azeria liburuaz besteak beste esan dezakegu. Mixel Thikoipek itzulitako istorioak ez dira oraingoak, oso iraganekoak baizik, XI. Mendean idatziak, frantsesez. 26 idazlek mende osoan idatziak: istorioen bilduma bat da, idatzi ziren istorio den-denak ez baitira liburuon. Oso iraganekoak izanagatik, badute Hotz bero liburuko istorioekin gauza franko komunean. Hasteko, Mixelen beraren euskara. Bigarren honetan, animaliak protagonistak dira nagusiki, Azeria bereziki.

Animalien izaera tranpatia ageria da istoriotan, baita animaliek pertsonekiko erabiltzen duten joko eta jukutria andana. Animalien arteko lehia ageriko duzu, naturan gauzatua: azeria, otsoa, belea, oilarra… batetik, eta laboraria bestetik, azken hau zuhurra batzuetan eta bestetan arrunt zozoa: abila eta zozoa elkarren aurka ari dira istoriotan.

Mixel Thikoiperen eleen doinuei esker, joan badoan baina oraino gurekin dugun mundua irudikatu dezakegula idatzi dut arestian —edo oixtian, Mixelen moldean emana—. Naski, joan badoan baina bera bezalako pertsonei esker gurekin iraun duen mundua. Eta iraunen duen mundua, araiz!

Pertsonon bitasunaren mirail naturala eskaini digu idazleak. Segi dezala amikuztar horrek aitzina, hala eletan nola kantuan. Bejondeizula Mixel!

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak