kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Zure arimaren truke / Fernando Morillo / Txalaparta, 2008

Biziarekin bezala Iratxe Esnaola / Gara, 2009-03-13

Mary Shelley-ren Frankenstein etorri zait gogora, zinemarako hainbeste bertsio ekarri zituen testu orijinal hura, eta ez gutxitan, orrialdeok esku artean nituela. Hain zuzen, antzekotasuna aurkitu diet lehen pertsonan narratzen duten bi protagonisten grinari, jakin-nahi eta entusiasmoari, biek ere bizitzaren misterioak zientziaren bitartez erdiesteko esperantza baitute. Jakintzaren bilatzaile geldiezina da Bernat pertsonaia, eta bere neska-lagun Iruri minbiziak hartu duela jakitean, gaixotasuna bere ikerketen bidez sendatzeko erabakia hartzen du. Ez bat eta ez bi, planteatzen du hitzak, entzuten duenari, sakon eragin diezaiokeela; argi esanda, hitzak errealitatean eragin dezakeela norbait sendatu edo gaixotzeko ahalmenez.

Frankenstein doktoreaz esan izan da bere kreazio eldarnioan jainkoarekin parekatu nahi eta zigortua izan zela bizi berria sortzeagatik; hemen, berriz, dilema morala beste bat da, neskaren bizia salbatu nahi izatean sortua. Hurkoarekiko eta haren sufrimenduarekiko erantzukizuna dei geniezaioke. Ikerketan ematen baldin baditu eguneko orduak hiltzen ari denaren ondoan eman barik, altruismoaren adierazle al da hori? Berekoikeria, bestela? Non hasten dira eta nork zehazten ditu gaixoenganako betebeharrak? Eta urrutiago joanez: heriotza ez onartzea eta bizia mantendu nahi izatea gure gizaki izateari bizkar ematea al da? Ardura hauen gainean aritzeko idatzi duela esango nuke, “Minbiziaren aurkako lubakietan zabiltzaten heroi isil guztiei” baitio liburuko eskaintzak.

Ez dira, ordea, orain artekoekin amaitu Frankenstein-ekiko balizko parekatzeak. Harako irakurketa hartan, une batzuetan, “hau ez dun sinesgarria, honek ezin din izan” pentsatzen nuen neure baitarako. Egia desiratzetik urruti, sinesgarritasuna beharrezkoa du irakurleak. Irudimena neurtu eta kontrolatu egin behar horretarako. Fernando Morilloren eleberri honetan hainbeste fantasia neurrigabe barreiatzen da, ezen hasierako kapituluetan erabat eszeptiko bainengoen. Pertsonaiek, tramari zegokion informazioa eman, eta beren karaktereetan ia huts ziruditen.

Honen arrazoia, zientzia argibide asko eskatzen dituela tramak. Nobela hasierako Einstein-en aipuaren ostean, jakintza entziklopedikoa eta zientzialarien ekarpenen laburpenak bere horretan helduko zaizkigu. Lehen inpresio hau, behin tonuari jarraitzean eta norbere imajinarioan barneratzean, ez da horrenbesterako. Batetik, egileak badakielako jakintza argi laburbiltzen. Pixkaka, ezin sinetsia alboratzen da, atseginago entzunez narratzaileari. Egileak tinko eutsi dio bere asmoari, sinetsi egin du istorioan eta horrek salbatu du, nik uste, sinesgogortasunaren amildegitik. Egon ziur, bestalde, hasten duenak amaiera arte irakurriko duela, aproposa baita edozein mailako irakurlerentzat eta muinari heltzeko gaitasuna ere berarekin baitakar.

Horretan lagundu dute gehien elkarrizketa bizi-biziek eta estropezu gabeko prosak. Duda gabe, arintasun horrek badu meritua. Alderantzira, hizkuntzan plazer musikala hartzera ohitutakoek ezer berezirik ez dute izango hemen, ezta mimoz taxututako paragrafo edo esaldirik ere. Abaila bizian hasi eta bukatzen da, konturatzerako, biziarekin gertatu ohi den bezala, hortaz dakitenek diotenez.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak