« Izuaren basoa | Hotsak isiltasunean »
Lehenengo aldia / Askoren artean / Txalaparta, 2004
Euskal literatura erotikoa Aritz Galarraga / Gara, 2005-01-22
Gutxi dira gure artean literatura erotikoari bilduma oso bat eskaintzen dioten argitaletxeak. Kasu ezagunena agian Txalaparta argitaletxeak kaleratzen duen Literotura izeneko bilduma izan daiteke. 1998an Euskal idazleen ipuin erotikoak liburuarekin hasi zuten bidea eta geroztik hamaika izenburu berri gehitu dizkiote euskal literatura erotikoaren zerrendari. Kontutan hartzen badugu literatura mota honi sarri ematen zaion bigarren mailako trataera, ez da gutxiestekoa argitaletxe honek egiten duen lana.
Oraingoan hamahiru idazle bildu dituzte liburu bakarrean. Parte hartzaileen artean izen nahikoa ezagunak dira gehien-gehienak, euskal letren panoraman bidea egindakoak batzuk (Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren) edota bidea egiten hasitakoak besteak (Sonia Gonzalez, Lander Garro). Askok gainera lehen ere literatura erotikoan muturra sartu dute, dela bilduma honetan bertan kaleratutako lanetan, dela beste nonbait azaldutakoetan.
Izenburuak argitzen digun moduan, abiapuntutzat gai berbera izan dute parte hartu duten idazleek: lehenengo aldia. Hala ere, abiapuntua berbera izan arren, idazle bakoitzak, bertsolarien antzera, garapen propioa eman dio gaiari eta, beraz, liburuan zehar aurkituko ditugun lehenengo aldiak askotarikoak izango dira. Kasu batzuetan erronkari zuzen-zuzenean heldu zaio eta esperientzia pertsonala dirudien kontaketa egin da: Joxean Agirreren ipuinean, esaterako, modu errealista eta zuzen batean kontatzen digu protagonistak bere istorioa. Juan Karlos Merinorenean ere berdin, familiaren gorabeherak tarteko, mutil batek neska batekin izandako lehenengo txortaldia azaltzen baitzaigu (lehenengo aldia ulertzeko modu bat).
Baina esan bezala ipuinak askotarikoak dira. Protagonista narratzailea ez den ipuinak ere badaude. Patxi Zubizarretaren ipuinean, istorio gozoa kanpotik kontatzen zaigu pertsonaia batzuen bidez. Carmen Gisasolak ere bere lagun preso Jaioneri gertatutakoa deskribatzen digu. Sonia Gonzalezek idatzitako narrazioan berriz, gainontzeko istorioen gainetik dabilen tonu gozoa albo batera geratzen da eta lehengo aldiak utz dezakeen zapore mikatza gailentzen zaio istorioari, desilusioa eta nazka nahasten direlarik. Beste ildo batetik, fantasiaren bidea hartzen du Diego Martiarturen ipuinak, amets erotiko batean bezala agertzen baitzaizkio protagonistari ahizpa biki bizilagunak. Hau guztia umore finaren ukituarekin. Umorea bolo-bolo darabilte modu berean, Paddy Rekalderen hiru ipuin laburrek. Aipatu gabe ezin utzi Itxaro Bordak idatzitako ipuin bitxia. Hiztegiaren konplexutasunak irakurketa zaildu badezake ere, benetan istorio ezohikoa eta berezia delako, lehenengo aldiaren interpretazio pertsonalena izateaz gain.
Ipuinak banan-banan hartuta erdibidean geratu direnaren sentsazioa geratu zait. Faltan bota dut sexua era esplizitu eta gordinean azaltzen duen ipuinen bat, haragiaren apologia egiten duen ipuinen bat. Sexu eszena luze, ausart eta kitzikagarriak bota ditut faltan. Eta beste muturrean sujerentzia eta sedukzioarekin modu sotilean jokatuko lukeen ipuinen bat edo beste. Horregatik dut erdibidean geratu direnaren sentsazioa. Hala ere, liburua bere osotasunean hartuta, atsegina eta gozatzeko modukoa iruditzen zait, eskaintzaren ugaritasunean baitago bere aberastasuna. Euskaldun hotz honek ezin esan dezake halaber, liburua irakurri bitartean gozatu ez duenik (eta ez bakarrik irudimenari eraginez, noski).
Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz
Maddi Galdos Areta
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Aiora Sampedro
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Asier Urkiza
Diesel
Bertol Arrieta
Nagore Fernandez
Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark
Jon Jimenez
Basokoa
Izaskun Gracia Quintana
Joxe Aldasoro
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Mikel Asurmendi
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez