kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Akordatzen / Joseba Sarrionandia / Txalaparta, 2004

Hotsak isiltasunean Josu Lartategi / Deia, 2005-01-25

Memoriaren, akorduaren inguruko hausnarketak nahikoa ohikoak dira literaturan, zentzu hertsian dena baita memoria, pentsatzen dugun hori instantera bihurtzen baita iragan, T.S. Elioten berbekin esateko denbora pasatua presentean konteniturik baitago. Akorduaz aritzea gure bizitzaz aritzea da, Gabriel Garcia Marquezek hain ondo esan duen moduan bizitza ez delako jazo den hori, ezpada norberak zer eta nola gogoratzen duen. Joseba Sarrionandiaren literaturgintzan adar sendoa dugu iraganari begira paratzea, ez dakit nostalgia edo memoria ariketa gisa (Felipe Juaristiren berbez akordatu naiz, diotenak memoria itsaso bat dela, nostalgia eragilea, itsasora begiratzea iraganera begiratzea delako), zerbait ez galtzeko ariketa gisa, beharrezko duen gordailu baten gisa… Haren lehenbiziko literatur lanek ere metaliteratura memoristikoa ez ote ziren pentsatzen hasia nago.

Oraingo honetan, errebueltarik gabe, zuzen-zuzen goaz akordatzearen inguruko saio batera. Kontakizunak, hasierako inpresioaz bestera, badu linealtasun bat (ideia bera ñabardura berriez jostea, apunterik apunte), badu kronologia bat (ume denboratik nerabezarora eta gaztarotik helduarora eta gero orainera, gu denok oroimena baino ez garela ziurtatzen duen oraina), baditu bide paraleloak edo, hobeto esanda, berezko bizitza duten bideak (bizipen erabat pertsonalak diruditenak, aipu misteriotsu edo kriptikoak, metaliterarioak, hitzez hitzekoak, jolasak, hausnarketa minimalak, bigarren esanahietarako joeradunak…), badu, finean, begibistako osotasuna, “Akordatzen” hau apunte zerrenda soila baino askoz gehiago delako. Bizitza zati baten apunteak dira, memoriaren galbahetik iragaziak. Eta galbahe hori ukiezina denez, abstraktua nahi badugu, bada, Roland Barthesek zioen bezala zerbait esaten denean zerbait hori aldi baterako behintzat egia izaten da (63. or.). Hemen ez du, agidanean, egia izateak ala ez izateak garrantzi berezirik. Dena baita egia, agertu egiten denez, presentzia duenez, akorduaren ohantzean egia baita dena.

Akorduak ahanzturaren arerioa dirudi, eta hala izango da, baina badute amankomuneko zerbait, hots, ez bata ez bestea ez direla zehatzak (69. or.). Eta zehaztasun eza dugu liburuaren beste ezaugarri bat, azpimarragarria eta aldi berean, bitxiki, egiazko garrantzirik gabea. Akordua ez baita egia edo gezurra, imajinazioa baino, akorduen akorduak (73. or.), gu geu gara oroimena (76. or.).

Diseinu miragarria eta pittin bat obsesiboa duen liburu honetan Josebaren jarraitzaileek irakurle etorri berriek baino zer gozatu dexente handiagoa topatuko dute, nik uste.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak